Berlingo Harresia. Eraistearen 25. urtemuga

ERRAILETIK IRTENDAKO OSTEGUN BURUZURI BAT

GuenterSchabowski, agiria irakurtzen
GuenterSchabowski, agiria irakurtzen - / EZEZAGUNA

Danel Agirre -

2014ko azaroak 2
09:00 Alemaniako Errepublika Demokratikoko Estatuaren Segurtasun Zerbitzuko goi mailako lau funtzionario bilduta daude, politburoak eskatuta. Laurak konbentzituta daude: mendebaldera bidaia pribatuak egiteko baimenak banatuz gero, azkar baretuko da azken hilabeteetan areagotu den emigrazio jarioa. Idazten ari diren proposamenaren arabera, baimena lortzea ezinbestekoa izango da beste aldera txangoa egin ahal izateko; azkenean, eragozpenik ez da ezarriko.

10:00 Bigarren egunez, Alderdi Sozialista Bateratuaren Batzorde Zentrala lanean ari da Berlinen. Egon Krenz idazkari nagusiaren gidaritzapean, Ekialdeko Alemaniaren etorkizuna bermatuko duen erreforma sorta da aztergai. Krenz hilabete lehenago dimisioa ematera behartutako Erick Honeckerren oinordekoa da.

12:00 Zigarreta erretzeko egindako geldialdian, politburoak lau adituek atondutako arauketa berrikusiko du. Ministroen Kontseiluak erabaki behar du bidaiatzeko baimen berriak indarrean ipini ala ez.

14:30 Bazkalorduan, Egon Krenzek Alemania Federaleko Iparraldeko Rhin-Westfaliako lehen ministro den Johannes Rauren bisita jaso du. Mendebaldeko Alderdi Sozialistaren (SPD) hautagai izan zen, eta bozak galdu zituen bi urte lehenago. Kantziler kargua berritzea lortu zuen Helmut Kohl Polonian dago, bisita ofizialean.

15:00 Muga modu pribatuan gurutzatzea ahalbidetzen duen araudi berria onartu du Ministroen Kontseiluak. Barne Ministerioko eta Segurtasun Zerbitzuko funtzionarioek azken ukituak emango dizkiote orain.

16:00 Krenz idazkari nagusiak Alderdi Sozialista Bateratuaren Batzorde Zentralari irakurri dio bere ministroek onartutako testua.

17:30 Krenzek Alderdi Sozialistaren bozeramaile lanak egiten hasi berria den Guenter Schabowski kazetariari eman dio prentsari helarazi beharreko oharra: arau berriak hurrengo egunean, 16:00etan, jarriko dela indarrean. 25 urte geroago, oraindik ez dago argi Schabowskik agiria irakurri ote zuen agerraldia baino lehen —ezetz uste da—. Gobernuaren asmoa baimenak pixkanaka sinatzen hastea da. Muga babesten duen armadak prestakuntza jaso beharko du lehen herritarrek gurutzatu ahal izan baino lehen. Ez da emigrazio uholderik espero.

18:00 Schabowski Batzorde Zentralak jorratutakoak nazioarteko prentsari xehatzen hasi da, lasai. Mila egitasmo eta deliberazioen inguruan luzatzen ari da.

18:53 Gobernuaren iragarpena: agiri bat ozen —eta ziur asko, lehen aldiz— irakurtzen ari da Schabowski: aurrerantzean, ekialdeko herritarrek libre gurutzatu ahal izango dute mendebaldera, eta ondoren etxera itzuli. Aretoan daudenek harriduraz hartu dute iragarpena.

18:55 Nazioarteko kazetari batek galdetuta —ez dago argi Ansa italiarreko Riccardo Ehrman, Bild egunkariko Peter Brinkmann ala NBCko Tom Brokaw izan zen—, Schabowskik arau berria «berehala» ezarriko dela dio. Ez da egia: hurrengo eguneko data argi ageri da oharrean. Gobernuak atondutako prozedura hankaz gora ipini berri du.

19:05 Asociated Press agentziaren teletipoa: «Ekialdeko Alemaniak muga zabaldu du».

19:41 Mendebaldeko Alemaniako DPA agentziaren teletipoa: «Muga zabalik dago».

20:00 Mendebaldeko Alemaniako ARD telebista katearen Tageschau albistegiak: «Ekialdeko Alemaniak muga zabaldu du». Ekialdeko herritar askok egunero ikusten dute Tageschau saioa, seinalea modu piratan jasota.

20:15 Volkspolizei ekialdeko Poliziaren mezua. Berlingo Harresiaren parean, Bornholmer Strasse, Invalidenstrasse eta Heinrich-Heine-Strasseko kontrolguneen inguruan, 80ren bat lagun bildu dira.

20:47 Alderdi Sozialistaren batzarraren bigarren laneguna amaitu da. Ekialdeko buruzagiek ez dira jakitun Schabowskiren iragarpen erratuak eragindako zalapartaz.

21:15 Alemania Federaleko Bundestagaren ohiko bilkura amaitu da, Bonnen. Ez dago Berlinen gertatzen ari denaren inguruko albisterik, ezta adierazpenik ere.

21:30 Afari ofiziala du Helmut Kohlek Varsovian, eta hara iritsi zaizkio Schabowskik prentsari esandakoak. Bornholmer Strassen ia mila pertsona daude dagoeneko. Segurtasun Zerbitzuak balbula irtenbide bat erabiltzea erabaki berri du. Herritar gutxi batzuei Berlingo Harresia gurutzatzen utzi, eta beste guztiei hurrengo egunetan haiek ere gauza bera egin ahal izango dutela esanda, gaurkoagatik etxera itzultzeko eskatuko diete.

21:34 George Bush AEBetako presidenteari memoa pasatu diote, James Baker Estatu idazkariarekin ematen ari den prentsaurrekoan: Ekialdeko Alemaniak muga ireki berri du, eta herritarren batek mendebaldera igarotzea lortu du.

22:00 Egon Krenz idazkari nagusia bere bulegora itzuli da Batzorde Zentralaren bileraren ondoren. Haren kezka nagusia, Alderdi Sozialista Bateratua eraberritzeko berak proposatu dituen hautagai gehienak ez direla onartuak izan. Erich Mielke Segurtasun ministroaren dei batek Berlingo Harresian gertatzen ari denaren jakinaren gainean ipini dio. Ez Krenzek, ez Mielkek, ez inongo Alemaniako Errepublika Demokratikoko goi buruzagik ez du eman muga zabaltzeko agindurik, eta ez du emango gau osoan ere.

22:28 GDR ekialdeko telebista katea balazta ipini nahian dabil kontrolguneetan gertatzen ari denari. Ohartarazpena: gurutzatzeko baimen bat beharko da, eta sinatutako paper ofizialik gabe ezingo da mendebaldera txangorik egin. Hurrengo egunean pasaporteak eta dokumentu ofizialak banatzen dituzten bulegoak betiko ordutegian irekita egongo dira.

23:30 Bornholmen Strassen tentsioa goratuz doa. Azkar frogatu ahal izan da Balbula irtenbidea baliogabea dela. Jendea bultzaka hasi da, eta pasaporteak eskatzen ari diren poliziek ez dakite zer egin, nagusiak isilik baitituzte. Indarkeria erabiltzeko inongo asmorik ez duenez, bertan dagoen Harald Jaeger (Jäger ehiztaria da alemanez) koronelak atea zabaltzeko agindu du. Milaka lagunek harresiaren atzean dagoen zubia gurutzatu dute; Berlingo mendebaldean bizi diren ehunka herritar zain dituzte besarkatzeko.

00:00 Sobietar Batasuneko ordezkaritzan, Igor Maximitxev enbaxadoreordeak Moskun inor ez esnatzea erabaki du. Erantzun arin bat saihestu nahi du.

00:20 Errepublika Demokratikoko Herriaren Armadaren 12.000 soldadu alerta gorenean daude Berlingo Harresiaren inguruan. Agindurik jaso ez, eta askok jendearekin nahasi eta festa egitea erabaki dute.

01:00 Brandenburgoko Atearen parean, dozenaka herritar harresiaren gainera jalgi dira. Ordu gutxitan, mundu osoari buelta emango dio irudiak. Mendebaldeko herritarrek gonbidatuta, muga gurutzatu duten asko bizpahiru kilometro hegoaldera dagoen Ku'Damm etorbidera doaz parranda egitera.

02:00 Aldi baterako neurri gisa, Alemaniako Errepublika Demokratikoko Barne Ministerioak iragarri du muga libre igaro daitekeela, baina goizeko zortzietan ateak berriz itxiko direla, eta baimen berriak eskatuko dituztela. Ez da horrelakorik inoiz gertatuko. Berlingo Harresia erori da dagoeneko. Askoren ustez, Ekialdeko Alemania ere arratsalde horretan bertan desagertu da, ofizialki beste hamaika hilabetez, 1990eko urriaren 3ra arte, existituko bada ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna