Hotzari egurra

Negua bero igarotzeko, herritar askok egurra prest izan behar dute dagoeneko. Batzuek beren eskuekin mozten dute, beste batzuek egurketariei eskatzen diete, eta badira erosten dutenak ere. Tokian-tokian, ezberdina da egurra lortzeko modua.
<b>Egurra. </b>Neguan biltzen hasiko diraheldu den urterako egurra. Irudian, sutarako prest den egurra.
Egurra. Neguan biltzen hasiko diraheldu den urterako egurra. Irudian, sutarako prest den egurra. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2018ko azaroak 28
Negua hurbiltzen hasia da, eta harekin batera hasiko dira sutarako egurra biltzen. Tokian-tokian, beren ohitura izaten dute biltzeko moduan, baina ohikoena hori izaten da: neguan biltzea heldu den negurako egurra. Orain, egurra sartzen ari dira euskal herritar anitz, hotzari aurre egin ahal izateko.

Herri askotan, sua beharrezko dute etxea berotzeko. Hori da Mairene Masa auriztarraren eta Jean Louis Hariñordoki baigorriarraren kasua. «Sua ezinbestekoa da guretzat. Goizean goiz egiten dugun lehenbiziko gauza hori da: sua piztu», esan du Masak. Izan ere, haren herrian tenperatura hotzak izaten dituzte. Hala ere, esan duenez, txikia zenean are hotzagoak ziren neguak. Nolanahi ere, etxean bi berogailu baizik ez dituzte, logela banatan, eta suarekin funtzionatzen dute.

Auritzen (Nafarroa), gutxienik bederatzi hilabetez herrian bizi direnek aukera dute basotik egurra hartzeko. Ez nolanahi. Udala arduratzen da etxe bakoitzari dagokion lotea zehazteaz, eta herrizaina eta basozainak zuhaitz horiek markatzeaz. Herri bakoitzak bere ohiturak ditu, eta egurra eskatzeko garaia ere aldatzen da batetik bestera. Auritzen udaren bukaeran botatzen dute lotea, eta beti ilargiari so: «Ilgoran edo ilbetean, egurra erretzeko ona egon dadin», dio Masak. Bildutakoa etxetik kanpo uzten dute, idortu dadin, eta hala ematen du azarora arte. Orain, etxean sartzen ari da.

Egurra pikatzeko garaia da, eta auriztarraren kasuan, lehengusuaren laguntza du. Mozteko orduan, berriz, herriko gazte batzuei eskatzen die normalean. Lotearekin, baina, ez du aski izaten negu osorako. «Urte batzuetan loteak handiagoak dira, beste batzuetan txikiagoak. Neguko hotza gogorragoa ere izan daiteke edo lasaiagoa. Guk ia urtero erosi behar izaten dugu egurra otsailetik aurrera. Ez zaigu ailegatzen». Horrelakoetan, inguruko saltzaileengana jotzen dute.

Hariñordokik ez du behin ere erosten. Bera ur bazterrean bizi da, eta han baditu sahatsondoak, lizarrak, altzak, gaztainondoak... «Baigorri eskualdean [Nafarroa Beherea] erosten duen jendea kalean bizi dena da, bazterrik eta zuhaitzik ez duena», azaldu du. Orain, egurra sartzen ari da, ez baita mozteko tenorea. Hori abendutik goiti eginen du, bestela ez baitira egurrak idortuko. Erabat biluzik daudenean mozten dira zuhaitzak, orduan ez dutelako izerdirik botatzen.

Franko loditutakoak edota zuhaitz gazteei traba egiten dietenak moztu ohi ditu baigorriarrak, ez denak. Moztutakoan, arraildu egin behar dira, lodienak bereziki, eta hori modu tradizionalean egiten du: mailuarekin eta burdin ziriekin. Horretarako makinak badira gaur egun, dena den. Arraildu ondotik, uda guzia idortzen ematen dute egurrek, eta udazkenean moztu eta barnera sartzen dira. Prozesua ziklikoa da, eta une horretan dago orain.

Egurra sartzeko garaia denez gero, egurra saltzen dutenek ere badute lanik. Horietako bat da Donato Larretxea. Ohiko bezeroak ditu batik bat, baina ahoz ahokoak funtzionatzen du, eta bezero berriak ere lortzen ditu. Dena den, denak ingurukoak dira: Nafarroako iparraldekoak edo Ipar Euskal Herrikoak. «Egurrarekin urruti ezin da ibili, ez baita balio handiko gauza, eta urrutira joanez gero, garraioan dena xahutzen da», azaldu du. Bezero batzuk haiengana joaten dira egurra biltzera, baina asko dira egurra etxean jasotzea nahiago dutenak, Larretxeak kontatu duenez.

Azken urteetan egurraren salmentak gora egin duela nabarmendu du egur saltzaileak. «Gehienbat denak gasolinarekin, gasarekin eta elektrikoekin, gauza errazera bilduak ziren; baina, orain, denak garesti direnez, egurra gehiago saltzen da».

Bada aldatzen ari den beste ohitura bat sutarako egurraren alorrean. Boni Etxetxikia eta Xabier Gomez Nafarroako basozainak ohartuak dira horrekin: «Askok egurketari bati esaten diote egurra mozteko, eta etxeko atarian uzteko. Hori aldatzen ari da, jendeak geroz eta eskarmentu gutxiago duelako basoan», azaldu du Etxetxikiak. «Azken hamar urteetan geroz eta herri gehiagok aldatu dute ohitura». Modu horretan, egurra erostea baino merkeagoa da, baina ez dute haien lotea moztu beharrik. Basozainek begi onez ikusi dute ohitura aldaketa, batik bat, basoan ibiltzera ohiturik ez denak errazago izan ditzakeelako istripuak egurra moztean. Hariñordokik eskarmentua badu, baina onartu du usaia behar dela egurra mozten ibiltzeko. «Zuhaitzaren botatzeko usaia behar da motozerrarekin, eta kasu eman, minik ez hartzeko». Gakoa lana presarik gabe egitea dela uste du.

Basozainak, zaintzaile

Egurra biltzea ez da libre, eta ezin da nolanahi egin ere. Normalean, basozainak arduratzen dira gauzak ongi egiten direla ziurtatzeaz. «Begiratu behar dugu ea dena ongi egin duten, markaturik zeudenak bota diren, ea kalterik egin duten...», azaldu du Gomezek. Ez badira arauak betetzen, zigorrak badaude: behar ez dena botatzeagatik isunak jartzen dira, adibidez. «Askotan, zaila izaten da jakitea nork egin duen. Garbi dagoenean bai, isuna jartzen dugu. Baina, tira, askotan ateratzen duzu, bati edo besteari galdetuta», azaldu du Etxetxikiak. Dena den, basozainek diote gehienetan ez dela arazorik izaten, eta ez dutela kexa askorik jasotzen.

Bestalde, mendi bakoitzean zenbat egur ustia daitekeen erabaki behar da. Horretarako, antolamendu planak egiten dira. «Kalkuluak egiten dira ikusteko mendiak zenbat ematen duen. Irizpide asko izaten dugu kontuan: mendia zertarako den, ekoizpen handia duen, babesgune bat den, zer animalia dauden, zer momentutan dagoen masa... Ikusi behar da ea egurra herriak ustiatzeko den edo saltzeko den ere», azaldu du Gomezek. Sutarako egurra herritarrek ezin dute saldu, baina herriek mendi dezente dutenean, sal dezakete, enkantea eginez.

Aldatzen ari den alorra da egurra biltzearena. Mendian ibiltzen den jendea gutxitzen ari da, eta lana beste batzuen esku uztea geroz eta ohikoagoa da. Orain egurra etxean sartzea dagokie sutondoa duten herritarrei. Gehienak hilabete baten buruan hasiko dira egurra mozten, zuhaitzek hostoak galdu, eta izerdirik ez dutenean. Ilargia ere kontuan hartu beharko dute, gainera, gero suak ongi har dezan. Negu honetan hasiko da heldu den neguan bero egoteko lana.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna