Bi tanta berri, erabat idortu den sektorean

Azken urteotan egindako proba teknikoetan ikusi dute posible dela Mendexan muskuilua haztea, eta negozioa garatuko duen inbertsiogile bila ari dira; Hondarribian ere Breen enpresak tilapia planta bat jarriko du martxan datorren urtean, akuikultura iraunkorraren alde apustu eginda.
Amuarraina da gaur egun Euskal Herrian akuikulturaren bidez ekoizten den espezie nagusia.
Amuarraina da gaur egun Euskal Herrian akuikulturaren bidez ekoizten den espezie nagusia. BERRIA

Miren Garate -

2014ko urriak 31
Itxi zuten Acuivasek Aginagan (Gipuzkoa) zuen Aingira haztegia. Culmanorrek ere utzi zion Igeldon (Gipuzkoa) erreboiloak ekoizteari. Geldirik dago Getariako (Gipuzkoa) Orroako planta. Akuikultura sektorea inoiz ez da esanguratsua izan Euskal Herrian, baina azken urteotan itxiz joan dira martxan jarritako enpresa bakanak. Mundu osoan akuikulturaren bidez 600 espezie ekoizten badira ere, esku batekin konta daiteke Euskal Herriko eskaintza: amuarrain haztegi komertzial bat dago Leitzan (Nafarroa), eta beste bat Kanpezun (Araba), eta ekoizle txiki batzuk ere aritzen dira jarduera horretan; kopuru txikitan gaztakak hazten ditu Rio Per Se enpresak Esan (Nafarroa), kabiarra egiteko; eta Bokalen (Lapurdi) mihi arraina egiten da. Bi enpresa gehiago izan daitezke laster: Mendexan (Bizkaia), muskuiluen proiektua garatuko duen inbertsiogilearen bila ari dira, eta Hondarribian (Gipuzkoa), tilapia planta bat jartzear da Breen enpresa.

Lau urte daramatza martxan muskuiluen egitasmoak. Azti teknologia zentroak zuzendu du eta inguruko hainbat enpresak ere hartu dute parte. «Ikusi dugu badagoela aukera produkzio on bat egiteko eta gainera gaixotasun gutxi izaten dituztela muskuiluek», adierazi du Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak. Itsaso zabalean, ur azpian instalatutako soka sistema batean hazten dituzte muskuiluak. Eragiten zuen zalantza sistemak, indar handia baitu itsasoak euskal kostaldean. «Guztion harrigarri, azpiegiturak ondo eutsi die denboraleei».

Bigarren fasean dago orain egitasmoa. Ikusita teknikoki ekoizpena posible dela, orain arteko emaitzak aurkeztu dizkiete arrantzaleei, industriari, kontserba enpresei eta komertzializatze batzuei. «Interesa erakutsi dute batzuek, eta bi hilabeteko epea zabaldu dugu ea interes hori norainokoa den ikusteko. Ea datorren urtetik aurrera jarduera ekonomiko gisa kontsideratzeko aukerarik dagoen», azaldu du Azkuek. Muskuiluekin emaitza onak lortu direnez, ostrak edota beste espezieren batzuk hazteko itxaropena ere badute.

Hondarribiko Breen ere tilapia ekoizteko industria planta bat ari da egiten, eta datorren urtean inauguratu nahi du. Ez du zerikusirik orain artean Euskal Herrian garatu den akuikulturarekin. «Galdetu genuen: egin daiteke akuikultura iraunkorra Euskal Herrian? Zer egin daiteke eta nola? Horri lotuta helburutzat jarri genuen uraren, energiaren eta elikagaien kudeaketa iraunkorra egitea», azaldu du Fernando Sustaetak. Iñaki Mujika eta biak dira egitasmoaren bultzatzaileak, eta bestelako inbertsiogile batzuk batu zaizkie planta berria egiteko. 2010ean hasi ziren proiektu pilotuarekin.

Tilapiekin batera, letxugak

Berritzailea da negozioa aukeratu duten espezieagatik. Tilapiaren kontsumoa handitzen ari da mundu osoan. Azkar hazten da eta duen zapore neutroagatik oso egokia da, esaterako, eskoletako jangeletarako. Jangelak eta catering enpresak dira batik bat Breenek begiz jota dituen bezeroak.

Berritzailea da erabiltzen duen teknologiagatik ere. Euri ura hartzen dute, eta etengabe ur bera erabiltzen, zirkulazio sistema baten bidez. Ez du, beraz, ibai edo lakuekiko menpekotasunik. «Hemen ez da ezertxo ere alferrik galtzen; materia organiko guztia geure mesederako erabiltzen dugu».

Arrainek euren gorotzen bidez edota jaten ez den elikaduraren bidez amonioak sortzen dituzte, eta uretan disolbatzen dira. Amonio horiek kaltegarriak dira arrainentzat eta kanporatu egin behar dira. «Filtro biologikoak erabiltzen ditugu, eta bakterio batzuen bidez, amonio horiek nitrato bihur daitezke. Gero nitratotan aberatsa den ur hori pasatzen dugu landare sistema batetik, nitratoa delako landareen ongarri nagusia». Landareek xurgatzen dute nitratoa, eta ura berriro erabil daiteke arrainekin. Hau da, ura garbitu bitartean letxuga, tomate, piperrak... hazten dituzte.

Uraren %10 inguru bakarrik berritu behar izaten dute egunean, landareek xurgatzen dutelako. Beti ur bera erabiltzeak aukera ematen du tenperatura ere hobeto kontrolatzeko, eta espezie gehiago ekoitzi ahal izateko. Bestela, ur gezatan, amuarraina eta izokina bakarrik egin daitezke Euskal Herrian. Kogenerazio sistema bat du ondoan Breenen egoitzak, eta han sobera dagoen ur beroa erabiltzen dute. Asmoa da ekoizpen planta berrian 150.000 kilo tilapia eta 300.000 landare egitea urtean.

Bazirudien Igeldoko haztegia ere berriz martxan jarriko zela, beste enpresa baten bidez. «Etorri zitzaigun enpresa bat hura berpiztu nahian, erreboiloak egiteko asmoa zuen, eta otarrainxkak ere bai akaso. Pare bat elkarrizketa izan ditugu, baina aurten behintzat ez du aurrera egingo; ea hurrengo urtean», kontatu du Azkuek.

Mutrikuko akuikultura eskolaren esanetan, akuikultura garatuko bada, ikerketa eta prestakuntza areagotzeak izan behar du lehen urratsa. «Sektorea indartu edo sortuko bada, oinarria landu behar da, egungo eragile apurrak elkarlanean jarriz eta gure ingurumen ezaugarrietara zein ezaugarri sozioekonomikoetara moldatutako akuikultura eredua finkatuz». Hamar urte bete ditu aurten eskolak, eta urteotan izandako ikasleak Euskal Herriko akuikultura enpresetan baino gehiago kokatu dira akuarioetan edota teknologia eta ikerketa zentroetan.

Azaldu du itsasoaren indar handiak eta kostaldearen erliebe malkartsuak zailtzen dutela akuikultura kostaldeko arrain haztegi klasikoentzat. «Hala ere, teknologiaren bultzadarekin, oztopo hori gero eta txikiagoa da». Dena den, eskolako kideen esanetan, nabarmena da badagoela oztopo soziologiko bat ere: «Gure gizartean arrantza eta akuikultura aurrez aurre jarri izan dira, bala hala bestea aukeratu beharko balitz bezala, eta horrek ez du ez hankari eta ez bururik».

Eremuak identifikatuta

Testuinguru horretan, Euskal Herriak akuikulturan beste herrialde batzuekin lehiatzea zaila izango den jakitun, «joko arauak» finkatu nahi izan ditu Eusko Jaurlaritzak akuikulturako 2014-2020ko plan estrategikoan. «Identifikatu ditugu zein eremu izan daitezkeen baliagarrienak akuikulturarako eta zehaztu dugu lege aldetik zein baldintza bete beharko dituen jarduera hori garatu nahi duen pertsona edo enpresa batek»

Aztiren laguntzarekin identifikatu dituzte itsas eremuak, naturako baldintzak kontuan hartuta eta ea interes talkarik sortzen den ikusita. Mendexa aldean dago eremu horietako bat, nahiko aproposa ematen duena; Bermeoren aurrean ere identifikatu dute beste bat, baita Jaizkibel (Gipuzkoa) inguruan ere, haize eta itsasoaren babesean. «Uste dugu akuikulturarako interesgarriak izan daitezkeela eremu horiek, baina ez du esan nahi jarduera garatuko denik».

Behin itsasoko eremu egokienak identifikatuta, lurreko akuikulturarako eremuak ere identifikatu nahi ditu Jaurlaritzak, baina ibaien eskumena, kasu, diputazioek dute. «Pentsatu dugu kontseilu bat sortzea hiru diputazioen eta Jaurlaritzaren artean, identifikatzeko zein ibaitan eta zein eremutan garatu ahal izango litzatekeen akuikultura. Ea posible dugun hain modan dagoen leihatila bakar moduko hori sortzea». Azaroaren bukaeran egingo dute lehen bilera diputazioetako eta Jaurlaritzako ordezkariek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna