Tonban ehortzirik (IV). Jon Mirande Aiphasorho

«Zoritxar handitzat daukat euskaldun jaio bainintzen»

Gure literatura modernoaren lehen argia. Jon Mirande Aiphasorho (Paris, 1925 - 1972) XX. mendeko idazlerik finenetarik bat, garaiko gizarte giro hertsiak, apezkeriak bezainbat, ilundu zuen azantz eta harrabots artean haren lumaren ederra. Parisen datza, baina Sohütan mintzatu gara bere itzalarekin.

Idazlearen ama Aiphasorhotarren etxaldea, Sohütan. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Xaho etxaldea, Sohüta
2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Harri zuri finezko
tonba handi ederrean
zizelatua gotorki
hau zuen utzi

Sohütan izan gaituzu, Oki kantuan, Xaho etxaldean. Han izan ohi zinen urte oroz, lanarte edo bakantzetan. Larrazken gau batez poemak han ditu erroak. Magdalenae dilectissimae meae (Nire Madalena maiteari)…

Lehenik, erran behar dizut arragret ukan dudala ez baitzara orain artino jin nire tonbaren ikusterat Pariserat. Baina Sorhuetan izan zaitut, bederen. Ezagutu dituzu, agian, nire kusiak... Kusia nuen Madalena ere, 15 urtekoa baitzen orduan. Harekin ukan nituen sentimenduzko harremanak oinarri harturik ondu nuen poema. Erran behar da nik munduaren kontzepzio bat oso pesimista daukadala, eta poema horretan erakutsi nahi nuen ez duela balio, nire ikusgunerik, gauzei eta gizon nahiz emazteei atxikimendu ukan diezaiegun, egiazko izaterik ez dutelakotz. Haatik, neskatxak eta biok ukan genuen sentimenduzko eta haragizko elkarrekilakoa pesimismo orokor horren ezabatzera zihoan, baina sortzera zihoan maitarzun berri hura nihaurek hilduratu nuen, adimenari edo zentzu onari jarraikiz, gu bien arteko ahaidegoa, adinaren berdin eza eta bertze zio batzuengatik ezinezko zelakotz; hobe, beraz, amets egon zedin, bai eta ametsa ere ahantz nezan. Bertzela, ametsa egia bihurraraztera saia banendi, zikinkeria eta haragikeria huts gerta zitekeen. Nire jakintzak are zeharoago ezezten zuen amets egina, erakusten zidalarik mundu honetan ezinezko den maitarzuna arimaren edo psikearen munduan ere ez zela loratuko.

The mad pride of intellectuality, (Intelektualitatearen harrotasun eroa) du bigarren izenburu poema horrek…

Edgar Allan Poeren poema batetik hartua da hori, ezen arimaren edo psikearen mundurik bada ere, mundu honetako gertariek ez dutela harekin ikustekorik diost zentzuak. Baina zentzuari jarraiki banatzaie ere, are etsiturikago gelditzen naiz, amets egina ahantziz bihoztoi eta zentzudun izatearen bortxaz ere.

Haur besoetakoa-k baduke Madalenarekilako harremanetik…

Nire Haur besoetakoa maitasun istorio bat duzu, 30 urteko gizon baten eta 11 urteko nexka baten elkar maitatzea kontatzen duena, hots, euskarazko Lolita bat, nahiz ez nuen orduan zoritxarrez Vladimir Nabokoven lanegina irakurri ahal izan. Luis Mitxelenari bi hitz idatzi nion Haur besoetakoa-z, eta erantzun zidan Egan aldizkarian publikatzeko ahaleginak eginen zituela. Baina beldur nintzen ezin zitekeela Egan-en argitara, zati zenbait aski erotiko baitziren, nahiz funtsez oso garbi eta sentimentala den. Txomin Peilleni kopia bat igorri nion, haren aburua jakin nahi bainuen. Inpresio zerbait egin zion nire ipuinak, eta oharrak hartzeko arretaz irakurri zuen, bere buruari nekea emanez. Segur preziatu eta kontuan hartu nizkion ohar haiek eta bere aburua. Mitxelenari ipuina igorri nion, eta, gero, Andima Ibiñagabeitiari, Caracaserat. Baina ez nintzen ausartu, adibidez, Andoni Urrestarazuri erakustera, nahiz Parisen zen, aski nire ondoan.

Dakikezunez, ordurik hona askok baino gehiagok urratu dituzte beren ator eta arropak Haur besoetakoa dela eta ez dela.

Baina ez baita batere pornografiazko narrazio bat! Konformistek eta ergelek erranen lukete anormal den maitakeria bat kontatu nuela, nahiz heterosexualitatearen arloan egoteko aski konformista egon naizen ipuin horretan! Erotismo hutsak leku gutxi eduki arren nire ipuinean, psikologiazkoa baita ororen gainetik, ez nuen uste euskaldunek abegi onik eginen ziotenik, gaiaren berritasuna zela kausa. Egia erran, frantsesezko eta gaztelaniazko literaturan ere ez dut uste horrelako gairik erabili izan zenik.

Ahaleginak oro egin zenituen argitara zezaten. Azkenaz beste, 1970ean Gabriel Arestik publikatzea erdietsi zuelarik, ez zenuen nahi, Norbert Tauerri idatzi zenionez.

Bazuen aspaldi handia idatzia nuela, hamar urte!, eta Gabriel Arestiri eman nionk baina, azkenekotz, ez nuen nahi argitara zezan. Bego horretan, argitara zenez gero. Idatzi nuelarik, bai, nahi nuen nire lumaren haurtxo hark argia ikus zezan, nola ere baita, pena handia hartu bainuen idazteko. Nietzschek nonbait dio idazki guztietatik norberak bere odolaz idatzi duena baizik ez zuela maite. Nik ez banuen nire ipuina odolez idatzi, nire negarrez egin nuen, bederen, eta euskaldunek ez bazioten kasurik egin, edo azaleko lizunkeriagatik gaitzetsi baninduten, horrek esan nahi zuen bide makurra hautatu nuela nire herritarrei mintzatzen hasi nintzaienean, eta hobe nuela erdara batean idatzi.

1959ko otsailean idatzia zenuen Haur besoetakoa. Haatik, oraingo agorrilean duela 50 urte arte ez zuen argia ikusi.

Euskal Herriko airea itogarria zen giza saldotik bazter egon nahi den gizon gogo-askearentzat, izan dadin frankisten menpeko zen Euskal Herria, edo gaullisten menpekoa, bai eta, ondikotz, euskaldunen Euskal Herria askea ere, sekula halakorik gertatzen bada. Orduan ere ez dugu, noski, espiritu askeok gure herrian gure nortasunari dagokion bezala bizitzeko zuzenik izanen, teokrazia izugarri bat izanen baita Euskadi. Gure aberkide ditugun apaiztxoek lehenagoko sutegiak berriz ere piztu ahal balitzakete, segur naiz ez lidaketela barkatuko.

Koldo Mitxelenari igorri zenion zure lana, erran duzunez...

Eta goraipuak egin zizkidan nire laneginagatik, baina ezin publikaraz zezakeela ere borobilki erran zidan, bertzela «akabo aldizkaria». Andimari igorri niolarik Caracaserat, hark erran zidan eginahalak eginen zituela Haur besoetakoa-k argia ikus zezan Venezuelan. Azkenekotz, Gabriel Arestiri igorri nion lan hura, nire poemekin batera argitara zezan.

1970ean, euskara estandarrera ekarri zuen Arestik zure lanegina: Haur besoetakoa. Haatik, Aur besoetakoa zen zure eskuzkoa…

Zuberotarra nauzu eta nire hizkelgian lantxo zerbait idatzi nituen, nahiz gipuzkeraz idatzi nuen Aur besoetakoa, euskararen batasunari buruz ari nahian. Gero, lapurtera klasikoz idazten hasi nintzen, ez bertze idazleak arbuiatzen nituelakotz edo Krutwig —Kru-kru gure artean—, eta krutwigstak maiteago nituelakotz, baina hauek arau trinkoak eman zituztelakotz baizik. Arbitrario direla askotan arau horiek badakit, baina hizkuntzak oro arbitrarismoan ezarriak daude. Nire ustez, lan hura egin zutenez gero, hartaz balia gintezkeen guziok. Bertzela, handik ehun urtetara ere, oraindik eztabaidan geundeke, zein euskalki hauta, zein ez hauta, anartean euskalkiak oro hiltzen ez baziren, bederen. Oroz lehen, euskararen batasuna behar genuen, eta egiazko kultur lanak idatzi eta, hortakotz, baserritarrismo madarikatua gure idazkuntzatik betikotz kendu. Igaran mendeko 50eko hamarkada hartan, hizkuntza literario batu baten hautesteko ordu baino orduago genuen. Berpiztu izan diren hizkuntza guztietan hori egin dute, baina euskaldunok gauzak bertzeen alde erantziz egin ditzakegula uste genuen. Uste nuen gure hizkera nola ere baita bat egin behar genuela, denborarik galdu gabe. Batasunera heltzen ez ginen artean, pentsatzen nuen ondore guti ekarriko zutela gure ahaleginek, Euskaltzaindiak erabaki sendoak hartu behar zituzkeela, azkenekotz.

Hogei urtean batari eta bertzeari idatzi zenituen gutunetan euskaldunak zafratzeari ez zenion utzi...

Egun batez jin zen Pariserat Bilbotik abertzale gazte bat, ihesi, frankisten aurka zerbait antolatu zuelako. Dirurik ez zuen eta izan zen eusko [Jaurlaritza] ordezkaritzan. Inork ez zion lagundu. Idatzi zion Parisen bizi zen abertzale handi, ospetsu bati, haren adiskide zelakoan. Ez zion erantzun. Gero, nire etxera jin zen. Hirur egun jan gabe zeramatzan, dirurik eta lagunik gabe Paris hiri handi hartan. Nire etxean eta bretoi abertzale batenean ere, eman genion jatera. Eta espainol batek!, Espainiara itzultzeko dirua eman zion. Bultzira lagundu bainion, alde egitean erran zidan bere burua espainiar gobernuari emanen ziola eta, barkatzen bazioten, falangista eginen zela. Zuzenean zegoela uste izan nuen. Zuhaurek ikusi abertzale omen diren euskaldunak era horretako badira, abertzale ez direnak nolako diren. Hain bihozgabe eta koldar den herri batek ez du bizitzea merezi. Zoritxar handitzat daukat euskaldun jaio bainintzen.

Baina Euskal Herria maite duzu.

Maite dut nire herria, bai, ingeles edo frantses batek berea maite duen bezala. Euskal Herriko dantza eta kanta herrikoiak laket zaizkit, naski, eta eusko edestia ikasi dut. Baina. Geroari beha bizi beharko genukeela deritzait. Nire ametsa da egun batez Euskadi izan dadin munduko herrialde argituenetarik bat, Europa iparraldeko herrialde ttipi zenbait diren ber, nola baitira Holanda, Danimarka edota Finlandia. Gehiegi aldiz, arrotzek engainatuak izan gara igaran denboran, Eliza edo demokraziaren aitzakian. 1789ko errepublikarrak demokrata ote ziren gure lege zaharra kendu zigutenean? Demokratak ordutik honat ikusi ditugun frantses gobernamenduak, nahiz beren buruak hola deitzen dituzten? Eta, bertzalde, oroit naiz Nafarroarekin nola jokatu ziren Gaztelako errege-erregina katolikoak, eta bihotza samintzen zait. Ororen gainetik, maite dut askatasuna. Sekula emaitza eder hori jin balekio gure herriari, oi nire poza! Baina gogoa ilun eta apal daukat, ikusirik gure herritarren zabarkeria eta nagikeria.

Bretoien artean gogaide haboro zenuen euskaldunen artean baino…

Parisen bretoi abertzale gazteekin ibili nintzen. Breizh Atao (Bretaina beti) edota Bretoin Abertzaleen Alderdikoak zenituen, eta nahi nuke ikus bazeneza gazte haien karra! Askok ez zekiten haurretik beren herriaren hizkuntza, baina ikasi zuten eta beren artean bretoieraz ari ziren beti. Guk, aldiz, ez dituguia maizegi ahanzten Arana Goiriren hitzak? «Euskadi da euzkotarren aberria», «Euskara da euzkotarren hizkuntza». Damu zait egiazko euskaltzaleak eta abertzaleak hain urri izatea. Pariseko euskaldunak, nahiz autoktonoak nahiz Euskal Herritik jinak, zabar baino zabarrago ziren euskararen edozein sailetan. Politikero baizik ez ziren, tripakoi hutsak. Hura baskeria! Alderdiko pertsonetan fidatu behar balitz euskararen alde zerbait egiteko, ez litzateke euskarazko idazkuntza handirik izanen. Abertzale askok ez diote euskarari benetako maitasunik. Erdaraz bizi dira eta euskara ez dute lingua del cuore, lingua del pane bainoago, italiarren erranetik. Itxaropena galtzen hasia nengoen gure Herriak burua jasoko zuenentz egun batez. Horratik, ez dugu itxaropena galdu behar, asko aurreratu gara azken urte hauetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.