Albistea entzun

Katalunia. Hauteskundeen atarian

Hiru Katalunia, eta lau Espainia

Asteartean hasiko da hauteskunde kanpaina Katalunian. Independentzia prozesuak hankaz gora jarria dauka sistema politikoa 2012tik: alderdiak zatitu, desegin eta sortu dira. Abenduaren 21ean, Kataluniarako hiru ereduren eta Espainiarako lau ereduren artean hautatu behar dute hautesleek.
Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2017ko abenduak 1

Pertsonalismo askoren eta alderdi, joera eta frakzioen zatiketa eta konfluentzien historia bat da Kataluniakoa. Urteetan CiU izan da alderdi nagusia, eta PSC bigarren indarra. Bazterrekoagoak izan dira PP eta ERC, baita ezker espainiar katalanistek garai bakoitzean antolatutako koalizio ugariak ere —PSUCen ondorengotzat har litezkeenak—. Espainiako bozetan irauli egiten zen argazki hori, eta askoz emaitza hobeak lortzen zituzten PSCk eta PPk; parte hartzea ere handiagoa izan ohi zen. Baina 2010etik aurrera prozesu independentistak hankaz gora jarri du finkoa ematen zuen argazki hori: ERCk hazkunde handia izan du botoetan; CiU zatitu, eta PDECat sortu da CDC zenetik; Unio desagertu, eta hango kide batzuk PSCri aliatu zaizkio; PSCk boto galera handia izan du; Ciutadans oposizioko buru bilakatu da; Catalunya En Comuk ezker espainiarra biltzeko beste saiakera bat egin du; eta CUPek ezkerraldeko indar independentistak parlamentura eraman ditu lehen aldiz. Kataluniako Parlamentua goitik behera aldatu da zazpi urtean.

Urriaren 27ko independentzia deklarazioaren ostean, bestalde, indar gehienak berregituratu egin dira, zatiketa eta koalizio berriekin. Eta egoera nahasi horretan, ia edozer gauza gerta liteke abenduaren 21ean. Kanpaina heldu den asteartean hasiko da, eta hauteskundeetan ez galtzeko gida bat da hau, bakoitza zer eta nor den zehaztu eta bozetan zer espero dezakeen aurreratzeko:

Esquerra Republicana de Catalunya (ERC)

Lider berria

Francesc Macia eta Lluis Companys buruzagi historikoen alderdiak inoiz baino esperantza hobeak ditu; inkesta guztiek garailetzat dute ERC. Arku politikoko alderdi zaharrenetakoa da. 1931n sortu zen, Maciaren Estat Catala, Companysen Partit Republica Catala eta beste mugimendu batzuk elkartuta. Urte haietan indar hegemonikoa izan zen, baina trantsizioaren ostean bazterrekoa izan da denbora luzez. Berregituraketa batzuen ostean, eta independentista gisa kokatu ondoren, burua altxatu zuen. 2003an eta 2006an tripartitoa osatu zuen PSCrekin eta ICV-EUiArekin. Generalitateak presidente sozialistak izan zituen urteak izan ziren horiek, 2003 eta 2010 artean.

2004an 639.000 botoetara iritsi zen —Espainiako Kongresuan—; inoiz jaso duen boto kopuru handienetakoa. Josep Lluis Carod Rovira ETArekin Katalunian su-eten bat hitzartzeko bildu zen urtea ere izan zen hura. Carod Rovirarekin, gora egin zuen alderdiak, baina baita behera ere hurrengo urteetan. Tripartitoen politikak faktura pasatu zion luzera, eta 2010eko bozetan 218.000 boto baino ez zituen lortu.

Carod Roviraren aroa bukatuta, 2011n Oriol Junqueras aukeratu zuen alderdiak presidente, eta Marta Rovira idazkari nagusi. Haien zuzendaritzapean berreskuratu du ERCk giharra. 2014an, Espainiako Errepublikaren garaitik lehen aldiz, hauteskunde batzuk irabazi zituen alderdiak, Europakoak. Eta 2016ko Espainiako hauteskundeetan bere emaitza onenetako bat eskuratu zuen: 629.000 boto.

Abenduaren 21erako, Oriol Junqueras jarri du ERCk zerrendaburu, azken bi urteetan Generalitateko presidenteorde izan dena —orain kartzelan—, eta Marta Rovira presidentegai aurkeztu du berak. Independentzia deklarazioaren protagonistetako batzuk bildu ditu listetan: Carme Forcadell, ANCko buru ohi eta Kataluniako Parlamentuko presidente ohia; Raul Romeva, Atzerri Gaietarako kontseilaria, garai batean ICVko kide izandakoa —orain, preso—; Toni Comin —Bruselan— eta Carles Mundo —kartzelan— kontseilariak; Ernest Maragall, PSCko kide ohi eta Generalitateko Hezkuntza kontseilari izandakoa... Bestalde, Democrates de Catalunya —Unioren eszisio bat— ERCrekin aliatuta aurkeztuko da. Horregatik, bere siglak huts-hutsik ez baizik ERC-Catalunya Si izena erabiliko du.

Alderdiak errepublikano, ezkertiar eta independentista gisa kokapen argia du diskurtsoan, eta praktikan sozialdemokratatzat jo litezkeen politikak egin izan ditu. 2010etik, prozesu independentistaren motorretako bat izan da, baina azkeneko hilabeteetako gertakarien ondoren, ez dago argi zer bide orri erabiliko duen abenduaren 21aren ondorenerako. Akordio programatiko bat zirriborratua du Junts Per Catalunyarekin, baina En Comurekin paktatzen saiatuko ote den zurrumurruak ere zabaldu dira.

2015ean Junts Pel Si koalizioaren barruan aurkeztu zen ERC. Kataluniako Parlamentura bakarrik aurkeztu zen azkeneko aldian (2012), ez zen iritsi 500.000 botoetara, eta aurten bozak irabazteko 900.000 botoen bueltan ibili beharko luke, bere historiako boto gehien eskuratuta —inoiz ez baitu pasatu 650.000 botoen langa—. Horregatik, ikusteko dago lortuko ote duen inkestek iragartzen dioten jauzi handia egitea. Alderdia legez kanporatzeko arriskua sumatuta, badaezpada zerrenda zuri bat ere erregistratu du: Dialeg Republica.

Junts Per Catalunya (JPC)

Azalberritzearen artea

Convergenteen azken siglak dira. 2015ean CiU zatitu zenetik, ez dute izena bera izan hauteskundeetan, eta bidea erabat argitu ezin duen alderdi baten itxura ematen ari da geroztik, nahiz eta saiatu den soslai independentista, moderatua eta liberala finkatzen. Inkestek hirugarren edo laugarren lekuan kokatzen badute ere, Carles Puigdemonten —orain erbestean— ondare politikoa baliatu nahiko dute abenduaren 21ean.

1978ko erregimena deitu zaion horren zutabe garrantzitsuetako bat izan zen CiU, harik eta norabidea biratu eta, 2012tik aurrera, independentziari begira jarri zen arte. CDC Convergencia Democratica de Catalunya liberal eta abertzalea 1974an sortu zen, Jordi Pujolen eskutik. Unio Democratica de Catalunya demokristau abertzaleak, berriz, 1931n du sorburua. 1978an batu ziren biak, eta CiU fundatu (Convergencia i Unio), aurrena koalizio gisa, eta 2001etik aurrera federazio gisa. Batasun arrakastatsua izan zen: 1980tik 2012ra hamar aldiz egin zituzten Kataluniako Parlamentuko bozak, eta bederatzitan irabazi zuen CiUk —PSCk 7.000 botogatik irabazi zion 2003an, baina diputatu gutxiago lortu zituen orduan ere—. 2015ean, Junts Pel Si koalizioan aurkeztu zen CDC —ordurako, Uniotik bereizita—. Milioi bat bototik gora jaso izan ditu CiUk ia beti, eta Kataluniako «erdiko karrila» izan da urte askoan; seny-aren eredua.

Jordi Pujolek 2003an alderdia utzita, Artur Mas izan du buru ordutik. Katalunian, emaitza txarrena 2006an izan zuen (936.000 boto), baina emendatu egin du gerora, eta 2012an 1.116.000 boto lortu zituen. Hala ere, inkestek atzean jarri dute azken urteetan, eta ERCk aurrea hartu ere egin zion Espainiako azkeneko bozetan. Eta 2015ean Artur Masen convergenteak Junts Pel Siren barruan joan zirenez, zail da neurtzen oraintxe zenbateko indarra duen Masen eta Puigdemonten alderdiak. Kontuan hartu behar da, gainera, 2015ean Unio eta CDC bereizi egin zirela.

2016an alderdia birfundatu, CDC siglak utzi, eta PDECat izendapena hartu zuten convergenteek, Partit Democrata Europeu Catala. Ez dira sigla horiekin inoiz aurkeztu bozen lehiara, eta aurten ere ez dira hala aurkeztuko. Junts Per Catalunya izena hartu —2015eko Junts Pel Si hari oihartzun eginez—, eta independentez osatutako zerrenda bat egiten saiatu da. Puigdemont bera izango da zerrendaburu, nahiz esana zuen ez zela berriro aurkeztuko.

Harekin joango dira listetan, besteak beste, Jordi Sanchez ANCko presidente ohia, Jordi Turull, Josep Rull eta Joaquin Forn kontseilariak —laurak preso—, Lluis Puig eta Clara Ponsati kontseilariak —Bruselan—, Neus Lloveras AMIko burua, Miquel Buch AMCko burua, Marina Geli PSCko kide ohia, Eusebi Campdepadros ERCko kide ohia, Eduard Pujol RAC1 irratiko zuzendari ohia, Salvador Cardus soziologoa... Inkestek hirugarren edo laugarren postuan kokatzen dute JPC, baina azken zundaketetan indarra berreskuratu du PDECaten lista plural horrek, eta independentzia deklarazioarekin lortutako ondareari eusten saiatuko da, baina lanak izango ditu ERCrekin lehen postuagatik lehiatzeko. Alderdiak bozen ondoren zer bide hartuko duen ere ez dago argi; ERCk eta PDECatek «aldebikotasunaren» eta Espainiarekin negoziazio bideak irekitzearen aldeko mezuak eman dituzte azken asteetan.

Zatiketa txiki bat izan berri du PDECatek. Germa Gordo alderdiko kide ohi eta Justizia kontseilari izandakoak Nova Convergencia fundatu du —ekainean utzi zuen Gordok PDECat, ustelkeria kasu batean haren izena atera eta Junts Pel Sik diputatu akta uzteko eskatu zionean—, eta hautagaitzak aurkeztu ditu abenduaren 21erako, baina hauteskunde batzordeak ez ditu onartu.

Ciutadans (C's)

Unionismoaren esperantza

2005eko manifestu bat du sorburuan. Beste askoren artean, Albert Boadellak eta Arcadi Espadak sinatu zuten agiri hura, eta Fernando Savaterren babesa ere izan zuen. Funtsean, pujolismoaren eta abertzaletasun katalanaren aurkako diskurtso bat du zimenduetan; PSCk eta PPk horiei aurre egiteko giharrik ez zutela iritzita eskatu zuten alderdi berri bat sortzeko, besteak beste Ermuko Foroa erreferente gisa aipatuta. 2006an aurkeztu zen Ciutadans lehen aldiz Kataluniako Parlamentura: 90.000 boto eta hiru diputatu lortu zituen —horien artean, Albert Rivera—.

Alderdia hasieratik saiatu da, Ciudadanos izenarekin, Espainiara eta beste herrialde batzuetara zabaltzen, baina arrakasta txikia izan zuen lehen urteetan, UPDrekin zuzenean lehian sartu eta galdu egin baitzuen. Europako 2014ko hauteskundeetan, berriz, emaitzak txukundu zituen, eta 2015ean Albert Riverak Katalunia utzi zuen —ordutik da Ines Arrimadas Kataluniako burua—, Madrilgo politika giroan murgiltzeko. Espainiako Kongresuan laugarren indarra da orain.

Katalanismoari eta Espainiakoak ez diren abertzaletasunei kontra egiteko asmoaz gainera, oinarri ideologiko ahulak erabili izan ditu alderdiak. Zentro-ezkerrekotzat jotzen zuen bere burua hasieran, eta jatorri katalana zuela aitortzen zuen. Aurten egin duten batzar baten ondoren, erreferentzia horiek ezabatu, eta konstituzionalista, liberal progresista eta demokrata gisa birdefinitu du bere burua.

Kataluniako Parlamentuko bozetan, gora baino ez du egin lehen aldiz aurkeztu zenetik: 106.000 boto 2010ean, 275.000 2012an, eta 736.000 2015ean. Azken legegintzaldian 25 diputatu izan ditu, eta oposizioko burua izan da, PSC hirugarren postura bultzatuta. Boto emari handiena abstentziotik jaso izan du, eta abenduaren 21ean PSCtik, PPtik eta abstentziotik are gehiago jateko aukera izango du. Ez litzateke harrigarria izango, modu horretan, 800.000 bototik gora ibiltzea. Horregatik, hauteskundeak irabazteko aukera hatzekin ukitzeko sentipena du alderdiaren zerrendaburuak, Ines Arrimadasek. Ez dago argi, ordea, irabazita ere gobernatzeko aukerarik izango duten. Arrimadas saiatua da frontea osatzen, eta boto gehien jasoko duen zerrendari gobernatzen uzteko eskatu du, baina PSCk esana du ez diola Ciutadansi botoa emango presidentea aukeratzeko inbestidura saioan.

Kataluniako Sozialisten Alderdia (PSC)

Izandakora itzuli nahi

PSC ez da PSOE. Trantsizioan, Kataluniako indar sozialdemokratek koalizio bat osatu zuten. Han ziren Partit Socialista de Catalunya (Congres), Partit Socialista de Catalunya (Reagrupament) eta PSOEren Bartzelonako Federazio Katalana, besteak beste; hasieratik, Espainiako PSOErekin federatuta existitu eta aurkeztu da hauteskunde guztietara. Baina PSC ez da PSOE. Eta hori da alderdiak duen tentsioa: katalanismoa eta bere autonomia defendatu beharra, eta PSOEren erabaki batzuk irentsi ezina. Militante asko joan-etorrian ibili zaizkio horregatik. Tentsioak tentsio, formulak nahiko ongi funtzionatu izan dio. Udaletan eta Espainiako Gorteetarako bozetan lehen indarra izan da usu, eta Kataluniako Parlamentukoetan, bigarrena —2015ean Ciutadansek postu hori kendu zion arte—. 1999tik aurrera, Ciutadans Pel Canvi plataformarekin aurkeztu zen koalizioan, eta 2003an CiU gainditzea lortu zuen botoetan —aldi bakarra izan da—; nahiz eta lau diputatu gutxiago izan, gobernu koalizioa osatu zuen ERCrekin eta ICV-EUiArekin. Pasqual Maragall izan zen Generalitateko lehen presidente sozialista. Baina gaizki bukatu zen agintaldi hura: ERCren kontseilariak gobernutik bota, eta hauteskundeak aurreratu zituzten 2006an. PSCk botoak galdu eta CiUk irabazi arren, berriz tripartitoa osatu zuten PSCk, ERCk eta ICV-EUiAk; Jose Montilla sozialista izendatu zuten presidente. CiUk hondoa jo zuen urteak izan ziren horiek, 2003 eta 2010 artean. Kataluniako Estatutua berritu eta, ondoren, Auzitegi Konstituzionalak murriztu zuen urteak ere izan ziren.

2010ean bukatu zen ziklo hori. Boto galera handia izan du PSCk geroztik; Kataluniako Parlamentuan lehen indarra izateari utzi, eta hirugarrena bihurtu zen hamarkada eskasean: 2003an, 1.031.000 boto; 2006an, 796.000; 2010ean, 575.000; 2012an, 525.000. 2011n, bestalde, Bartzelonako alkatetza galdu zuen. 2010ean, Artur Mas lehen aldiz presidente izendatzea ahalbidetu zuen PSCk, abstentziora jota.

Edozein moduz, Miquel Icetak, 2015eko hauteskunde kanpainan eskuko telefono gehienetan dantzari agertu zen hark, eutsi egin dio erorialdiari: 523.000 boto lortu zituen 2015ean. Ordezkaritza hori zabaltzen saiatuko da abenduaren 21ean, PSC garai batean izan zen indar zentral hura izateko berriz. 2012tik aurrera, alderdiaren deskonposizioa argia izan da; federalismoaren ideia berreskuratu duen arren, independentismora gerturatu izan dira alderdiko sektore katalanistenak. PSC barruan eta PSOErekin duen harremanean ere krisiak izan ditu, eta, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua Katalunian ezartzea babestu eta gero, alderdiko zenbait kidek utzi ere egin dute PSC.

Nolanahi ere, Icetak baza bat eskuratu du hauteskunde hauetarako: Unioko kide batzuk sartu ditu bere listetan —Uniok 103.000 boto lortu zituen 2015ean—. Ramon Espadaler Unioko idazkari nagusi izandakoa eta Beatriz Silva PSUCeko kide ohia txertatu ditu, baita Carlos Jimenez Villarejo fiskal ohia ere, Podemosetik aterea, zerrenda «transbertsal» bat egiteko asmoz. Josep Antoni Duran i Lleida Unioko buru historikoak esan du: «PSCri emango diot botoa, konplexurik gabe». Inkestek diote emaitzak hobetuko dituela PSCk —azken urteetan abstentziora joan zaizkion botoetatik, noski—, baina katalanismo moderatuaren botoa bereganatu nahian Uniorekin egindako tratu horrek kontrako efektua ere ekar diezaioke, Espadaler eta harenak abortuaren eta homosexualen arteko ezkontzen kontrario direlako, eta boto emaile sozialista batzuek nekez irentsiko dutelako hori. Esperantzarik ez du galdu Icetak, halere.

En Comu Podem (ECP)

Erdiko bidearen lemazain

M-15eko mugimenduen ondorio bat da, alde batetik, baina, Katalunian, ezkerreko indar espainiarrek egindako bidearen oinordekoa ere bada, bestetik. 2016ko abenduan sortu zen Catalunya En Comu, eta konfluentzia askoren emaitza da Xavier Domenech buru duen alderdia. Espainiatik sustatuta, 2014an Podem egituratzen hasi zen Katalunian, Podemosen tokiko organo gisa, baina autonomia aitortuta. Aldi berean, En Comu, Guanyem eta halako izenekin tokiko plataforma batzuk antolatzen ere hasi ziren, ICVko eta EUiAko kideekin hainbat herritan. 2015eko Kataluniako Parlamenturako bozak iritsi zirenean, egituratze horiek ez zeuden helduta, eta behin-behineko plataforma bat adostu zuten ordurako: Catalunya Si Que Es Pot. 368.000 boto eta 11 diputatu atera zituen —ICV-EUiAk 2012an zuen tamaina—.

En Comu ondoren etorri da, espazio politiko horri egitura sendoagoa eman nahian. Hilabete batzuk baino ez dauzka, apirilean bukatu baitzuen eraketa. Sortzaileen artean daude Iniciativa Per Catalunya Verdseko (ICV), Esquerra Unida i Alternativako (EUiA), Podemeko eta Equoko kideak, independenteez eta tokiko plataformez gain —Ada Colau Bartzelonako alkatearen Barcelona En Comu, adibidez, aparteko mugimendu bat baita—. En Comuk ezkerreko alderdien konfluentzia gisa aurkezten du bere burua, eta erabakitzeko eskubidearen eta erreferendum hitzartu baten aldekotzat. Edozein moduz, Kataluniaren independentziari buruz jarrera argirik hartu ez duen bakarra da —inkesta batzuen arabera, boto emaileen %30 independentistak ditu, eta %55 kontrakoak; anbiguotasuna esplikatuko luke horrek—.

Pablo Iglesiasek eta Podemosen Madrilgo taldeak hasieratik oso garbi izan dute Catalaunya En Comu eta Podem ezin zirela bereizita ibili. Baina Kataluniako atalak, Podemek —Albano Dante Fachinen gidaritzapean—, barne kontsulta bat egin zuen apirilean, eta En Comuren proiektuan ez sartzea erabaki zuen. Kataluniako eta Espainiako alderdi moreko buruen arteko harremana zaila izan da, eta urriaren 1eko erreferendumak eta ondorengo gertakariek hankaz gora bota dituzte elkarren arteko konfiantza apurrak. Iglesiasek 155. artikulu partikularra ezarri dio Dante Fachini: kargua utziarazi dio, eta alderdiaren kontrola hartu du Madrildik. Zatiketa eragin du horrek: Kataluniako Podemen 25 bat zirkulu desegin dira, eta zuzendaritzako kide batzuek ere utzi egin dute. Horietako batzuekin, Som Alternativa plataforma antolatu du Dante-Fachinek, eta negoziazioetan aritu da independentista katalanekin, baina azkenean erabaki du ez aurkeztea bozetara.

Iglesiasek, berriz, Madrildik, En Comurekin koalizioa itxi du. Abenduaren 21ean En Comu Podem izenarekin aurkeztuko dira, eta ICVren, Podemosen, EUiAren, Equoren eta comutarren ondareari eusten eta zabaltzen saiatuko da. Xavier Domenech izango da koalizioaren hautagaia; harekin joango dira joera ugarietako ordezkariak: esaterako, Joan Josep Nuet —EUiAko koordinatzailea, CSQEPren diputatua, eta parlamentuko mahaiko kide gisa inputatua— eta Jessica Albiach —Podemeko kide eta Dante-Fachinekin kritikoa—. Ada Colauk, oraingoz, Bartzelonako alkatetzan jarraituko du lanean, nahiz eta listak itxiko dituen.

Espainiako azken bozak irabazi egin zituen En Comu Podemek Katalunian, 848.000 boto lortuta. Baina boto emaileek joera oso diferentea izan ohi dute Kataluniako Parlamenturako deialdietan, eta horietan gizarte sektore honek ez du inoiz gainditu 350.000 botoen langa —ICV-EUiAk lortu izan dituen emaitzen neurrian—. Edozein moduz, inkestek parekatuta ematen dituzte indar independentistak eta unionistak, eta En Comu Podem izan liteke parlamentuan gontza lanak egingo dituena eta datozen urteetan Katalunia bide batera edo bestera bultza dezakeena. Kataluniak aldebakarreko urratsik ez egitea izango du xedeetako bat. Subiranotza auziei hainbesteko garrantzia eman beharrean, «arazo sozialei» erantzuteko eskatzen ari da, eta defenditzen du Espainiarekin erreferendum hitzartu bat egitea dela aukera bakarra. Ez du argitu zer hitzarmen politika izango duen bozen ondoren.

Alderdi Popularra (PPC)

Rajoyren peoia

Manuel Fraga Iribarneren Alianza Popular bukatu zen tokian hasi zen PP, 1989an. Katalunian, Jorge Fernandez Diazek —duela gutxi arte Espainiako Barne ministro izandakoak— egin zuen bi alderdien arteko zubia, 1983tik 1989ra Alianza Popularren Kataluniako presidentea izan baitzen eta, segidan, 1989tik 1990era, Alderdi Popularreko presidentea. Emaitza eta ordezkaritza oso apalak zituzten popularrek urte haietan, eta Alejo Vidal-Quadrasek kendu zuen kargutik Fernandez Diaz, CiUren aurkako kanpaina gogorragoa egiteko. PPk garai hartan izan zuen Kataluniako Parlamentuan inoiz lortu duen boto kopuru handienetakoa (422.000), 1995ean. Baina suertatu zen CiUk PPren beharra izan zuela Generalitatean, eta PPk CiUren beharra izan zuela Madrilen, Aznarrek Kongresuan gehiengo sinplea lortu baitzuen 1996an. Ordukoa da CiUren eta PPren arteko hitzarmena, eta orduan kendu zuten kargutik Vidal-Quadras. Fernandez Diazen anaia Albertok hartu zuen alderdiaren gidaritza. Gero, Alicia Sanchez Camacho jarraitu zitzaion. Gorako urteak etorri zitzaizkien urte horietan: 2011ko Espainiako Gorteetarako bozetan 716.000 boto lortu zituzten, eta, 2012an, Kataluniako Parlamentuan orain arte izan duten emaitza onena, 472.000 boto. Alderdiak PP izateari utzi, PPC izena hartu eta logotipoan senyera sartu zuen urtea ere izan zen hori.

Sanchez Camacho espioitza eta ustelkeria kasu batean nahastuta agertu ostean, popularrek itzalera eraman dute, eta Xavier Garcia Albiol jarri haren lekuan —aurtengo martxoan izendatu dute PPCko presidente—. Badalonako alkate gisa egin zuen izena Garcia Albiolek, eta 2015eko Kataluniako Parlamentura zerrendaburu aurkeztu zen. Bigarren lekua irabazteko esperantzaz aurkeztu baziren ere, 349.000 boto lortu zituzten, eta parlamentuko bosgarren indarra izan dira. Prozesu independentistaren aurkako mezu gogorra eman du Albiolek, eta, Ciutadanseko Ines Arrimadasekin batera, unionismoaren aurpegi bilakatu da Katalunian. Espainiar sentitzen direnak kalera mobilizatzera ateratzeko eta gobernuaren eta parlamentuaren erabaki asko judizializatzeko eragileetako bat ere izan da.

Funtsean, 2015eko zerrenda berdintsuarekin —bera zerrendaburu eta Andrea Levy bigarren— eta diskurtso are eta gogorragoarekin aurkeztuko da abenduaren 21ean —TV3 jopuntuan jarria dauka, adibidez—. Abstentzioaren parte bat mobilizatzearen errenta lortu dezake, baina pentsatzekoa da Ciutadansek aise kenduko diola boto erabilgarria. Unionistek irabaziz gero, gobernua habetzeko laguntza bat izango dira popularrak, eta, galduz gero, Rajoyk Bartzelonatik prozesua trabatzeko erabiliko duen peoia.

Candidatura d'Unitat Popular (CUP)

Errepublika, eta kito

Azpitik gora eraikitako ezusteko baten historia da CUPena. Kataluniako ezker erradikala eta ezker independentista guztiz atomizatutako mugimendua izan baita orain berri arte, zeharo bazterrekoa. CUPen gurasoek izen asko dituzte, eta bi joera elkartzen dira: Kataluniako ezker independentistaren mugimendu nazional bat antolatzeko ahaleginak batetik, eta udaletako saiakera munizipalistak bestetik. 1980ko lehen urteetan, Nacionalistes d'Esquerra (NE) koalizioa saiatu zen, baina ez zuen lortu Kataluniako Parlamentuan sartzea. Independentistes dels Paisos Catalans (IPC), berriz, mugimendu politiko ugariak antolatzen saiatu zen Terra Lliureren inguruan, hauteskundeetara aurkezteko asmorik gabe. NE 1984an desagertu zen. Urte berean, PSANek —Partit Socialista d'Alliberament Nacional; 1968an sortu eta 2015ean desegina— eta IPCk bat egin zuten, MDT Moviment de Defensa de la Terra sortzeko. Bost urtez iraun zuen MDTk, eta 1989an desagertu zen.

Bestalde, udaletan herri hautagaitzak antolatzeko saiakerak ere 1980ko hamarkada hasierakoak dira, baina oso herri gutxitan egin zuten aurrera. 1980ko eta 1990eko urte horiek guztiak joan-etorri eta zatiketa askoko urteak izen ziren ezker independentistarentzat, baina tartean, 1986an, AMEI sortu zen, Assemblea Municipal de l'Esquerra Independentista. MDTren gerizpean, udal hautagaitzak ugaritzen hasi ziren horrela, oso apal izan bazen ere: 1987an 10.000 boto eta 50 hautetsi lortu zituzten udal batzuetan.

Bitartean, ETAk Hipercorren egindako atentatuak (1987) bidea ia erabat itxi zion Terra Lliureri. 1991n desegin zen Terra Lliureren adar bat, eta Baltasar Garzonek 1992an independentisten kontra egindako operazioak —ehunka atxilotu eta torturatu izan ziren— guztiz hebainduta utzi zuen mugimendua: zatituta, indarrik gabe, elkarrekin haserretuta ere bai...

1990eko hamarkada bukaeran hasi zen berrantolatzen ezker independentista: AMEI berria 1998an, MDT berria 1998an, gazte mugimenduen bat egitea 1999an, Endavant OSANen sorrera 2000n... Eta, horiekin batera, ateneoak, okupa etxeak, komunikazio proiektuak, ikasle mugimenduak, kooperatibak... Eta mugimendu horiek guztiak trinkotzeko bilera bat, 2000. urtean, Vinarosko prozesua esaten zaiona. Bilera haren espirituan hasi zen orain CUP dena egituratzen. Endavant OSAN (sozialista) eta Poble Lliure (MDTren ondorengoa) alderdiak, Arran gazte taldea, COS sindikatua, SEPC ikasle sindikatua, lekuan lekuko batzarrak... Askotariko talde eta mugimendu independentista eta antikapitalisten ordezkariak elkartuz joan dira. 2003an itzuli ziren indar pittin batez udaletara, eta hazi egin da geroztik: 2003ko udal bozetan 6.600 boto lortu zituzten CUP zerrendek (14 herritan); 2007koetan, 20.000 boto (34 herritan); 2011koetan, 64.500 boto (75 herritan).

Herrialde Katalan guztietarako erakunde politiko gisa antolatzea erabaki zuen 2009an, munizipalismoa gaindituz. Kataluniako Parlamentura aurkeztea erabaki zuen 2012an. 126.000 boto eta hiru ordezkari lortu zituen David Fernandez buru zuen zerrendak, eta independentismo antikapitalista, lehen aldiz, parlamentura sartu zen; noiz eta prozesu independentista inoizko garai kartsuenean sartzera zihoan garaian. Prozesu hori iritsi den tokira iritsi den bezala iristeko eragile ezinbestekoetako bat izan da CUP. Independentzia bururaino eraman behar zela eta hori desobedientziaren bidetik egin beharko zela modu argienean adierazi dutenak izan dira. Orain, independentismoan aldebikotasunaren aldeko mezuak indartzen ari direla, aldebakarreko bidearen beharra markatzen du oraindik ere. Carles Riera Endavanteko kide eta CEMENeko presidente ohia zerrendaburu doala, mezu hori indartzea eta ezkerreko sektore berrietara iristea izango dute helburua abenduaren 21ean, nahiz eta inkestek iragartzen dieten pisua galduko dutela parlamentuan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Boluntarioak hondakin artean harrapatuta daudenen bila, Idliben, Siria. ©KARAM AL-MASRI / EFE

Sirian egoera «jasangaitza» dela ohartarazi dute nazioarteko GKEek

Mikel O. Iribar

Ekialde Hurbilean 12.000tik gora dira hildakoak. Erbesteratu kurduek eskatu dute giza laguntza Kurdistango Ilargi Gorriaren bitartez emateko. Turkiako presidentea kaltetutako eremuetan izan da
Kasko Zuriak, erreskate lanean, atzo gauean, Idliben, Siria iparraldean. ©YEHYA NEMAH / EFE

Dagoeneko 12.000tik gora dira Ekialde Hurbileko lurrikaretan hildakoak

Mikel O. Iribar

Askok autoetan eta kalean lo egin dute, etxera itzultzeko beldur. Milaka dira kaltetuak, eta lurrikarak are gehiago okertu du Siria iparraldeko eta Kurdistango egoera. Erreskate taldeak hondamendi eremuetara iritsi ezinik dabiltza.

Kenyako Baserritarren Ligako idazkari nagusi Sidi Otieno, elastiko gorri batekin. ©OSKAR EPELDE JULDAIN

Kenyako Gobernuaren aurkako salaketa jarri dute transgenikoak baimentzeagatik

Oskar Epelde Juldain

Kenyako nekazari talde batek gobernua salatu du, hazi transgenikoen inportazioabaimentzeagatik. Datorren astean hasiko dute epaiketa.

AEBetako presidente Joe Biden, Kongresuko agerraldian. / ©Jacquelyn Martin, EFE

Biden: «Txinak gure subiranotasuna urratzen badu, geure burua babestuko dugu»

Arantxa Elizegi Egilegor

Estatuaren egoerari buruzko agerraldia egin du AEBetako estatuburuak. Besteak beste, Ukrainako gerraz eta droga trafikoaz aritu da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Mikel P. Ansa

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.