Koronabirusa. Niccolo Zancan. Kazetaria

«Antsietate gutxiagoko kazetaritza baten gogoa dagoela nabari da»

Italiako egunkarien informazioaren %80 baino gehiago koronabirusari buruzkoa da. Zancanen ustez, herritar askoren desioa da komunikazioa «beldur gutxiagoz» eta «kontzientzia handiagoz» egitea.

BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Italiako komunikabideentzat eta kazetarientzat egun bereziak izaten ari dira, koronabirusaren krisiaren eraginez. Niccolo Zancanek azaldu duenez, egunkari italiar gehienak koronabirusaren «monografikoak» bilakatu dira.

Koronabirusa Italiara iritsi zenean, La Stampa egunkariak lehen hildakoa egon zen herrira bidali zintuen. Esan izan duzunez, ez zen erabaki egokia izan.

Gehienetan, La Stampa-ko berriemaile berezi lanetan aritzen naiz. Larrialdia Italiara iritsi zenean, Veneto eskualdean gertatzen ari zenaren berri ematen aritu nintzen. Beste egunkari batzuetako kazetariak eta ni Vo Euganeo herrixkara bidali gintuzten, han erregistratu baitzuten lehen hildakoa koronabirusagatik. Akats larria izan zen, gertatzen ari zena inork ulertzen ez zuenaren seinale. Hara joandako kazetariak eta ni berrogeialdian sartu behar izan gintuzten, baina ez nintzen gaixotu. Lehen heriotza hartatik 827 hildako egon dira. Italia goitik behera aldatu da hiru asteko epean.

Komunikabideen eguneroko lanari dagokionez, zer erabaki hartzen ari dira La Stampa egunkarian?

Egunkariko kudeatzaileak ordenagailu eramangarriak ari dira ematen kazetariei, egunkariko sistemaren konexioarekin, etxetik lan egin dezaten. 180 kazetarietatik 40 baino gehiago horretan ari dira jada. Bestetik, gertatu dena da langile batzuek ezin dituztela zeharkatu eskualdeen mugak, eta, horrenbestez, ezin dira aurrez aurre elkartu egunkariko editore nagusiekin. Ez dago jakiterik datozen egunetan zer gertatuko den. Gure egunkarian ez da langilerik kutsatu. Telebistaren alorrean lanean ari diren bi kazetari, berriz, kutsatu egin dira.

Italiako egunkarietan, zer ehuneko betetzen du koronabirusaren krisiak?

Italiako egunkari garrantzitsuenetan, artikuluen %80 koronabirusari buruzkoak dira, gutxienez. Ikuskizunei eta kulturari eskainitako orrialdeak albo batera utzita, gainontzeko guztiak.

Ohiko atalak mantendu dituzte, ala formatua aldatu dute?

Egunkari ia monografikoak dira. Kirolari dagokion sailean ere artikulu guztiak COVID-19ari buruzkoak dira. Gehienbat jasotzen dute zer txapelketa gelditu diren bertan behera. Edo Olinpiar Jokoekin zer gerta daitekeen.

La Stampa-ren eta beste hedabide batzuen webguneetan, gai arin batzuk ere agertzen dira. Beharrezkoak al dira, den-dena ez dadin izan gaitzari buruz?

Horren inguruko erabakiak ezdaude nire esku. Baina esango nuke gerra bat pizten baldin bada, soilik gerrari buruz hitz egiten dugula. Iruditzen zait informazio oso garrantzitsua dagoela herritarrei zerbitzua emateko. Agian iritsiko da une bat non beharrezkoa izango den, beste gauza batzuetan pentsatzeko eta irakurketa gai arinagoak eskaintzeko. Edonola ere, komunikazioa antsietaterik gabe egin behar da.

Italiako beste egunkarietan nolako neurriak ari dira hartzen?

Benetako arriskua dago egunkariak kioskoetara ez iristeko. Lombardian eta Piamonten, esate baterako, eskatzen ari dira ekoizpen aktibitate guztiak bertan behera uzteko. Horrek esan nahi du dendak itxi ditzaketela [Italiako lehen ministroak agindu du jarduera komertzial guztiak ixtea; farmaziak, supermerkatuak, gasolindegiak eta kioskoak egongo dira bakarrik irekita datozen egunetan]. Dena den, egunkariak plataforma digitaletan ere bizi dira gaur egun, zorionez.

Zer ari da gertatzen irratietan eta telebista kateetan?

Egunkarietan baino muturrekoagoa da egoera. Irratien eta telebisten albistegietan ez da beste ezertaz hitz egiten. Hala ere, Italian komunikazio forma desberdinak garatzeko gogoa nabari da: antsietate gutxiagoko kazetaritza bat. Beldur gutxiago duena, eta kontzientzia handiagoa. Sare sozialetan komunitate berriak ari dira sortzen, gainera. Gizartean zerbitzu bereziak ere ari dira agertzen: laguntza psikologikorako urruneko taldeak, streaming bidezko kontzertuak... Bizitza sozial berria da, koronabirusaren garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.