SIRIAKO GERRA. AEBen erosa

«Beste aukerak agortu direlako» justifikatu du Mayk bide militarra

Emmanuel Macronek ohartarazi du «marra gorriak» gainditu direla arma kimikoak erabilita

Theresa May atzo egindako prentsa agerraldian, Londresen. WILL OLIVER / EFE.
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
«Mugatua, zuzendua eta eraginkorra» izan da erasoa, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroaren arabera. Gainera, Baxar al-Assad Siriako presidentea egin du erantzule, ustez arma kimikoak erabilita Douman egindako erasoagatik. «Ez dago horrelako erasorik egin zezakeen beste talderik». Ostegunean bildu zuen gobernua, estrategia zehazteko. Orduan jakin zen hiru herrialdeak atzoko erasoa prestatzen ari zitezkeela. Mayk esan du Siriako gatazkari konponbidea bilatzeko «beste aukera batzuk» arakatu direla, baina azkenean ez zaiela «indarra erabiltzea beste biderik geratu».

Arma kimikoak erabiltzea debekatzen duen ituna ekarri du gogora. «Mundu osoan honen inguruan dugun batasuna hautsi da; bai Sirian, bai Erresuma Batuko kaleetan». Hala, Errusiako espioi ohi batek eta alabak jasandako erasoa aipatu du, zeharka bada ere. Ez du Errusiaz hitz egin nahi izan, baina esan du Douman gertatutakoak Al-Assad babesten dutenei «zer pentsatua» eman behako liekeela.

Eginahalak egin ditu bere erabakia justifikatzeko. Izan ere, inkesten arabera, herritarrak ez daude horrelako erasoen alde. Eta maiatzeko udal hauteskundeetako boto asmoari buruzko neurketetan, ezkerrak aurrea hartu dio.Jeremy Corbyn buruzagi laboristak auzitan ipini du atzokoa legezkoa den. Uste du indarkeria gehiago ekar dezakeela eta zaildu egingo duela gerra krimenak egin dituztenak auzitara eroan ahal izatea. Londresek lidergoa hartzea nahi du, su-etena lortzeko ahaleginak eginez. «Ezin ditugu Washingtonen aginduak itsu-itsuan bete». Erresuma Batuko Parlamentuan bihar itzuliko dira beharrera.

Antzeko kritikak jaso ditu Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Hark ere parlamentuari kontsulta egin gabe hartu du erabakia. Gehiengo osoa du, eta babesa arazo barik jasoko luke. Baina oposizioa ez du alde. Sozialistak dira salbuespena. «Gerrari gerra gehitzeak ez dakar sekula bakerik», ohartarazi du Errepublikanoen Senatuko taldearen presidente Bruno Retailleauk. Fronte Nazionaleko Marine Le Penek uste du «oreka ekarriko duen potentzia izateko aukera galdu» duela Frantziak. Arma kimikoak erabili direla jakin badaki, frogatzeko eskatu dio Macroni Frantzia Intsumisoko Jean-Luc Melenchonek. Presidenteak esan du Al-Assaden gobernuak baduela horrelako armak erabiltzeko gaitasuna. «Doumako erasoa Siriako erregimenaren erantzukizuna da: ez dago zalantzarik». Ohartarazi du eraso hark «marra gorria gainditu» duela. Eta diplomaziak huts egin duelako justifikatu du erantzun militarra.

Japonia, Australia, Turkia, Israel, Kanada eta Saudi Arabia izan dira erasoa babestu dutenetako batzuk. Europako Batasunak ere ontzat jo du. Federica Mogherini diplomaziaburuak esan du «arma kimikoak erabiltzeak saihesteko hartutako neurri guztiak» babesten dituela. Gainontzeko adierazpenak ere antzekoak izan dira. Kontseiluko buru Donald Tusk izan da babes argiena erakutsi duena: «EB beti egongo da justiziaren defentsan bere aliatu direnen alboan». «NBEak gidatutako konponbide politikoa» eskatu du Batzordeko buru Jean-Claude Junckerrek. Gainontzeko estatu kideen sostengua ere jaso dute: Alemania, Espainia, Italia eta Portugalena, besteak beste. Bide militarraren arriskuez egin du oharra Greziak.

Errusia, babes gabe

New Yorken, ordea, zaharrak berri: aste osoan erakutsi duen gaitasun falta agertu du beste behin NBEk. Segurtasun Kontseilua astebetean bosgarrenez bildu zen atzo, gerraz aritzeko. Errusiak eta Txinak salatu dute AEBek, Frantziak eta Erresuma Batuak egindako erasoak nazioarteko legedia urratzen duela. Baina Errusiak mezu horrekin aurkeztutako ebazpenak ez du behar beste babes lortu: aldeko hiru boto, aurkako zortzi eta lau abstentzio jaso ditu. Erasoa egin duten hiru estatuek lau oinarridun konponbidea proposatu dute: Siriak arma kimikoak desegitea, gerra giroa baretzea, Al-Assaden gobernua Genevako negoziazio mahaira itzultzea, eta krimenen inguruan kontuak eman behar izatea.

Kontseilu barruko «blokeo egoera» gaitzetsi du kontseiluko presidente Gustavo Meza-Cuadra Peruren enbaxadoreak. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak ere «penaz» hartu du konponbidea gidatzeko Segurtasun Kontseiluak izan duen gaitasun falta. «Sirian ez dago konponbide militarrik, politikoa baizik».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.