Geroa iragarri nahian

Milioika lagun daude harpidetuta ordainpeko telebista plataformaren batera. Telebista tradizionalak du, ordea, oraindik ere, ikusle gehien. Adituek ez dakite etorkizuna nondik etorriko den. Telebista kate eta ekoiztetxeak, badaezpada ere, adi daude, eta datorren horretara egokitzeko gai izango direla espero dute.

Plataforma handienek ehun milioietik gora harpidedun dituzte. BERRIA.
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Sorreran, iraultza izan zen telebista. Kaxa beltz soil batean, askotariko irudi eta istorioak ikusteko aukera hori bai, zuri-beltzean. Asmakizun berri guztiek bezala, larritasuna eta haserrea sortu zuen hainbatengan: «Gazteek ez dute jada libururik irakurtzen!». Urteen poderioz, ordea, gizartea haren presentziara ohitu da, eta egongela guztietan dagoen aparatu bat gehiago bilakatu zen. Egongelan, familiek, elkartu, eta askotariko edukiak kontsumitzen zituzten; dela larunbat arratsaldeko filma, dela bazkalondoko albistegia.

Urte pare batetik hona, ordea, aldatu egin da hori guztia. Jadanik ez du telebistak berak finkatzen arratsalderoko menua, eta edukiak ez dira, halabeharrez, etxeko egongelan kontsumitu beharrekoak. Ordenagailuan ikus daitezke, ohean etzanda; tabletan, bidaia bat egitean; edota sakelako telefonoan, lanerako bidean. Ordainpeko plataformek konkistatu dute euskarri horietako eskaintza: hilabetean kuota bat ordainduta, plataformak eskaintzen dituen edukietatik nahi adina ikusteko aukera ematen dute. Gehienek, gainera, musu truk eskaintzen dute zerbitzua lehendabiziko hilabetean, erabiltzaileek proba egiteko.

Netflix da, ziurrenik, ordainpeko plataforma horietan ezagunena. Telesail propio ugari dago haren eskaintzan, eta, mundu osoan, 117,6 milioi harpidedun ere lortu zituen 2017ko abenduan. HBOk oraindik ere gehiago ditu bezeroak, 142 milioi baitziren joan den urte bukaeran. Etxe horren sukaldean sortu zuten Game of Thrones. Badago beste enpresa bat ere, duela gutxi arte beste negozio batzuetan murgilduta zebilena: Amazon. 2017an sortu zuten Amazon Prime Video zerbitzua. Film eta telesail sorta zabala eskaintzeaz gain, bezeroei onura batzuk ematen dizkie Amazonen erosketak egiteko orduan. Enpresak datu zehatzik eman ez duen arren, hainbat adituk adierazi dute dagoeneko 75 milioi harpidedunetik gora dituela. 2017 amaieran, Europan lau herritarretik hiruk (%76,5) ordainpeko telebista zerbitzuren bat zuten kontratatua. Gurean, oraingoz, datuak apalagoak dira, baina abiadura bizian handitzen ari dira.

Hala ere, audientzia datuek erakusten dute telebista tradizionala dela, oraindik ere, ikus-entzunekoen kontsumoan jaun eta jabe. Telebista kateak, ordea, adi daude, gazteen joerei begira; haiek markatzen dute, ezinbestean, telebistak egin beharreko bidea. «Gazteak ohitu dira nahi dutena ikusten, nahi duten momentuan eta nahi duten euskarrian», adierazi du Iñako Gurrutxagak. EITB Nahieran-eko arduraduna da, EITBren edukiakikusteko sareko plataforma. EHUko irakasle Bea Narbaizak, berriz, euskarri aukera zabalari egin dio erreferentzia, telebista kontsumitzeko modu berriei buruz galdetutakoan: «Euskarri ezberdinetatik ikus-entzunekoetara sarbidea izateak aldaketak eragin ditu edukien kontsumoan». Iruditzen zaio ikus-entzunezko produktuei atxikitzen zaien funtzioa ere aldatu dela: «Gazteengan, entretenimendua gailentzen da, bere garaian atxikitzen zitzaizkion funtzio informatibo edota hezitzaileen gainetik». Biek ala biek uste dute, joera berriak ikusita, telebista kate tradizionalek egokitzapen prozesu bat egin beharko dutela.Haiekin bat dator Baleuko ekoiztetxeko Karmelo Vivanco, eta gaineratu du: «Ez da erraza izango».

Egokitzapen prozesu horretan murgilduta dabil dagoeneko Euskal Telebista. Gurrutxagak iragarri duenez, Nahieran zerbitzuaz gain, beste hainbat proiektutan ere ari dira lanean: aplikazioak sortzen, ordainpeko plataformetan jartzeko moduko euskal produktuak egiten... Hala ere, ez du uste halako plataformekin lehiatzearekin obsesionatu behar denik. «Produkzio aldetik, ezinezkoa zaigu haiekin lehiatzea». Haren iritziz, beste indargune batzuk ditu Euskal Telebistak, eta horiek indartu behar dituzte: «Plataforma horiek jorratzen ez dituzten alorretan egin behar dugu lan; bertako informazioa, euskal kultura, euskal balioen transmisioa...». Ezinbestekotzat jotzen ditu horiek, EITBren izaera publikoan oinarrituta.

