Erantzun arrakastatsua izan du greba orokorraren lehen egunak

Frantziako Gobernuaren erretreta erreformaren aurkako manifestazioa azken urteetako jendetsuena izan da Baionan. Sektore asko greban daude, eta mugimenduaren segida antolatzen ari dira

Atzo goizean 7.000 pertsona bildu ziren Baionan, erretreten erreformaren aurka. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Baiona txiki gelditu zen atzo.7.000 pertsona bildu ziren erretreten erreformaren aurka: azken urteetan Lapurdiko hiriburuko manifestazioetan ikusitako kopururik handiena. Sektore anitzetako jendea bildu zen, usaian mobilizatzen ez diren lekuetatik ere. Funtzio publikoa handizki ordezkatua zen, baina pribatuan ere biziki segitua izan zen greba.

Sindikatu gehienek parte hartu zuten deialdian. Intersindikala osatu zuten CGT, FO eta FNSU sindikatuek, eta LABek ere bere langileria batu zuen. ELB, Bizi, Alternatiba, alderdi politikoak eta Jaka Horiak ere gerturatu ziren. Frantziako Gobernuak ezarri nahi duen erretreten erreformaren harira, greba orokorrera deitua zuten sindikatuek. Baionan mobilizazioak oihartzun handia izan bazuen ere, antolatzaileen erronka da denboran irautea.

Samathan Hourquescos Baionako CGT sindikatuko bozeramaileak ziurtatu zuen erretreten erreformak «babes soziala hausten» duela. «Orain arte elkartasuna zeukan oinarrian erretretak. Erreforma hori indibidualista izanen da, eta orain arte geneuzkan babes guztiak kenduko dizkigu». Esaterako, erreformak erretiroa goiz hartzeko aukerak galaraziko dizkie sektore batzuetako langileei. Pentsioak jaitsiko dizkiete, Frantziako Gobernuak hura kalkulatzeko sistema gogorragoak ezartzea duelako helburu.

Hourquescosekin bat egin zuen SNUIPP irakasleen sindikatuko Katy Petrissansek: «Gure kasuan, 800 euro galduko genituzke hilabetero erreforma horren ondorioz. Lotsagarria da. Erretretan bizi ahal izan behar dugu».

FO sindikatuko Herve Larrukerrek ere argi du: «Sistema honekin, denak aterako gara galtzaile: gazteak, zaharrak, pribatu ala publikoko langileak, langabezian daudenak».

Sindikatuetako ordezkari guztiek esan zuten mobilizazioak segituko duela. Eñaut Aramendi LAB sindikatuko ordezkariak uste du epe «luzeko» mobilizazioa izango dela: «Ezin dugu hori pasatzera utzi, eta horren kontra borrokatzen segitu beharko dugu». Euskal Herrian pentsio sistema propioa behar dela aldarrikatu zuen Aramendik. «LAB gisa, alternatiba bat eraiki nahi dugu Euskal Herrian, eta pentsio sistema propioa izatea ere interesgarria izan liteke, Frantziako Estatuak prekarizatzen gaituelako».

Iraupenaren erronka

Iban Sarratia Baionako portuko langilea bere sailean mobilizatu den jendeaz mintzatu zen:«Baionan, egun, asko gaude greban. Nagusi batzuk ere ikusten ditut. Denak ohartzen dira inportantea dela». Peio Dufau CGT sindikatuko trenbide langileak ere nabarmendu zuen zuzendaritzako kide batzuk greban zeudela, eta, orotara, langileen %90: «Mobilizazio historikoa».

Frantziako Gobernuaren erreformak sistema bateratu bat egiteko asmoa dauka, sailkako abantailak kenduz. Sarratiaren arabera, «gobernuak dio abantailak baditugula, baina besteen erretretak igo behar dira, eta ez gureak apaldu». Berdin mintzatu zen CGTko Dufau: «Gobernuaren diskurtsoak ez du funtzionatzen. Gobernuak lehengo ereduak ditu buruan pribilegiatuak garela erraten duenean. Baina dagoeneko pribilegio anitz galdu ditugu, gauzak aldatu dira».

Jennifer Vasseur Hego Akitaniako energia saileko langileak segurtatu zuen mugimenduak segituko duela, Frantziako Gobernuak gibelera egin arte: «Indar harremana enpresetan egin behar da. Energia sailean baditugu dagoeneko ekintzak bidean; adibidez, ordaindu ez dutelako zuzengabeki argindarra moztu zaien herritarrei argindarra berriz ezarriz. Mugimendu iraunkorra dugu, luza daitekeen greba deialdian baikara».

Philippe Goya Hendaiako itsas ospitaleko langileak ere argi du erreforma kendu arte borrokan segituko duela. «Mugimendua ez da egun geldituko; segituko du zenbait denboraz oraino. Herriko hauteskundeak heldu dira, eta, jende horiek politikatik bizi direnez, hor dugu balantza gure aldera ekartzen ahal».

Alain Larrea abokatuak espero du protestek negoziatzera bultzatuko duela Frantziako Gobernua. «Erreforma bat ez da horrela egiten, ministerioetan gorderik».

Mugimendu sozialaren segida antolatzeko, sindikatuek eta beste eragileek biltzarrak antolatu zituzten atzo arratsaldean. Trenbideetako langileak astelehenera bitarte izango dira greban. Irakasleek ere datozen egunetan greban segitzea aurreikusten dute. Erreformak haserrea piztu du, beraz, eta, dirudienez, atzokoak hasiera baizik ez dio eman mugimendu sozialari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.