Tonban ehortzirik (V). Pankrazia Ollo

«Ergelkeriarik gabe, urguilu zuzen batekin esanda: Zumalakarregiren alarguntsa naiz»

Tomas Zumalakarregi eskribau izatekoa zen, baina espainiar armadara bihurtu zuen 1812an Napoleonek penintsulara egin zuen inbasioak. Gerlari abila, kapitain gradua zuen gerra amaitzean. Halarik ere, kargugabetua zen 1820ko Iraultzaren kariaz, Iruñean ezkondu zen urtean doi. 1822an, Karlos erregearen matxinatuekin bat egin zuen, Pankrazia emaztea eta hiru alabak etxean utzirik.

Pankrazia Olloren tonba, Gasteizko Santa Isabel hilerrian. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Santa Isabel hilerria, Gasteiz
2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Harri zuri finezko
tonba handi ederrean
zizelatua gotorki
hau zuen utzi

Pankrazia Ollo de la Mata nauzu, Tomas Zumalakarregi jeneralaren alarguntsa. Izen hori emateko kostunbrea dute, eta urguilu handian daramat. 1798an Iruñean sortu nintzen, baina nik nahi baino bazter gehiago ibili beharra izan nuen, altxapeka, senarraren izena zela kausa, eta, azkenaz beste, Gasteizen jarri nintzaizun bizitzen ene bi alabarekin batera. Ziutate honetan hil nintzen 1865ean, eta Josefateko zelaian egin behar izaten dugun egonaldi ez sobera luze hura egin eta gero, Santa Isabel hilerrian ehortzi ninduten. Oraingo egunean, tonba janzten didan hilarria purki higatu eta gastatua da...

Atseden hartu nuen hiltzean, eta ez naiz haserre, nirea ez baitzen bizi trankila izan. Behin eta berriz eta askotan galdegin diot ene buruari nolakoa izango ote zen nire mundualdia ez banintz Tomas Zumalakarregirekin esposatu. Baina, gaurgero, inork ez daki hori, eta ez du balio kuestio horri kontesta bila bi pauso ibiltzea ere. Inora ez daraman bide itsua duzu.

Navarreria karrika, 13

Nondik-bait has nadin hitzok zizelkatzen, esan dezadan Navarreria karrikako 13. lumeroan bizi gintuzula, eta hantxe ikusi nuela lehenbizi Tomas. 1804. urtea zen, urtebete zen neba Joakin sortua zela, eta ni, berriz, joan eta jakin nenbilen etxean, hara eta hona, sei urte gutiko neskatikoa. Aita elizaren kuriaren idazkari zen, eta hantxe etorri zen Tomas, 16 urteko mutikote gazte zimela.

Ezinago ederra, Tomas, ikus orduko hunkitu ninduen.

Ormaiztegin sortua zen, eta eskribau izateko ikasten aritua zen Idiazabalen, bere aitarekin. Haren lanbidea hartu nahi zuela-eta etorri zitzaigun etxera, gure aita, Frantzisko Jose de Ollo, Iruñeko Eliz-auzitegiko prokuradore baitzen. Etxera sartu zen orduko sartu zen ene bizian ere. Eta ikusi nuen gizontzen, zailtzen, argitzen... Begirada zuen sarkorra. Sinesteak, burdinazkoak.

Gure artetik aienatu zelarik, jabetu nintzen maitemindua nintzela... usuenik gertatu denez.

1808ko espainiar Independentzia gerrak Zaragozara eraman zuen. Bistan da, armadara. Badakit Gipuzkoan ere ibili zela, Irungo San Martzialen, besteak beste, eta bere burua soldadu kartsu, ausart, suhar nabarmendu zuela, eta kapitain egin zutela 1813an.

Denbora hartan uste nizun gerra bukatu eta eskribau lanetara itzuliko zela, edo, aukeran, militar erretretan sartuaren bizi erosoa egingo zuela. Ezta hurrik eman ere.

Gerlatik itzuli eta ikusi nuelarik, sudur mehar luxe, kokots lirain, bekokia neurrian bipil, puntuan jakin nuen eskribau joana, soldadu itzulia zela. Orduko, alabaina, gure biziak bata bestearenari uztartuak ziren, eta, nik orduan ez banekien ere, hil arteraino estuki lotuak.

Bera gizondua zeharo, eta ni emakumetzen, noizbait ere bestelako begiekin ikusi ninduen Tomasek. Kontent nintzen, nahiz ahal bidez esposatu gintuzten orain duela ehun urte, 1820ko irailaren 17an, ene senar izango zena artean ez baitzen Iruñera heldua. Bi egun geroago etorri zen, eta Done Mikel basilikara joan gintuzun eskutik lotuta, gure esposatzea benedika zezaten. Orduko, koronel zen Tomas, eta ikusgarria iduri zuen uniforme dotoreziaz bete hartan. Gizon ederra, ene senarra.

Aski laster, lehenbiziko alaba izan genuen, Maria Kontxesi, berehala hil zena. Baina jaunak beste hiru alaba emanez bedenikatu gintuen, zeinak izan baitziren Ignazia, Josefa eta Bizenta Mikaela. Artean Navarreria karrikako 13.ean ginen Mikaela sortu zelarik. Haatik, laugarrena ere, neska. Tomasek neskak eragiten zizkidan behin eta berriz. Azken hura ere neska sortuagatik ere, Tomasek bozkario handian hartu zuen besoetan. Hainbat hobe neska sortua. Ez zuen armarik hartu beharrik izango, denbora hartan emakumeok ez baikenuen gerra handietarako balio.

Txolarre eta enarek alaiki kantatu zuten Mikaela sortu zen udaberri eder hura. Besterik izan zen udazkenean, Tomas gure habia gozotik irten zen karlistekin bat egiteko asmoz.

Etxean gelditu nintzen, hiru alaba, bi inude eta ene neba Joakinekin. Kezkatan, baina onik ginen. Ustez, bederen.

1834ko urtarrilean hasi zen gure sufrikarioa, jaso genituen azote kolpeak eta jarri ziguten elorrizko koroa buruan.

Kalostra komentuan hetsiak

Preso altxatu gintuzten Iruñeko gobernadorearen manamenduz, Tomasek karlisten aldeko kausa abandona zezan. Nire gizonak ezetz, ordea, eta baietz esan izan balu ere, nik ez niokeen bere sinesteetan atzera egiten utziko. Agustindar-errekoletoen kalostra komentuan sarrarazi gintuzten bi alaba zaharrenak eta hirurok, eta Bruna Larrunbe, zeina baitzen Tomasen kapitain Pablo Sanzen emaztea. Mikaela ttikia, Atarrabiara eraman zuen inudeak, baina apirilean, haren etxera joan eta besoetatik erauzi zioten Tomasen etsai kontrarioek. Inklusara eraman zuten Mikaela koitadua, nahiz haur abandonatua ez zen!

Gu agustindarretan preso komentuan, Mikaela ttikia inklusan... Infernua zen munduan.

Bestalde, gure ondasun guztiez gabetu gintuzten, zirenak eta ez zirenak bahitu zizkiguten eta enkantera atera. Neba Joakinek salbatu ahal izan zuen pixarra, huraxe besterik ez.

Kalostran bahiturik ginduzkaten. Mojek errespetu hotzez hartzen ninduten, eta nik ere ez nien haiei askorik nahi. Bestek hetsi gintuen komentuan, baina, barnean, gure kartzelazain ziren mojak. Agintariek eman zieten manua betetzen zuten, zorrotz bete ere, eta hain da hau horrela gure kartzelerotzat bainituen nik. Ihes egiten ez ziguten utzi.

Pentsatzera jarri eta ez dakit nolaz asmatu nuen ene buruari eusten. Erotzeko zorian nintzen. Alabei begiratu eta ez ziren baizik eta bi neska ttiki argal, begi-itzali, aurpegi zurbileko. Arduraz egin ohi nituen errezoak, erreguak, irakurraldiak eta beste arimako lan guztiak. Uste dut haiek lagundu nindutela. Errezoetan beti presente nuen ene haur besoetarik erauzi zidaten hura, inklusara sartu zidatena eta, gisa berean, errezoei esker ez nuen haren zoriaz pentsamendu beltzik ibili. Hondamendia zen gurea eta, bestalde, non ote zen Tomas?

