Pikillo errearen lurrina

Irailean hasi da pikillo piperraren garaia. Hori dela eta, hainbat tokitan postuak jarri dituzte produktu hori saltzeko. Ekoizleen arabera, aurtengoa ez da urte txarra izan, egun bero asko egin baititu jarraian.
<b>Pikilloak erre artean. </b>Garesko postuetan saltzen diren piper gehienak bertan erretzen dituzte. Postuetan dituzte makinak.
Pikilloak erre artean. Garesko postuetan saltzen diren piper gehienak bertan erretzen dituzte. Postuetan dituzte makinak. IÑIGO URIZ / @FOKU

Iker Tubia -

2018ko irailak 26
Harrizko kaleetan atentzioa ematen du leiho eta balkoietatik zintzilik diren piperren gorriak. Hori nabarmena da garai honetan Garesen (Nafarroa). Alde Zaharreko karriketan itzulitxoa ematearekin aski da konturatzeko. Hainbatek etxean erretzen ditu, eta piperren lurrinak hartzen ditu herriko karrikak. Baina Baratzeen kalearen bueltan are nabarmenagoa da usaina. Mena fundazioaren zelaian dira piperrak saltzeko postuak irail hasieratik. Aurten zazpi ireki dituzte, baina bederatzi ere baziren lehen.

Aste tartean jende gutxiago ibiltzen denez, aulkian eserita dago Tomas Moliner, babarrunak aletzen. Beteranoa da Garesko postuetan. Hasieratik aritu da piperrak saltzen. Gogoan du garai hartan piperrak gordinik saltzen zirela, eta gurdietan eramaten zituztela. «Zaku bat edo bi erosten zuen jendeak». Halako batean, piperrak erretzeko makina jartzea bururatu zitzaion. «Erotu zara?», erantzun zion anaiak. Ordurako ezin zen sua nonahi egin, eta, beraz, azkenean arrakasta izan zuen ideiak. Gaur egun, postuetan erretzen dituzte piper gehienak: %99 hala saltzen dituela azaldu du Molinerrek. «Gordina ez da batere saltzen. Horretarako beste merkatu batzuetara jotzen du jendeak, hemen garestiagoa delako».

Erretzen ez ezik, piperrak zuritzen eta hutsean ontziratzen hasi ziren gero. Bezeroei lana kentzen, alegia. «Erosotasunarengatik, jendeak piper erreak eskatzen ditu. Horrela, nahiz eta pixka bat garestiagoa izan, lan zama handia kentzen dute». Asko dira iraileko eta urriko egun hauetan Garesera joaten direnak, eta etxean egin beharreko lana han aurreratzen dutenak. Miguel Garcia gasteiztarrak, adibidez, bigarren urtea du Garesen: «Piper hauek oso goxoak daude, eta horregatik erabaki dugu itzultzea».

Hitz egin bitartean erositako piperrei kirtena eta barneko haziak kentzen aritu da, lasai, inolako presarik gabe: «Gustura egiten da lana, eta gero etxea ez duzu hainbeste zikintzen». Erosoagoa bada, bai, baina, piper saltzaileen arabera, hobe da piperra osorik erretzea; kirtena kenduta, barnekoa ere erre egiten baita. Baina horrela egiten dute bezero askok. Zelaira joatearekin aski da horretaz konturatzeko. Batzuk kuadrillan joaten dira; beste batzuk, bikoteka, eta, horrela, piperrak garbitzeko lana aise egiten da. «Egia esan, piperrak garbitu ondoren, haziak nonahi ageri dira etxean», onartu du Moliner saltzaileak.

Dena den, lan hori egin nahi ez duenak erreak eta garbiak ere eros ditzake postuetan. Noski, zenbat eta lan gutxiago egin etxean, orduan eta garestiago. «Norbaitek egin behar baitu lana», azaldu du Molinerrek. Batik bat, aurretik eskatuta saltzen dute Garesen. «Bezeroak nahiko fidelak izaten dira, urterokoak. Saltzen dugunaren %70 aurrez eskatuta egiten dugu», azaldu du saltzaile beteranoak. Handik eta hemendik joaten dira, baina gipuzkoarrak eta Iruñerrikoak anitz dira. Bilbotik eta Espainiatik ere joaten dira piper bila, eta batzuek etxera eramateko ere eskatzen dute. Adibidez, Molinerrek esan du Garesko piperren eskari handiak egiten dituztela Madrileko eta Bartzelonako jatetxe on batzuek.

Bere familiako kideak ere lan eta lan ari dira egun hauetan Garesko zelaian. Han da Iñigo Moliner semea, piperrak erretzeko makinara sartzen. Berak kexa agertu du, Mina fundazioaren zelaia egokitu egin behar dutelakoan baitago. «Komunak jarri beharko lituzkete hemen; ez dakit, tokia egokitu. Eta, gero, egiten ahal zuten erakusketaren bat edo... Piperra sustatu beharra dago». Gainerakoan, ez du kexarik.

Tokiko pikilloak

Garesko bi produktu nagusiak saltzen dituzte postuetan: piperrak eta babarrunak. Baina piperrek erakartzen dute jende gehien. Produktuak tokikoak dira, araudiak ez du bestelako piperrendako tokirik uzten. «Gure piperrak dira, gure lurretakoak. Hemen saltzen duguna gurea dela erakutsi behar dugu», esan du Molinerrek. Zalantzan jarri du beste toki batzuetan saltzen direnak hangoak diren. «Guk ia-ia ez dugu aski guretzat; ez dakit hemendik kanpo askorik eraman daitezkeen».

Gehien saltzen den piper mota pikilloa da, baina carpisa ere dezente saltzen du Molinerrek. Lehenago majeranoa asko saltzen bazen ere, orain gutxi. Julian Azkona piper ekologikorn ekoizleak ere pikilloak saltzen ditu nagusiki. «Erraz erretzen da, eta erraz zuritu». Hala ere, bola, piko eta kristal piperrak ere saltzen ditu. Berak ere salmenta zuzena egiten du, batik bat. Bere produktu guzia ekologikoa bada ere, dena ez du horrela saltzen. Haren piperretako asko gainerakoekin batera saltzen da. «Ahal dudan guzietan ekologiko gisa defendatzen dut nire produktua. Baina jende askok ez dio balioa ematen. Erdi bidean gaude oraindik».

Aurtengoa ez da uzta txarra izan, Azkonaren aburuz, egun bero asko egiten ari baita jarraian. «Irailean dagoeneko biltzeko egoten dira, eta, gero, ba, irauten duena. Normalean, Domu Santu egunaren bueltan bukatzen da sasoia». Bere kasuan, dena den, egoera ezberdina da. «Ekologikoan ekoizpena txikiagoa da, eta kosta egiten zaio ekoiztea». Hala ere, kontent da negozioarekin: «Egia esan, piperra primeran saltzen den produktu bat da. Guk ez dugu inolako arazorik saltzeko».

Azoken garaia

Aste tartean lasaiago egoten dira piperren salmenta guneak, baina asteburuetan jende anitz joaten da; batez ere, kanpotik. Iñigo Molinerrek gogorarazi du asteburu hau berezia izanen dela, Garesko iraileko azoka baita. «Alde Zaharrean postuak jartzen dituzte, eta, asteburu horretan, hemen ere asko saltzen dugu». Hurrengo asteburuan, urriaren 5etik 7ra, Lodosak hartuko du lekukoa. Hango pikillo piperrek fama handiagoa dute, eta bertako produktua sustatzeko besta antolatu dute. Lodosako Pikilloa sor-markako piperrak dastatzeko aukera izanen da, baita produktu hori zuzenean erostekoa ere. Garai batean piperrak nola erretzen ziren ikusteko aukera ere izanen da Casa Lodosana etxean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna