jon olano
Aurrekontuak. Eusko Jaurlaritza. ANALISIA

Aliantza hirukoitza

2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako testuinguru politiko berriaren kausa eta ondorio gisa jaio zen Podemos 2014an; krisi politikoak eta ekonomikoak sortutako ezegonkortasunaren emaitza, eta, aldi berean, alderdi biko sistema amaitutzat eman eta PP-PSOE binomiotik harago joango zen jokaleku politiko bat sortzearen eragile nagusietako bat. Hutsetik hasita, emaitza ikusgarriak eskuratu zituen 2014ko Europako hauteskundeetan nahiz 2015ean eta 2016an, Espainiako Gorteetarakoetan. Azaroko hauteskundeek erakusten dute, diputatu kopuruan kolpea hartzeaz eta egungo boto bolatilitate handiaz harago, alderdi moreak lur egonkorra duela.

Madrilen arrakastaren gerizpean hazi ziren Ahal Dugu Euskal Herriko filialak. 2015eko foru hauteskundeek eman zioten neurria: 192.000 boto, Nafarroan zazpi parlamentari eta hogei batzarkide; hirugarren indarra Euskal Autonomia Erkidegoan eta laugarrena Nafarroan. Emaitza onak berretsi zituen hurrengo urtean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan: 157.334 boto eta 11 legebiltzarkide, ustez lau hanka zituen jokaleku politiko batean. «Gehiengo sozial berri bat osatzea» izan zen Pili Zabalaren mezua hauteskunde gauean, aurrekanpainan EAJ Ajuriaenetik «kanporatzeko» asmoa agertu eta gero.

Aitzitik, lau urteotan makila eta azenarioa eman dizkio Ahal Dugu-k EAJri; sorreratik, jeltzaleen kontakizuna indartu du indarkeriari buruzko irakurketan eta Espainiaren lurralde egituraketa eguneratzeko planteamenduetan, eta oposizio lanetan estu hartu du eskola jangelen edo Osakidetzako lan eskaintzen alorrean, besteak beste. Iaz arte, esparru ekonomikoan oposizioaren lidergoa erakutsi nahi izan zuen, «euskal ezkerra» zela aldarrikatuta eta, bide batez, EH Bildu eta PSE kategoriatik kanpo utzita.

Azken hilabeteetan, ordea, erakundeen araberako geometria aldakor bat gauzatu du Lander Martinezen alderdiak; EH Bildurekiko aliantzak lehenetsi ditu zenbakiek eman duten udaletan, eta bi indarrak eskutik doaz hainbat ekimenetan, esaterako, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Eusko Jaurlaritzaren gobernabidean, berriz, ezinbesteko pieza bihurtu da Elkarrekin Podemos: astebetean estatutuaren erreformari buruzko testu artikulatuak eta aurrekontuei buruzko akordioak azaleratu dutenez, errei zentralean kokatu da koalizioa EAJ eta PSE-EErekin, gehiengo absoluturako falta zitzaion legebiltzarkidea emanda. Aliantza hirukoitza, alderdietan eta egoitzetan: Iruñea eta Gasteiz bideragarri, Madrilen, Pedro Sanchezen gobernu egonkor batek aukerak zabal ditzan.

Eusko Legebiltzarreko datorren urteko hauteskundeek esango dute hautesleek Elkarrekin Podemosen posibilismoa saritzen edo zigortzen duten. Bitartean, ildoak zehazteko gogoetetan, kontuan hartzeko elementuak mahai gainean ditu koalizioak: lehendakarigai aurkeztu zuen legebiltzarkidea EAJ eta EH Bildurekin lerratu zen azaroaren 28ko eztabaidan erabakitzeko eskubidearen arloan, eta Ezker Anitzak aurrekontuen akordioaren aurka bozkatuko du. Mas Paisek 8.542 boto jan zizkion azaroan Bizkaian, eta ikusteke dago Madrilgo Equo-Podemos dibortzioak eraginik izan dezakeen. Moreek badute erronka arima guztien kudeaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.