urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Hego-mendebalde eguzkitsutik

2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Gaztetxotako lehen interrail bidaia ez genuen Europa erdialdeko hiri ezagunenetara joateko baliatu. Lau lagun elkartu, eta hurbil sentitzen genituen herrialde zeltetarako txangoa prestatu genuen, Lapurdiko kostaldetik Bretainiara hasteko, eta handik uharteetara, Irlandaraino heltzeko asmoz. Bretainiatik Galesera bidean, Rosko bretoian (Roscoff frantsesez) ferrya hartu genuen Plymoutheraino. Ingalaterrako Devon konderriko hiri handiena da, Tamar ibaiaren ertzean. Galesera artez joan beharrean, itsasadarraren beste alderaino zuzendu ginen, Kornualleseko mugan geundenez.

«Pensans a'gas dynergh» kornubieraz ongi etorri ematen zigun esaldia aurkitu genuen Penzanceko tren geltokian. Kalean ez genuen entzun, herri zeltetan ahulena baita ziur aski: kornubierak, bretoieraren ahaide hurbilenak, XVIII. mende amaieran edo XIX. hasieran galdu zituen azken hiztunak. Geroztik, hiztun gutxi batzuekin, baina berpiztea lortu dute, eta 2010ean, Unescok «galduta» (extinct) estatusa kentzea lortu zuten. Gerora, murgiltze eredua darabilen eskola bat ere ireki dute. Gutxi dira, oso gutxi, baina ez zaie borondaterik eta antolamendurik falta, munduko hizkuntza boteretsuenaren aurrean ere euren hizkuntzak aurrera egin dezan.

Penzancetik arrasti pasa joan ginen Mount Saint Michael hurbilera, Bretainiako mugan —ofizialki Normandian— dagoen Mont Saint Michelen iparraldeko bertsioa balitz legez. Hantxe bildu dira egunotan G7ko agintariak ere; taldearen lehen bilera fisikoa da 2019ko Miarritzekoaren ondotik (iaz, pandemia baliatu zuen Donald Trumpek AEBetan txanda-pasa egiteko).

Ingalaterraren hego-mendebalde eguzkitsu eta turistikoa hautatu dute munduko agintariak biltzeko. Antzekotasunik bai Frantziak egindako hautuarekin? Hiriburuko bigarren etxeen gune kuttun izana luzaroan, pandemiak eremu zabalak eta kostaldea hirien aurretik jarritakoan, luxua eta bertakoen ezina bildu ditu leku berean. Hori ere ezagun zaigu Kornuallesen zein Lapurdin. Eta Eskozia eta Gales ez bezala, Londresek ez du Kornualles nazio gisa aitortzen, Ingalaterraren barruan dauka. Beste detaile bat, aurten jazotakoa: Steph Norman eta Aaron Willoughby bikoteak salatu duenez, kornubieraz ezkontzea debekatu diete. Zeremonian hitz batzuk sartzea zilegi da, baina eztei hitz ofizialak ingelesez izan behar dira. Galesen galesez edo Eskozian gaelikoz egitea zilegi da.

Ezin uka, Kanbon eta Ezpeletako karriketan Melania Trumpen argazkiak izan zirela ziur aski G7 haren irudirik onenak. Jill Bidenek, berriz, Kornuallesko lehen hezkuntzako ikastetxe batean hasi du herrialdera bisita. Hezkuntza izan du bizi osoko pasio Biden doktoreak. Piperrak eta arnoa eta pilota partidak ondo daude, baina eskatzen hasita, ederra izango zen AEBetako presidentearen emaztea ikastola batean irudikatzea, euskarari buruz, murgiltze ereduaz edo, zergatik ez, Molac legeaz hitz egiten.

Donald Trump egokitu zitzaigun Euskal Herrian bisitari, Barack Obama afro-amerikarraren eta Joe Biden irlandar amerikarraren agintaldien artean. Boris Johnsonek ere, zalantzarik ez, gusturago egingo zion ongi etorri, Kornuallesen golf zelairen batean txantxa matxisten artean konplizitate-irudiak hartzeko; Bidenek Ipar Irlandaz eta EBko agintariek Hego Irlandaz ekarri dioten errieta jasan beharrik gabe.

Egoera larria baita, brexit-ak urte erdi ere egin gabe. Unionismoa urduri dago, eta DUPen zatiketa da nagusi, toryekiko leialtasun historikoaren ordainetan traizioa jaso dutela iritzita: Brexit-a itsu-itsu bultzatu zuten, erabaki hark Europarekiko ezartzen zuen marra gorrian beste aldean geratzen zirela ohartu gabe. Londres inoiz baino urrunago, Dublin ordu bi baino gutxiagora, eta Irlanda batua zerumugan. Uda beroa dator, eta kontuz ibili beharko da tentsioak leher ez daitezen Ipar Irlandan.

Euskal Herritik gutxiespenez begiratu zaio sarritan Irlandari, mendebaldeko Europako estatu handietatik askatasuna lortu duen herrialde bakarra izan dela aintzat hartu gabe. Independentzia lortu eta hizkuntza galdu ekuazioak min ematen digu. Irlandar asko ere kritiko dira gaelikoaren egoeraz, eta hala behar du, baina ekuazio sinplerik egin gabe; testuingurua beti hartu behar da aintzat, egoera azaltzeko. Mendeetako kolonialismo, ukazio eta britainiar inperialismoaren zapalkuntza guztiekin ere, lortu dute askatasuna.

Ezin ahaztu, esaterako, Sinn Feinek ezinbesteko baldintza jarri duela irlanderaren legea, Ipar Irlandan gobernu berririk eratu dadin. Izango ziren eskaintzak, han eta hemengo esparruetan botere kuotak edo bestelako mesedeak lortzeko; «ez dezagun obsesiorik izan auzi kultural txiki batengatik» esan zuen agintari unionista ezagun batek. Eta SFk argi utzi du blokeoa unionismoak egiten diola irlanderaren legeari. Hori adostuta, eratu liteke gobernua.

Hizkuntzaren aferan, denok ditugu kontraesanak, eta koherentzia praxi politikoarekin uztartu behar da sarritan. Baina noizean behin, kolpea ere jo behar da mahaian, hizkuntza beste edozeren atzetik geratzen denean. Belfasten zein Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.