Tonban ehortzirik (III). Micaela Portilla

«Izuti eta baldar hasi nintzen herriak ibiltzen, lehenengo ikerketak egiten»

Emakumea zen guztiz jakintza handikoa. Eskurik hartu gabe ere, eskutik zeraman inor Micaela beti irakasle amultsuak, adin zaileneko ikasleekin zaildu eta trebatuak. Eramango zintuen halako dorretxera, halako elizara, halako ermitara, halako bidezidorrera, eta zutarriz, arkuz, hormaz eta harriz bezainbat, zeure historia biziaz mintzatuko zitzaizun.

Micaela Portillaren tonba, Gasteizko Santa Isabel hilerrian. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Santa Isabel hilerria, Gasteiz
2020ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Harri zuri finezko
tonba handi ederrean
zizelatua gotorki
hau zuen utzi

Ikertzaile? Irakasle? Biak? Nola ikusten duzu zeure burua bizi izan zinen garaian?

Biak. Ni irakasle eta ikertzaile izan nintzen Josefatera artean. Egia da lehenbizi irakasle izan nintzela,eta are egiagoa da sekula ez niola irakasteari utzi, zinez esker oneko lana delako irakastea, denak bat etorriko ez bazaizkit ere. Nire gusturako, jendearen aurrean arretaz egotera behartzen zaitu irakatsi beharrak, eta, horretaz den bezainbatean, komunikazio modu intimoa da. Horrela bizi izan nuen nik, bederen. Bestalde, irakasle nintzen garaian lizentziatura ikasketak egin nituen, eta haiek bukatzean, 1954an, ikerketari lotu nintzaion. Lan osagarriak zaizkit biak, lehen bizirik eta orain hilik natzala ere. Irakasleak, lehenik eta ororen gainetik, ahal dela eta inori baino lehen, bere buruari irakatsi behar dio. Irakaslea eguneraturik egoten saiatzen da. Ikertzaileak, berriz, egiten dituen aurkikuntzak besteri irakasten ahalegintzen da, bere jakintza partekatzen.

Emakume-irakasleak bakan ez zineten. Bakanago, aldiz, ikertzaileak...

Betiko kuestioa duzu beti, eta ulertzen ere dut hein batean. Alabaina, esan behar dut bizi akademikoan inoiz ez nuela oztoporik izan, emakume izateagatik. Katedra egin nuenean ere, Madrilen, maskulinoa zen eskola. Jakin behar da orduko denboran, eskola batzuk zirela neskentzakoak, eta bestetzuk mutilentzakoak. Niri dagokidanez, bi neska baizik ez ginen kolegio maskulino batean, estatuko lehenak, ziurrenera, eta, hinki-hankarik gabe esango dizut guztiz ongi baloratuak ginela. Hori, Madrilen. Eta Gasteizen ere berdin, tupustarririk bat ere ez.

Hitzaldi bat aditu nizun bizirik zinela. Zurturik ni, harritzarren gainean hitz egingo zenuelakoan eta, aldiz, bideez zu.

Gizakiak egin duen lehen gauza bideak ibiltzea izan da. Bideak, zidorrak, galtzadak, estratak ibili ditu, harik eta non edo non kokatu den edo pausatu den arte. Bideetan barna dabiltzala, berriz, elkar ezagutu dute batzuek eta besteek, hangoek eta hemengoek, eta komunikatu dira, eta harremanetan sartu. Gurutzatze horiexetatik etorri dira artea, eta ideia zahar eta berriak, eta historia, eta kultura… Nik uste horregatik jo nuela, dorre eta etxe gotorrak ikertzearekin batera, bideak ikertzera. Badut liburu bat, Araban Erdi Aroan ibili ohi ziren bidezidor ezkutuen gainekoa. Oraingo eguneko errepide eta autoestratek ezabatu dituzten bideez ari naiz han. Zidor ezabatuak dira, baina haietan barna sartu ziren kultura, bizia eta jendea gure Arabara. Erdi Aro ilunean zidor haiek ibiltzea lan gaitza zenuen, peril handikoa, eta baitezpadakoa zenuen han eta hemen ermitak izan zitezen, jendeak babes har zezan, bere buruaz pentsatzeko astia eduki zezan. Oso gauza interesgarria duzu bideen kuestioa.

Bideetan bide, Donejakue bidea, ongi ikertu zenuenez.