Hala nire familiak nola Tomasenak gogorki jo zuten protesta gure egoera onbidera ekartzeko, eta gogorki saiatu ziren batzuekin eta besteekin mintzatzen, zigor merezi ez genuen hartatik gu ateratzeko. Zierto da ahaleginak eta bi egin zituztela: Tomasen anaia Migelek, liberalen aldeko izanagatik ere, zenbait ate jo zituen; nire lehengusu Angel Sagaseta, berriz, ez baitzen gure alde eta beste preso askoren alde isiltzen, pertsegitua izan zen. Zeruak nahi izan zuen jaunaren egun batean gu komentutik ateratzea, liberatzea, baina erbestera bidea hartzera bortxatuak. Liberatu gintuzten, baina niretzat ez zen liberaziorik, nire Mikaela bihotzekoa gurekin eramaten ez baitzidaten utzi. Harri-arrokazko zuen bihotza haurra hartzea galarazi zidanak.

Bederatzi hilabete eduki zuten bahiturik Mikaela, inudearekin batean. Azkenaz beste, Espoz Ilundainek libre uzteko manua eman zuen, Tomasek karta guztiz sentitu bat egin eta gero... eta,inondik ere, Tomasek, lehenago, nobletasun handiz, Espozen ama libre utzia zuelako. Ene koinatu Eusebiok, zeina baitzen garaitsu hartan Ormaiztegiko presbitero, jaso zuen Mikaela inklusako ama superiorearen eskuetatik eta eraman zuen Idiazabalera, bere arreba gehien Maria Ignaziaren etxera.

Erbestea

Baina horiek guztiak Bordele aldera bidean, Baionan nintzelarik jakin nituen, nire gizonaren karta jasotzean. Ez da gezurra esaten badut ez nuela letra haiek leitzen asmatzen, begiak negarretan, bozkarioz, tristuraz, edo biak nahasian.

Karta hartan Tomasek esan zidan izana zela bere arrebaren etxean Mikaela ttikia ikusten, eder eta sano ageri zela, eta inudea, berriz, inoizko gizenena. Zioen Mikaela negar makakorroka hasi zitzaiola halako gizonkoteak muxu eman ziolarik. Tomas, bibote-handi, belarri-bizarra, txapela gorri, zamarra... Baina nola aita hala alaba, ondo ziren biak ere.

Ni Libournen izanagatik ere, haraino heltzen zitzaizkidan nire gizonaren balentrien hotsak. Jakin nuen txoil errespetatua zela, soldaduek maite zutela, eta etsaiek, berriz, beldur handia ziotela.

Nik, bestalde, ahal nuena egiten nuen. Kartak eskribitzen nituen, dirua jasotzen, gure kausaren aldekoekin biltzen, eta, beti, frantses gobernamenduak gure ondrari egiten zizkion irain eta injuri garratzak jaso behar nituen. Protesta jo nuen gogor, ni bakean uzteko esanez, baita nire gizonak ere, baina alferretan. Usteko zuten burua makurraraziko zidatela, laidoek mila zatitan hautsiko nindutela, etsiko nuela, baina oker zeuden. Ez zuten nire ezpalik ezagutzen… Egun batean, Elizondon, batzar batean, Karlos gure erregearen agente bat ezagutu nuen. Izena zuen William Bollaert, eta «jeneral andrea» esaten zidan. Behin, honela eskribitu zuen nitaz: «Emakume sendoa zen eta artean erakargarria... Urguilu handirik bazuen, egiaz; Zumalakarregiren esposa zen». Bai, halakoxea nintzen: emakume gogorra eta borrokalari azkarra.

Gogorra eta borrokalaria izan nintzen, Tomas hil zutela jakin nuen arte.

Haren heriotzak haragia ebaki zidan, eta zauritik arimak ihes egin zidan.

Heriotza baldresagorik! Bala hark ez zuen Tomas hil behar.

Gaitz erdi, ondoan nuen nire neba Joakin. Berak lagundu ninduen trantze larrian. Hiru alabak hartu eta berarekin batera igaro nuen frontera.

Gasteizen jarri ginen bizitzen. Arkupeetan lehenengo, eta Independentzia karrikan gero. Joakin katedral ireki berriko kanonigo magistrala izan zen.

Niri, egunetik egunera, hogeita hamar urte joan zitzaizkidan biziarekin batera.

1865eko martxoaren 8an Santa Isabel hilerrira ekarri ninduten arte. Done Roke karrikako 102 lumeroan natza. «Zumalakarregi jeneralaren alarguntsa», dio, nahiz tonba-harria higatua eta hagitz gastatua dagoen.

Ergelkeriarik eta izarrez goragoko urguilurik gabe, baina urguilu zuzen batekin esanda: Pankrazia Ollo de la Mata naiz, Zumalakarregi jeneralaren alarguntsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.