Besoko moreak NUPeko karpan

Sexu erasoei aurre egiteko brigadak antolatu ditu NUPeko Talde Feministak. Hasieran, baimena ukatu zien jaialdiko antolakuntzak

NUPeko Talde Feminista, asteazkenean, Arrosadiko campusean. BERRIA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Urtero legez, ikasturte hasiera «paraleloa» ospatuko dute gaur NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek, festa batean. Aurten, ordea, jaialdiak jauzi kualitatiboa emanen du sexu erasoen aurkako neurriei dagokienez: brigada feministak egonen dira jaia egiteko karpa barruan, sexu erasoei aurre egiteko eta, norbaitek behar izanez gero, laguntza emateko. Brigadetako kideek besoko moreak eramanen dituzte, jendeak identifika ditzan. Egitasmoa, baina, ez dute jaiaren antolatzaileek prestatu, NUPeko Talde Feministak baizik. Are gehiago: brigadak debekatzeko imintzioa egin du antolakuntzak.

Asteartean jarri zituzten brigadak iragartzeko afixak NUPeko campusean, baina, handik ordu gutxira, antolatzaileek kendu egin zituzten, eta talde feministako kideei karpan sartzea debekatu. «Ohartarazi ziguten brigadetako kideren bat identifikatuz gero kanporatu egingo zutela», gogoratu du Cristina Oses NUPeko Talde Feministako kideak.

Debekuak, baina, hautsak harrotu zituen sare sozialetan, eta, kalapita mediatikoaren ostean, atzera egin dute antolatzaileek. NUPeko Talde Feministak pozik hartu du berria, baina arazoak «bere horretan» segitzen duela adierazi du: «Karpa kudeatzen duen enpresaren jarrera da benetan kezkatzen gaituena, irabazi ekonomikoei soilik erreparatzen baitie, azken urteetako sexu erasoei eta jarrera matxistei bizkarra emanda».

Izan ere, polemika iturri izan da unibertsitateko karpa azken urteetan. 2014an, lelo matxista zuten eranskailuak banatu zituzten han. Hoy follo, mañana juicio (Gaur larrua joko dut, bihar epaiketa) edota Bonitas piernas, ¿a que hora abren? (Hanka ederrak, zein ordutan irekiko dute?) irakur zitekeen horietako batzuetan. Horiez gainera, hainbat sexu eraso «isilduak» izan direla uste du Osesek. «Urtero gertatu izan dira sexu erasoak, baina biktimek ez dituzte salatu, lotsagatik edo beldurragatik». Feministek ezinbestekotzat jo dute «festaren ereduaz hausnarketa egitea, multinazionalek babestutako mozkorraldi erraldoia izan ez dadin».

Atxilotu bat Ribaforadan

Foruzaingoak 34 urteko gizon bat atxilotu du Ribaforadan (Nafarroa), emakume bat bortxatzea egotzita. Ustez, lan elkarrizketa bat baliatu zuen gizonak, lanpostu eske zebilen andrazkoari sexu erasoa egiteko. Bestalde, Portugaleteko (Bizkaia) emakume batek sexu eraso bat salatu zuen iragan asteartean. Horren kontrako protesta eginen dute gaur, 20:00etan, Maria Diaz de Haro kalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.