Elba Verges. Eibarreko jokalaria

«Heldutasuna izaerak ematen dizu, eta ez esperientziak»

Eibarrek denboraldiaurreko bost partidetatik bakarra irabazi du, baina Elba Verges baikor da igandean hasiko den sasoiari begira. Atzelaria Espanyoletik iritsi berri da, eta gogotsu dago estreinakorako.

GORKA RUBIO / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
Eibar
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Eibarrek igandean hasiko du sasoia Unben, Sevillaren kontra (11:00). Gipuzkoako taldea bigarren denboraldiz jarraian ariko da Lehen Mailan, eta klubak zenbait fitxaketa egin ditu taldea indartzeko asmoz. Horietako bat da Elba Verges (Bartzelona, 1995). Espanyoletik etorri da. Kataluniako taldea mailaz jaitsi zen joan den denboraldian. Atzelariarentzat, klubak harengan jarritako «konfiantza eta gertutasuna» giltzarri izan ziren Eibarrera etortzeko. Denboraldiaurrearen balorazio «positiboa»egin du Vergesek, emaitzek kontrakoa esaten duten arren: bost partidetatik bakarra irabazi dute. Hargatik, atzelariak gogorarazi du Ana Junyenten jokatzeko estilora «egokitzen» ari direla, «dena emateko prest» daudela, eta «egunerokoan» jarria dutela arreta.

Sasoia hasteko irrikaz egongo zarete, ezta?

Bai, denboraldiaurrea luzea egiten da beti. Izan ere, sasoiari ekiteko gogoz egoten zara. Ligari hasiera emateko eguna iritsi da, eta dena emateko prest gaude.

Nolako aldartean ikusten duzu taldea?

Taldea ondo dago. Entrenatzaileak [Ana Junyent] eskatzen duen jokora egokitzen ari gara. Taldekide guztiak batuta gaude, eta denboraldiari ekiteko konfiantza osoz.

Hain justu, igandean emango diozue hasiera sasoiari. Sevilla hartuko duzue Unbeko zelaian. Nolako norgehiagoka izango da?

Partida parekatua izango da. Sevillak, guk bezala, fitxaketak egin ditu. Haien taldea nahiko aldatu da; denbora dezente zeramaten jokalariak joan dira taldetik. Etxean jokatzen dugu, eta leku ezin hobea da liga hasteko. Hiru puntuak eskuratzea izango da helburua.

Emaitza bat esatera ausartuko zinateke?

2-0 Eibarren alde.

Eta nortzuk izango dira golegileak?

Ane Campos eta Arola [Aparicio].

Zaleek ere aukera izango dute han izateko. Jendearekin jokatzeak ez du parekorik, ezta?

Bai, hala da. Ez dakit jende asko sartu ahalko den; izan ere, edukieraren aferak doazen bezala doaz. Baina aurrerapauso bat da, eta espero dut irudi ona ematea zaleen aurrean.

Denboraldiaurrea ez da oso ondo joan emaitzen aldetik: bost partidetatik bakarra irabazi duzue. Kezkatzeko moduko zerbait da?

Ez. Lehen esan dudan moduan, Ana Junyent jokatzeko beste estilo batekin etorri da, eta hark nahi duenera egokitzen ari gara. Denboraldiaurrearen balorazio positiboa egin dugu. Izan ere, gol aukera asko sortu ditugu; jokoa aurreko sasoietan izan zitekeena baino askoz ere erakargarriagoa da.

Euskal Herria Kopako neurketetan Reala eta Athletic izan dituzue aurkari. Ondo bidean, biak ala biak sailkapenaren erditik gora egongo dira. Nola sumatu duzu taldea?

Nahiko eroso. Athleticen aurka emaitza txarra izan bazen ere [4-0 galdu zuten], ez du islatzen partidaren nondik norakoa. Gol aukera ugari izan genituen, baina ez genuen lortu horiek gauzatzen. Athleticek, ordea, atearen aurrean asmatu zuen. Zapore gazi-gozoarekin geratu ginen, ondo jokatu genuelako. Realaren aurka, berriz, zelaia txikia zen, eta bi taldeek jokatzeko estilo berbera genuen. Natalia Arroyoren taldea gailendu zitzaigun, baloia haiek eduki zutelako. Uste dut itxura ona eman genuela: ozta-ozta irabazi ziguten [2-1 gailendu ziren txuri-urdinak], eta ligan beste kontu bat izango da.

Esan duzu Ana Junyentek taldearen jokatzeko estiloa aldatu duela. Zer helarazi dizue?

Iragan sasoian ez nintzen egon. Baina ikusi dudanagatik, eta taldekideen artean hitz egin denarengatik, jokalariek talde teknikoa aldatzeko eskatzen zuten. Uste dut beharrezkoa zela, eta hala egin dute. Horregatik, taldekideak motibatuta daude, baita ni ere. Jokatzeko moduan eroso sentitzen naiz; taldea, oro har, pozik dago talde tekniko berriarekin.

Jakina da helburua mailari eustea dela. Harago joan nahi duzue?

Ez, futbolean dudan esperientziak esaten dit partidaz partida joan behar dela. Eta horri eusten diot. Denboraldiak luzeak izaten dira; edozer gerta daiteke. Orain helburu bat jartzen duzu, baina bukaeran hori aldatu egin daiteke. Beraz, egunerokoan jarri behar dugu arreta. Asteburuero ahal dugun mailarik hoberena eman behar dugu, eta ahalik eta puntu gehien ateratzen saiatuko gara; sailkapenaren erditik gora egoteko, edo sailkapenaren erdian egoteko bada ere.

Ana de Teresa aurrelaria izan da taldeko azken fitxaketa, ziurrenik esanguratsuenetakoa. Min hartuta egon da luzaro. Nola ikusten duzu osatze prozesuan?

Fisioekin indarberritze lanetan ari da. Saio bikoitzak egiten ditu, eta motibazio handiarekin ikusten dut. Belaunak uzten dionean, jokatzen hasiko da.

Junyentek esan zuen aurrelarien bila ari zirela. Hain justu, Thembi Kgatlanak taldea utzi zuenean. Haren hutsunea betetzeko asmoz etorri da De Teresa. Jokalari garrantzitsua izango dela uste duzu?

Ziur nago jokatzen hasten denean emaitza onak ekarriko dizkigula.

Eibarrek aurkeztu zintuenean esan zenuen «konfiantza eta «gertutasuna» helarazi zizula klubak. Horiek izan ziren etortzeko arrazoi nagusiak?

Bai, niri asko gustatzen zait pertsona batek gertutasuna eta tratu gizatiarra ematea. Are gehiago goi mailako futbolean. Izan ere, gertutasuna ez da izaten ohikoena.

25 urte besterik ez dituzu, eta, jada, jokalari beteranoa zara.

Bai, taldea nahiko gaztea da, eta helduenetako bat naiz.

Lehen Mailan esperientzia izateagatik, taldeak gehiago eskatzen dizu?

Ez. Azken finean, berdin du zenbat denbora jokatzen duzun gorengo mailan; heldutasun hori izaerak markatzen du. Agian, nik gauza batzuk egiten eta esaten ditut. Baina beste jokalari batzuek beste gauzak batzuk egiten dituzte. Norbanakoaren eta multzoaren arteko oreka bat bilatu behar da.

Ziurrenik Queralt Gomezekin batera ariko zara atzeko erdiko postuan. Nola moldatzen zarete?

Ezagunak ginen, Kataluniakoak garelako; baina, oker ez banago, ez dugu inoiz batera jokatu. Oso ondo moldatzen naiz harekin. Gainera, askotan gimnasiora batera joaten gara, eta harreman ona dugu zelaitik kanpo ere. Hartu-eman horrek ere asko laguntzen du jokatzen dugunean.

Espanyol Bigarren Mailara jaitsi zen joan den denboraldian. Urte batzuk zeneramatzan han. Pena emango zizun taldea horrela uzteak, ezta?

Bai, pena ematen dit. Ez da gustukoa inorentzat. Espanyolek bost urte zeramatzan sufritzen mailaz ez jaisteko, eta iragan sasoian ezin izan genion eutsi. Klub historikoa da, eta ez zuen merezi Lehen Mailatik jaistea. Halere, datorren sasoirako fitxaketa onak egin dituzte, eta taldearen oinarria mantendu dute. Onena opa diet, eta ea hurrengo sasoian elkarren aurka jokatzen dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.