Katie Ledecky

Markak hausten jarraitzen du

Sekulako erakustaldia eman du igerilari estatubatuarrak Munduko Txapelketan. Urrezko bost domina lortuta, historiako onenen pare da 18 urterekin.
PATRICK B. KRAEMER / EFE

Jon Ander De la Hoz -

2015eko abuztuak 11
Munduko txapelketa bikaina izan da». Pozik dago Katie Ledecky Kazanen (Errusia) lortutako emaitzekin, eta ez da harritzekoa: bakarka zein taldeka, urrezko bost domina jantzi ditu estatubatuarrak. Lau berak bakarrik lortu ditu, 200, 400, 800 eta 1.500 metrokoetan irabazita; errelebokako 4x200 proban lortu du bosgarrena.

Nagusitasun handia erakutsi du Ledeckyk. 800 eta 1.500 metroko finaletan munduko marka hautsi du, baina ez da bakarra izan; azken horretan, bezperan ere hautsi zuen. Denbora ikusgarriak lortuta igo da podiumera: 15.25,48ko denbora egin zuen 1.500eko saioan, eta 8.07,39koa 800 metrokoan, Lauren Boyleri aurrea hartuta.

Gainontzekoetan ere ez da makal ibili: 400 metrokoan AEBetako igerilari batek inoiz egindako markarik onena hautsi du, eta erreleboka, bere marka pertsonala hobetu.

Ez da sorpresa izan. Munduko igerilari onena izendatu zuen duela bi urte Swimming World aldizkariak, 2012an Londresko Olinpiar Jokoetan emandako mailarengatik: 15 urte zituela, urrezko domina irabazi zuen 800 metroko proban. Hori du modalitate kutuna.

2012an eman zuen lehen kolpea, AEBetako Trial txapelketan. Artean ezezaguna zela, aise irabazi zuen lasterketa, bigarrenari bi segundo sartuta. Orduan emandako maila mantenduta lortu zuen Olinpiar Jokoetarako sailkatzea. Han ere fin aritu zen, eta lehen garaipen sonatua eskuratu zuen: urrezko domina. Ordutik, etengabe ari da zakua garaikurrez betetzen: 2013an, Bartzelonako Munduko Txapelketan lau domina irabazi zituen.

Ez dirudi aurrerantzean ere esku hutsik geratuko denik. Gaitasun fisiko handia du, eta 18 urte besterik ez: badu denbora gehiago irabazteko. Gaitasun fisikoa, baina, txiki geratzen da teknikaren aldean, crawl estiloan erakutsi duen moduan. Nagusi da estilo horretan; hainbeste, ezen ez baitu hanken beharrik: aurkarien aldean oso gutxi erabiltzen ditu.

Ledeckyren maila hain handia izanda, inoiz izan den igerilari onenatzat jo dute zenbaitek. Datuek atea zabaltzen diote aukera horri: 800 metrokoan 8.10 denboratik jaitsi den lehena izan da.

Urtetik urtera bere markak hobetzen ari da Ledecky. Horretan zerikusia du Yuri Suguiyama entrenatzaileak; berak kokatu zuen goi mailan. Nation's Capital klubean zebilen orduan. Handik urtebetera utzi zuen ordura arteko taldea, Stanfordeko unibertsitateak fitxatu zuenean.

Etxetik datorkio igeritarako sena Ledeckyri. Bere ama, Mary Gen Hagan, igerilaria zen, eta txikitatik sartu zion kirol horren arra barruraino: 6 urte zituenerako, uretan zebilen. Ordurako, Michael anaiak urte dezente zeramatzan lehiatzen.

Datorren urteko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoak ditu begiz jota igerilari estatubatuarrak. Bitartean, bi

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna