Albistea entzun

Suedia NATOn. Amineh Kakavabeh. Diputatu independentea

«Ez dut uste Suediak orain NATOn sartzeko beharrik duenik»

Kakavabeh oso kritiko agertu da gobernuaren erabakiarekin, eta «lotsagarritzat» jo du «Erdogan diktadorearekin itun bat egitea bera».

RICARD GONZALEZ Tamaina handiagoan ikusi

Ricard Gonzalez -

2022ko uztailak 13 - Stockholm

Amineh Kakavabeh diputatuak (Saqqez, Kurdistan, 1970) Suediako Parlamentuan hartu du BERRIA. Legebiltzarra hutsik dago, irailaren 11ko hauteskundeak izanen direla-eta desegina baitago. Kakavabehk hamalau urte egin ditu diputatu, eta azken hirurak izan dira bizienak. Ezkerra alderdia utzi eta independente bihurtu ondoren, Kakavabehren botoa funtsezkoa izan da ezkerreko blokearen eta eskuinekoaren arteko berdinketa hausteko.

Azken aldiz, joan den hilabetean salbatu zuen gobernu sozialdemokrata, zentsura mozio bat zela eta. Ordainetan, kurduen kausaren aldeko babesa mantentzeko bermeak galdegin zituen. Nolanahi ere, horrek ez zuen eragotzi gobernuak hitzarmen eztabaidagarri bat sinatzea Recep Tayip Erdogan Turkiako presidentearekin: itun horren bitartez, arriskuan jarri da Suediako kurduen diasporaren segurtasuna, Turkiak Suedia eta Finlandia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeari jarritako betoa kentzearen truke.

Zer iritzi duzu Suedia NATOn sartzearen inguruan?

Ni horren kontra egon naiz beti. Ez dut uste Suediak orain horren beharrik duenik; ez, behintzat, Gerra Hotzaren garaian baino gehiago; orduan, gure armadaren armak ez ziren hain aurreratuak, eta SESBeko [Sobietar Batasuneko] armada gaur egungo Errusiakoa baino indartsuagoa zen. Munduak zera behar du, eskoletarako diru gehiago, kulturarako inbertsio gehiago, eta ez arma gehiagorik; izan ere, Kurdistango zibilen kontra erabiltzen dituzte gero. Jarrera oso hipokrita du Mendebaldeak.

Nolatan aldatu da horren inguruko iritzia Suedian?

Ukrainako gerrak eragina izan du, baina baita NATOren alde egin duten kanpaina mediatiko izugarri handiak ere. Hobe izanen zen galdeketa bat egin izan balute, edo, gutxienez, iraileko bozen ondoren hartu balute erabakia. Inkestek erakusten dutenez, ez dago NATOren aldeko gehiengo nabarmenik ere. Alabaina, Alderdi Sozialdemokratak uste zuen ez zitzaiola interesatzen auzi hori kanpainako gai bihurtzea, eta horregatik bizkortu zuen dena.

Zer iruditzen zaizu Erdoganekin egindako hitzarmena?

Lotsagarria da Erdogan diktadorearekin hitzarmen bat egitea bera, arriskuan jartzen baititu Suediako biztanleen eskubideak. Nik gaitzetsi egiten dut Errusiak Ukrainari eraso egin izana, baina ez dut uste alde handirik dagoenik Turkiak hiri eta herri kurduetan egiten dituenen ondoan, ezta Siria iparraldeko inbasioaz oso bestelakoak direnik ere. Gogoan izan dezagun milaka preso politiko daudela Turkian; besteak beste, HDPko [Herrien Alderdi Demokratikoko] buruzagia, Salahdin Demirtas. Zer alde dago haren eta [Aleksei] Navalniren artean? Iruditzen zait Mendebaldeak hipokrisia handiz jokatzen duela.

Zuzenean azalpenik eman al dizu inork hitzarmen horren edukiaren inguruan?

Ez, prentsan irakurri dudana baino ez dakit. Gobernuak apenas azaldu duen ezer jendaurrean; Finlandiak berak ere baino gutxiago. Beldur handia dio Erdogani. Hiru auzi aurkeztu dizkiot organo judizial bati, ebalua dezan ea hitzarmen horrek konstituzioa urratzen duen, niri hala iruditzen baitzait. Ea zer erantzuten duen.

Magdalena Andersson lehen ministroaren jokaera dela eta, traizio egin dizula iruditzen al zaizu, kontuan harturik hura kargutik kentzea eragotzi zenuela?

Beldur nintzen horrelako zerbait gertatuko ote zen, legegintzaldiaren amaieran gaudenez gero. Eta, bai, traizio bat izan da, baina ez didate niri traizio egin, herri kurduari baizik. Suediako herri osoari egin diote traizio. Printzipio eta duintasun kontua da: herritarren eskubideak ez lirateke negoziatu beharko Erdogan bezalako tirano batekin. Gobernuak alferrik galdu du herrialdeak duen humanitario ospea, gutxiengoen babesle izena, Olof Palme liderrak eta beste zenbaitek urte askoan landua.

Kritikei aurre egin nahian, gobernuak dio ez duela legerik aldatuko, eta ez dela suediarrik deportatuko…

Eta zer gertatuko da asiloa eskatzeko prozesuan dauden milaka pertsonarekin, oraindik ere herritar ez diren horiekin? Oso kezkagarria da. Hitzarmenaren eraginez, handiagoa izanen da Suediako eta Turkiako zerbitzu sekretuen arteko koordinazioa, eta, horren ondorioz, asilo eskaera asko baztertuko dira. Erdoganek herri kurdu osoa suntsitu nahi du, ez soilik Turkian dagoen partea.

Azken batean, deportazioak epaileen mende daude. Uste duzu epaileek blokeatu ahalko dituztela deportazioak?

Kontua da Suediako zerbitzu sekretuen txostenak baldintzatu eginen dituztela. Bada aurrekari bat, Resul Ozdemir gaztearena; adin txikiko zelarik iritsi zen Suediara, eta iaz deportatu zuten, oraindik ere asilo eskatzaile zelarik. Hemen dauka familia osoa, eta, orain, Turkian daukate kartzelatuta.

Itxaropen izpirik ba al duzu hitzarmen hori ez dela ezarriko?

Ez, egia esateko. Izan da kritikarik, baina ez dut uste erantzuna behar bezain irmoa izan denik. Kurdu asko beldur dira orain, eta ez dira hainbeste mobilizatuko. Izan ere, jendaurrean pankartaren batekin edo alderdiren bateko banderarekin ibiltzeak ondorio larriak ekar ditzake.

Aurkeztuko al zara hurrengo hauteskundeetara?

Ez nuen aurkezteko asmorik, baina orain horretan pentsatzen hasia naiz berriro. Aurkeztekotan, ezkerreko talde minoritarioren baten buru aurkeztuko nintzateke. Eta legegintzaldi honetan parlamentuan berriro ere nire botoa ezinbestekoa izanen balitz, hitzarmen hori baliogabetzea jarriko nuke baldintza nagusi.

Ikusi gehiago: Erdoganekin adostutakoa salatuz

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Mafapo Positibo Faltsuen Amak elkarteko kide batzuk, artxiboko irudi batean. ©BERRIA

Kolonbiako positibo faltsuak

Cecilia Valdez

Uriberen agintaldian, militarrei emaitzak galdegiteko asmoz aurrera eraman zuten Segurtasun Demokratikoaren Doktrina. Egiteko hark premiaturik, soldaduek milaka gazte pobre exekutatu zituzten judizioz kanpo. Soachan 2007 eta 2008 artean gertaturikoa da adibideetako bat.
 ©DAVID FERNANDEZ

«Marokok ikasi du horrelako ekintzek dirua ematen diotela»

Olatz Silva Rodrigo

Ekainaren 24an Melillan gertatutakoa argitu nahian, ikerketa egin du Lighthouse Reportsek. Eta bertan hartu du parte Jose Bautista kazetariak. Pertsona bat Espainiaren kontrolpeko lurraldean hil zela egiaztatu dute.
Pedro Castillo, Poliziaren autoan, asteazkenean atxilotu berritan. ©RENATO PAJUELO/ EFE

Pedro Castillok Mexikori egindako asilo eskaera berretsi du kartzelatik

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Peruko presidente ohia preso egongo da, oraingoz, hilaren 13ra arte. Dina Boluartek Mexikoren esku utzi du asilo eskaeraren auzia.

Europako Parlamentuak Estrasburgon (Frantzia) duen egoitza. ©EFE

Europako Parlamentuko presidenteorde bat atxilotu dute, ustelkeria egotzita

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Bost lagun atxilotu dituzte guztira. Poliziaren arabera, Qatar Europako Parlamentuan hartzen dituzten erabaki politiko eta ekonomikoetan eragina izaten ahalegindu zen, besteak beste, atxilotuen bidez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.