Hala eta guztiz ere, gero eta ohikoagoa da telebista kateak lankidetzan ibiltzea ordainpeko plataformekin. «Lehen lehiakide zirenak ezinbestean bihurtu dira lankide», nabarmendu du Narbaizak. «Handia pelikula da Euskal Herrian egindako produkziorik garestiena, eta lankidetzan eta kofinantzaketan egin dute. Orain, Handia Netflixen dago ikusgai». Gurrutxagak esan bezala, Narbaizak ere aipatu du telebista kateak gero eta gehiago saiatzen direla ordainpeko plataformek haien produktuak eskain ditzaten. Baieztatu egin du Baleukoko Vivancok. «Aurten inbertsio handiak egin ditugu, guk garatutako edukiak ordainpeko plataformetan agertzeko». Aitortu duenez, oraindik ez dute harreman zuzenik izan plataformetako jendearekin, baina lortzeko bidean dabiltza. «Etorkizunean, normala izango da ordainpeko plataformetan euskarazko produktuak aurkitzea».

Hizkuntza, hain zuzen ere, ez omen da arazo produktu bat plataforma horietan txertatzeko orduan. «Jatorrizko bertsioan eskatzen dituzte produktuak, eta ez dute inongo arazorik gero beraiek azpidatziak txertatzeko».

Telebista tradizionalaren gainbehera al da? Narbaizak ez dauka horren argi. «Ez dakigu etorkizunean zer gertatuko den». Gainera,nahiz eta gazteek ordainpeko produktuak kontsumitu, iruditzen zaio ez dutela joera handirik horiek beraiek ordaintzeko. «Badaude kasuak non gazteek aliantzak egiten dituzten, guztien artean kuota bat ordaintzeko, baina gehienetan ez dut uste hala denik». Irudipena du, orokorrean, gurasoek ordaintzen dutela harpidetza. «Gazteak ohituta daude edukiak dohainik lortzen, eta badauzkate bideak eduki horiek lortzeko». EHUko irakasleak azpimarratu du, gainera, enpresa horiek guztiak ez direla ikus-entzunezkoetara dedikatzen soilik. «Amazonek, adibidez, irabazi gehienak beste alderdi batzuetatik lortzen ditu. Hala ere, konturatu da ikus-entzunezkoen zerbitzuak oraindik gehiago irabazten lagun diezaiokeela». Zerbitzu ugari eskaintzen duen pakete bat erosten du bezeroak, finean, ez filmak edota telesailak soilik. Multzo horretan sartzen dira, halaber, telefono konpainiek eskaintzen dituzten paketeak: etxeko telefonoa, sakelako telefonoak, Interneterako konexioa, futbola, zinema... Hainbat kasutan, plataforma horiek pakete horietan txertatuta datoz dagoeneko. Horixe da HBOk Ipar Euskal Herrian duen egoera, OCS paketearen barruan soilik existitzen baita.

Aldaketa horiek, telebista kateei ez ezik, beste eragile batzuei ere eragiten ari zaizkie: ekoiztetxeei. Lehen, produktuak telebistarako edo zinemarako ekoizten zituzten; pantaila handirako, edo txikirako. Pantaila are txikiagoak jokoan sartu direnean, nola aldatu da haien lana? Narbaizaren ustez, euskarriek badute eragina egiten diren produktuetan: «Pantaila txikietan, normalean, produktu txikiagoak kontsumitzen dira, baina badira salbuespenak».

Euskarria ez da, baina, produktuen aldaketan eragiten duen elementu bakarra. Vivancoren ustez, jendearen pazientzia ere aldatu egin da. «Lehen, unitate informatibo batek minutu bat irauten zuen. Orain, aldiz, hori denbora gehiegi da». Ondorio horretara eraman du 30 urtetik gorako esperientziak. «Titulu batekin, irudi batekin, informazio guztia jaso nahi dugu; presa handia dugu».

Ordainpeko plataforma horiek, gainera, hasiak dira produktu propioak ekoizten, besteek egindakoak erosteaz gain. Nola eragiten die horrek ekoiztetxe txikiagoei? Konpetentzia al dira? Vivancok azaldu duenez, haiek ez daude larrituta. «Esaten dutenean produktu propio bat egin dutela, ez dute esan nahi haiek ekoitzi dutela ehuneko ehunean. Kontua da proiektua hasieran erosten dutela, gidoi bat, edo ideia bat besterik ez denean. Ondoren, ekoiztetxe txikiago bati eskatzen diote produktu hori ekoizteko». Oraingoz, behintzat, haiek badute lana.

Etorkizuna nondik joango den, beraz, misterioa da oraindik sektoreko eragile nagusientzat. Argi dute, ordea, datorrenera egokitzen saiatuko direla, eta euskarak eta Euskal Herriak etorkizun horretan leku bat izan dezan lan egingo dutela buru-belarri. Zein forma hartuko duen, ikusteko dago oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.