Artur Vanetsian. Ohorea Dut aliantzaren buruzagia

«Armeniarrak garbitzeko, turkiarrek ezpatak droneekin aldatu zituzten»

Iragan ekainaren amaierako bozetan zazpi diputatu lortu ostean, Vanetsian legealdiari begira jarri da, eta argi utzi du ez dela ados jarriko Paxinianekin: «Haren alderdia boterean egon denean, herrialdea amildegira joan da».

ALEX BUSTOS.
Alex Bustos
Erevan
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Artur Vanetsianek (Erevan, 1979) Ohorea Dut aliantzaren egoitzan hartu du BERRIA, Armeniako hiriburuan. Iragan ekainaren 20ko hauteskundeez geroztik, Ohorea Dut aliantza parlamentuko hirugarren indarra da, zazpi diputaturekin. Vanetsian aliantza horren buruzagia da egun; politikara sartu aurretik, Segurtasun Zerbitzuen buru izan zen, eta baita Armeniako Futbol Federazioaren presidentea ere.

Iragan urtean bi aldiz atxilotu zuten: batetik, oposizioko beste hainbat buruzagirekin «legez kanpoko protestak antolatzeagatik», eta, bestetik, «[Nikol Paxinian]Lehen ministroa hil eta boterea usurpatu» nahi zuelakoan. Bietan ebatzi zuten atxiloketak legez kanpokoak izan zirela, eta berehala utzi zuten aske. Lehen ministroaren dimisioa eskatu zuten ahots garrantzitsuetako bat izan zen.

Bozen ostean, oposizioak Paxinianen Kontratu Zibila alderdiari egotzi zion iruzurra egitea eta militarrei eta funtzionarioei presio egitea botoa eman zezaten. Herrialdean izan ziren nazioarteko begiraleek, ordea, adierazi zuten prozesua gardena eta garbia izan zela. Gerraz geroztik, Armeniak hainbat arazo ditu;:besteak beste, 10.000 zaurituak, Azerbaijango gerra presoak eta etxebizitzarik gabe geratu ziren errefuxiatuak.

Paxinian eta haren alderdi Kontratu Zibila hauteskundeen garaile argiak izan ziren. Zer auzitan uste duzu ados jar zaitezketela?

Ez da posible Paxinianekin adostasun bat lortzea. Haren alderdia boterean egon denean, herrialdea amildegira joan da; militar azerbaijandarrak herrialdean sartu dira. Horregatik uste dut ezinezkoa dela ados jartzea.

Hajastan Aliantzak dio hauteskundeetan iruzurra egon zela. Zure aliantzak zer dio?

Elkarrekin gaude auzi horren inguruan: uste dugu tranpak egon zirela eta Kontratu Zibila alderdiak bere boterea erabili zuela boto emaileak eta langileak beldurtzeko; esaterako, funtzionarioek eta militarrek haien alde bozka zezaten. Horregatik aurkeztu dugu salaketa bat Auzitegi Konstituzionalean, bozen emaitzak inpugnatzeko.

Armeniak zer egin behar du: Errusiarengana hurbildu, Europarengana, edo bien artean mantendu?

Herrialde askorekin egin nahi dugu lan, baina Errusiako Federazioarekiko harremanak lehenesten ditugu, gure lagun garrantzitsuena baita. Europako Batasuneko herrialdeekin, Ameriketako Estatu Batuekin, Iranekin, Georgiarekin eta Txinarekin ere harremanak izan nahi ditugu; betiere, Batasun Eurasiarreko gure lagunak ahaztu gabe: Kirgizistan, Bielorrusia...

Armeniak nola hobetu dezake Errusiarekin duen harremana?

Azken hiru urteotan, Paxinianek eta haren alderdiak nabarmen okertu dute Armeniaren eta Errusiaren arteko harremana, eta horren ondorio izan zen iragan urtean Erevan bakar-bakarrik borrokatu izana Turkiaren eta Azerbaijanen aurka. Errusiak ez zuen ezer egin.

Azerbaijan bizilagunarekin duen mugako gatazkaz gain, zein da Armeniak duen arazorik handiena?

Tamalez, Armeniak arazo asko ditu; handiena segurtasun sistemarena da, baita egoera ekonomikoarena ere, COVID-19aren eraginez okertu egin dena. Gainera, 10.000 zauritu baino gehiago ditugu gatazkagatik, eta gerrako preso armeniarren auzia ere hor dago, gaur egun Azerbaijango lurraldean daudenak oraindik ere.

Haien kontrako epaiketak hasi dituzte, eta batzuk kartzelan dira jada. Arazo asko daude, eta ziur naiz egungo gobernua ez dela gai horiek konpontzeko.

Armeniak zer egin beharko luke Karabakh Garaian?

Hasieratik, Armenia bermatzaile bat izan da; Karabakh Garaia eta hango herritarrak babestu behar zituen. Gerran, gure tropek Artsakheko gure anaien independentzia bermatu behar zuten. Tamalez, bakar-bakarrik geratu ginen gure etsaiaren kontra, eta inork ez zigun lagundu; batzuek zioten gerrak amaitu egin behar zuela. Borrokatu egin behar izan gara geure burua babesteko.

Armeniak nola kudeatu beharko lituzke Azerbaijango tropek Siuniken izandakoaren antzeko istiluak?

Gobernuan dagoen pertsonak esan zuen aintzira txiki baten %30agatik eta sei hilabetez elurtuta egoten den mendi batengatik ez genuela gerrarik hasiko.

Ez zen borrokatu nahi; bakea nahi zuen, eta horregatik izan genituen hilabetez militarrak Armeniako lurraldean. Interneten bake akordio bat egon zen egoera hori amaitzeko, baina esan zuen ez zela egingarria, gure nazioaren arazoa ez zegoelako konponduta.

Armeniak harremanetan jarri behar zuen Segurtasun Kolektiboaren Itunaren Erakundearekin, laguntza eskatzeko [besteak beste Errusia eta Armenia dauden aliantza militar bat], baina hori ere ez zuten egin. Orain, jende gehiagok hitz egiten du Karabakh Garaiko arazoa konpontzeaz.

Erregimen aldaketarik izanez gero, posible litzateke Azerbaijanekin harreman ona izatea?

Ez. Azken gertakariek hori frogatzen dute. Azerbaijanen eta Turkiaren ekintza guztiak plan beraren parte gisa ulertu behar dira, herrialde bakarra balira bezala egiten baitute lan.

Armeniarrak garbitu nahi dituzte; ez dute nahi Armenia existitu dadin. XX. mendean gauza bera egiten zuten [1915-1923 bitarteko Armeniako genozidioa]. Haien hitzek ez dute baliorik, ekintzekin kontrakoa egiten baitute. Armeniarrak garbitzeko, turkiarrek ezpatak droneekin aldatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.