begona del teso
EPPUR SI MOUVE

Yiddisha entzun nuenekoa Irungo saltoki-gunean

2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Arraro, balantzaka, zabuka, lepoa moztu diozula azken arnasaren kulunkan ikusten duzun oiloa bezala, dabiltza egunotan zinema aretoetan zinema programatzen dutenak. Eskuetan karta aldrebesak dituztela, ez dakite zeluloidezko musean nola ibili eta asmatu ezinik nabaritzen dituzu. Nonahi. Noiznahi. Itzulipurdika, bai, baina ez biribilketa alaian.

Ez da bakarrik etxekoen kontua. Ez horixe. Mundu osoko aretoen jabeak berdintsu dabiltza. Madrilen, historiaz eta istorioez betea zen Paz zinema itxi dute. Adineko ikusleak izan ohi ziren bertara arrimatzen zirenak, haientzako programazio berezia zuen eta. Eta adineko ikusle horiek beldur dira egun, birusa dela eta. Beldur, une oro konfinamendu atarian den hiri horretan.

Ameriketako Estatu Batuetan, CineWorld izeneko areto kate handiak itxi egin ditu bere saloiak, hartutako azken zaplaztekotik suspertu ezinean. Zein izan da azken ostiko hori? James Bonden azkenaren estreinaldiaren atzerapena. Konfiantza osoa zutenhori bezalako estreinaldi komertzial dirdiratsu batek berpiztuko zutela ikuslearen desira. Baina...

Konspirazio teoriak hasi dira zabaltzen. Askoren ustetan, Hollywoodeko ekoiztetxe erraldoiek, zinema ekoizleak baino askoz gehiago diren horiek (enpresa teknologikoak, enpresa digitalak, merkatuak panpinez eta edari hiperkarbonatuez betetzen dituztenak, Txinako inbestitzaile ilun samarren gordelekuak...), aretoetara jendetza erakarriko luketen estreinaldiak ari dira atzeratzen, hain justu, saloi horien itxiera eragin asmotan.

Pandemia bukatu edo baretu orduko, prezio onean erosiko dituzte aretoak, eta orain arte, legeak hala aginduta, egin ezin zutena lortuko dute: ekoizleak izateaz gain, banatzaileak izateaz aparte, aretoen jabe bihurtuko dira, eta beraiek nahi dutena soilik ikusiko du munduak.

Ez pentsa, ordea, aretoen akaberaren testigu izango garenik gu. Ez horixe. Galietan gertatu moduan, Asterix eta Obelixen herrixkan bezala, badira jo ta fuego, jo ta ke, serio demonio, ekinean ekin, segan, martxan eta libre jarraitzen dutenak. Duela gutxi, Londresko Leicester plazan dagoen Prince Charles zinemak musukoa jarri dio ikur duen Terminatorren irudiari, eta ateak zabaldu. Adoretsu, beldurrikpe.

Gurean, berriz, zinema jabe askok Almodovarrengan, Tilda Swintonengan eta Cocteaurengan jarri dute fede osoa datorren asterako, La Voz Humana-k saloiak mukuru, lepo, beteko dituelakoan.

Hala ere, goian idatzitakoari heldu behar eta nahi diot. Ekinean diharduten eusko galiar horiek zeluloidezko haizeak nondik jotzen duen ez dakitela nabaria da. Onerako eta txarrerako. Erreskatatzen dituzte pandemiagatik ez balitz auskalo zein plataformatako azpimunduan galduko ziren filmak eta, bazter bateko pantailatxoan utzi zale, makina baten aitortza mereziko lukeen beste hainbat. Ez pentsa, alta, kexu nagoela. Derrepentean, aurreko asteburuan, Irungo merkataritza-gune bateko txoko batean topo egin nuen, dardaraz, ustekabez, planetan askoren adorazioa jaso duen The Vigil filmarekin. Merezimendu franko du, eta zine forum bateko emanaldi sutsua edota jatorrizko bertsioen aldeko apustua egin duen saloia izango litzateke bere leku propio, naturala. Bainasaltoki-gune horretako programatzaileek, benetan beldur-beldurrezkoa dela sinetsirik, krispetak-etasaltzen diren barraren ondoko gelan sartu dute. Bale. Derrepentean, Irunen zaudela, merkataritza-gune bateko ohiko bezeroez inguratuta, herioarekin eta juduen demonio eta indar ilunekin dantza egiten duen film tristatu baten aurrean aurkitzen zara. Are gehiago, nahiz eta bikoiztua izan, hainbat momentutan Erdialdeko Europako juduen hizkera, alemanez tindaturiko yiddish hori entzuten duzu aho eta belarri zabalik.

Film samina, Buchenwald kontzentrazio esparruan izandako agure baten hil beila egin behar duen gazte baten amesgaiztoak kontatzen dituena. Muturreko ortodoxoen komunitatetik egin du alde, ospa, ihes, baina hor dirau trauma orok, bere aurrekoengandik heredatu dituenak, eta New York moderno horretako izkina zaharrenetan jasotako horiek.

Bai, yiddisha entzun nuen Irunen, zinemak, aldrebesturik bada ere, bizirik dirau eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.