Bideetan lehenetarik izan zen Donejakue bidea Araban. Alabaina, bide hura Donejakue izan zedin baino lehen ere, erromes eta pelegrinoak arabar lurretan barna zebiltzan Santiagorantz (Galizia). Frantziatik Baionara eta Irunera zetozen bideek, muturrik mutur zeharkatzen zuten Gipuzkoa, Oria ibaiaren arroraino eta Sandratiko tuneleraino. Handik Arabara iragaten ziren eta, lautadan, Gasteiz oso gune interesgarria zuten Burgosera baino lehen. Ibili alternatibo garrantzizkoa zen Arabakoa eta hantxe biltzen ziren kantabresak, Bizkaiko golkokoak eta Pirineo Atlantikoko jendea.

Giza jendea hara eta hona beti ere...

Bai, bada! Geroago eta sakotzenago historian, hantxe da beti gizakia, hala hots handiko gertarietan nola herri txiki, auzo eta etxe barnekoetan. Hein berean, lurraldeen arteko muga eta fronteretan ere. Jendea, beren ohitura, lege eta hizkuntzekin. Gure herrian ere, hizkuntza bat bera ageri da bi hegien gainetik, egunero bizi eta aberastu den mintzatze bat. Hortxe ageri zitzaidan beti euskara gure ibili eta artxibategietako orduetan. Bidera etortzen zitzaidan euskarazko toponimia zahar eta antzinakoa. Toponimia horrek, ororen gainetik, lurrak eta herriak identifikatzen eta deskribatzen ditu, oso modu sotilean bada ere. Eta, bistan dena, lur eta herri horiek toponimo bizi-biziak dira, iragan aspaldikoena gure egunetara ekartzen digute.

Eta zer ekartzen digute oraingo egunera ikertu zenituen agiri tontorrek?

Giza izatearen unerik baitezpadakoenak ageri dira agiri eta dokumentu zaharretan: ezkontza bidezko uztartzeak, seme-alaben jaiotzak, aita-amatasunak, heriotza orduak... Ez dira izen hutsak, izenekin batera izendun haien biziak ageri baitira egoera horietan, zeren eta, pozezko eta saminezko une horietan, gizakia inoiz baino indartsuago lotzen baitzaie lurrari eta familiaren etxeari. Une horietan, etxearen jarraigoa eta han biziko diren oinordeen biziera nasaia bermatu nahi dute denek. Eta, hor, ikusgarri da nola saiatzen diren auzoari laguntzen, premian daudenei laguntzeko etxeak jasotzen, mantentzen eta zaintzen ageri dira, komunitatearen ongizatea begiratzen, alegia. Edo, uztaren zain direnean, artean garirik ez eta erruki-kutxak osatzen ageri dira; elkartasun kutxak, nahi baduzu. Eta ageri dira eskolak diruz laguntzen, neska behartsuei ezkontzeko laguntza ematen, edo erlijio-ordenaren batera sartzeko, «Jaunaren erromesak» eta «anai-arreba pobre eta ibiltariak» zaintzeko —horrelaxe izendatzen baitituzte sortzezko agirietan—, ospitaleak egiten.

Mundu bat, oso-osoa… Harrigarria.

Ni zeharo liluratu ninduela esan beharrik ez dut, hasi nintzenez gero ez bainion mundu horri ikertzeari utzi, horrixe eman bainintzaion buru eta bihotz, azken hatsa eman nuen arte: giza jendeak inguruan, paisaian, bide eta herrietan utzi dituen lorratz eta aztarnak segitu ditut, segitu nituen, utzi dizkigun dokumentu eta agiriak ikertu ditut. Horietan, gure historia bizia osatu zuten gizon-emakumeekin bat egiten duzue oraingook. Haienak bezainbat gureak dira beren poz eta alegrantziak, beren lan eta nekeak, argi eta itzalak, aberastasun eta eskasiak, eta, azken fin gaiztoan, haien heriotzak. Gure aurrekoek ibilitako bide eta galtzadetan barna, haiek berak ateratzen zaizkigu bidera, eta hor dira ageri beti, jaso zituzten tenpluetan, erruki handiz ordaindu zituzten erretauletan, altxatu zituzten kanpandorreetan. Eta, orain, dorre horien bertikaltasunak gure herriek menderen mende izan duten irudia eta soslaia identifikatzen ditu.

Hitzaldi egiten ariko bazina bezala ari zara, garrez. Hilean ere, bizi duzu historia bizia...

Agiri eta dokumentuetan gure aurrekoak bizi dira, gizon-emakumeak, nekazariak askotan, lursailez arduraturik bizi direnak, jaten ematen dioten soroak txeraz lantzen eta zaintzen dituztenak. Zer besterik erakusten digute, bada, garai bateko ledanien gaineko ordenantzek? Ordenantza horiek herriak ere lotu zituzten zenbait tokitan, are, lotzen ere dituzte oraingo egunean, zenbait funtzio, letania eta errogazio bitarte. Eta kapitulazio jakintsuetan, berriz, mendi, soro eta baso komunalen erabilera arautu zuten, asmoz eta jakitez arautu ere!

Eusko Ikaskuntzaren goiburu duzu Asmoz eta Jakitez.

Arabar artea, historia eta kultura ikertzen eman dut bizia, eta arabarrak izan ditut bide-erakusle. Eusko Ikaskuntza dela-eta, Angel Apraiz gasteiztarra dugu erakundearen eragileetarik bat. 1918ko urtarrilean Bizkaiko diputazioaren kultura batzordearen ekitaldi batean Euskal Herriaren unibertsitatearen alde jardun zuen Apraizek, gatz eta piper, eta Eusko Ikaskuntzaren agiri fundazionaltzat jo izan da hura. Urte hartan bertan, erakundearen idazkari nagusi izendatu zuten, eta han eta hemen ekin zion euskal unibertsitatearen alde hainbat hitzaldi, ponentzia eta idazkitan, gure unibertsitatea asmo hutsa baizik ez zenean! Oraingo egunean, berriz, horra asmo huts hura, egiaz gauzatua! «Behekoak goikoa ezkondu leidi, ta txikiak handia benzi leidi, asmoz ta jakitez», Aulestiko Bengoetxeatarren armarriko esaldiak dioenez.

Kar, kar... Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzar hura aipatu duzunez, hantxe zen Maria Maeztu.

Hantxe zen, bai. Emakume aparta, Maria Maeztu. Irakasle izan zen Bilboko eskola publikoetan iragan mendearen lehen hamarkadan. Gaitz egin zuen lan, beti jardun zuen aitzindari, ausart, garaiko oinarri metodologiko berritzaileak xede. Emakumearen hezkuntza, sustapena eta profesionaltasuna inork ez bezala bultzatu zituen, hauspotu, haizeman zien. Euskal Herriko emakume guztiok ohoratzen gaitu Maria Maezturen irudiak. Komunikatzaile bipila zen, sugar handikoa, eta Europan nahiz Amerikan, hainbat biltzar eta jardunalditan jardun zuen bere sineste metodologiko haien defentsan, 1920an Eusko Ikaskuntzaren Nazioarteko bigarren biltzarrean Iruñean egin zuen modura. Handia izan zen Maria Maeztu!

Angel Apraiz gabe, hurreko izan zenuen haren anaia Odon...

Ikaskide izan nuen iragan mendeko 50eko hamarkadaren amaieran eta 60koaren hastapenetan Gasteizko Ramiro de Maeztu institutuan. Zazpi urtez, bestalde, haren katedran lan egin nuen. Irakasle nintzen eta, Odonen eskutik, adin zoragarrian diren ikasleei, 14-16 urteko gazteei hurreratzen ikasi nuen. Haiei irakasten hasi baino lehen esperientzia handirik ez nuen. Odon jaunaren ondoan, batxilergo irakasle izan nintzen zenbait urtez Gasteizen, eta ezin ahaztu dut egiten genuen lana: ikasle libreen zerrenda alimaleko haiek hartu eta banan-banan, baina txandaka —bata zuk, bestea nik—, aztertzen genituen ikasleak. Hura garaia, hura! Becerro Bengoa kaleko institutuan ari ginen. Oraigo egunean, Gateizko legebiltzarra duzu eraiki hartan.

Gerardo Lopez de Gereñu ere behin baino gehiagotan ondratu izan zenuen.

Hura lehenagokoa duzu. 50eko hamarkadaren hastapenekoa duzu Gerardorekin izandako harremana. Graduondoa egina nuen ordurako, eta nire lehen ikertzaile lanetan lagundu zidan Gerardok, eskuzabal lagundu ere, halakoxea baitzen gizona, ona eta eskuzabala. Eskueran jarri zidan bere argazki-artxibategitzar handi hura, eta Arabako herriei buruzko era guztietako ezaguerak eskaini zizkidan. Oroitzen naiz izuti eta baldar hasi nintzela herriak ibiltzen, lehenengo ikerketak egiten. Gerardok bihotz eman zidan, eta hantxe izan nuen, ondoan, nire zailtasun, korapilo, arakaitz eta trabetan laguntzen. Gerardo Lopez de Gereñu, beti gizon atsegina. Goxo hartzen ninduen bere etxean, liburuz eta fitxategiz mukuru. Denoi irekia zuen hark bere etxea eta bere jakintza guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.