Taliria Petrone. PSOL alderdiko diputatua

«Bolsonaro Brasilgo alderik atzerakoienaren erakusgarri da»

Meatzaritzaren eta energia hidroelektrikoen lege proiektuak herri indigenen aurkako sarraskia muturrera eramango duela ohartarazi du Petronek. «Azaleratu egin du Brasilgo neofaxismoaren aurpegia».

BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Taliria Petrone (1985) Sozialismoa eta Askatasuna Alderdiko (PSOL) diputatu federala da Rio de Janeiron, eta historiako irakaslea, beltza eta feminista da. Gai batzuek loa galarazten diote: demokrazia defendatzeak, ingurumen eta gizarte hezkuntzaren alde egiteak eta indigenak babesteak. Horiei buruz hitz egin du BERRIArekin elkarrizketa honetan.

Zer ondorio izango ditu meatzaritzaren eta energia hidroelektrikoaren inguruko lege proiektu horrek eskualdeko komunitate indigenen bizitzan?

Lege horrek muturrera eramaten du Brasilgo herri indigenen aurkako sarraskia. Kolonizatzaileak iritsi zirenetik, hau da, XVI. mendetik hona, hemezortzi herri inguru suntsitu dituzte oso-osorik.

Ingurumen eta Gizarte Institutuaren arabera, 4.250 eskaera egin dituzte indigenen lurretan meatzaritza esplorazioak egiteko, eta 66 meatzaritza enpresa inguru daude tartean. Yanomami indigenen lurretan bakarrik, 534 eskakizun daude meatzaritza ikerkuntzak egiteko, baina konstituzioak ez ditu baimendu. Eremu osoaren %42 baino gehiago da hori.

Ur eta energia gose da meatzaritza, eta horrek izugarri eragiten die ibai, erreka eta ur lasterrei. Batetik, ur bilketan eragin handia du, zaborra eta gai kutsagarri ugari botatzen dutelako; eta, bestetik, hainbat tamainatako instalazio hidroelektrikoak eraikitzen dituzte, eta horrek aldatu egiten du ur masen dinamika eta hor bizi diren espezieen dinamika, atzera-bueltarik gabe aldatu ere.

Zenbat jenderi eragingo dio horrek guztiak, eta nola?

Ezin da ekologiaz pentsatu ikuspuntu sistemiko batetik ez bada. Beraz, garbi dago meatzaritza proiektuek zuzenean eragingo dietela lur horietan bizi diren herri indigenei; baliteke hor bizi diren ia biztanle guztiek pairatzea ondorioak. Hala ere, ur masak eta basoa suntsitzeak ez du tokian bertan soilik kalte egiten: euri garaiak aldarazten ditu; ondorioak ditu inguruko lurraldeetako ur horniduran, eta hainbat izaki biziduni ere erasaten die.

Kongresuan lege proiektua aurkeztearekin batera, Bolsonarok Indiar Bakartuen Koordinazioaren buru izendatu du Ricardo Lopes Dias: zer esan nahi du izendapen horrek?

Izugarria da mugarik ez izatea. Bakartutako indioak, edo euren borondatez bakartuta daudenak, kolonizazio prozesutik at geratu nahi zutenak dira, hain zuzen; izan kolonizazio ekonomikoa, kulturala ala erlijiosoa. Ebanjelista bat Indioaren Fundazio Nazionaleko [FUNAI] arlo horretako buru izendatzea eraso bat da herri indigenen izaeraren aurka. Herri indigenen eskubideak urratzen ditu, eta Brasilgo neofaxismoaren aurpegia azaleratu du.

Orain arte zertan ibili dira misio ebanjelizatzaileak eskualdean?

Misio horiek hainbat ziklo izan dituzte XVI. mendetik hona, eta zenbait ordena katoliko ibili dira horretan; jesuitak bereziki. XVIII. mendean, protestanteen misioak hasi ziren, misiolari atzerritarrekin gehienbat. Ebanjelikoen dinamika katolikoak doktrinatzea izan da, eta, orain, dinamika hori gainditzeko joera dago; artzain indigenak egotea ere joera horri lotuta dago. Halako prozesu gehienen xedea zera da, herri indigenen etnia eta kultura ezabatzea, eta gaur egun kolonizazio prozesuan jarraitzea.

1972an, Brasilgo Apezpikuen Konferentzia Nazionalak [katolikoak dira] CIMI sortu zuen, Misiolari Indigenen Kontseilua.CIMIren ardatz nagusia ez da ebanjelizazioa; aniztasuna, pluraltasuna eta indigenen protagonismoa errespetatzen baititu. Horrela, aliatu gisa jokatzen du. Oro har, esperientzia horiekin batera, indigenek gogor egin diete megaproiektuei eta beren kulturen kontrako erasoei.

Brasilgo legediak kontuan hartzen du beharrezkoa dela eremu batzuk mugaturik egotea eta komunitateek onespena ematea haien lurraldean zerbait egin aurretik…

Konstituzioak ez du meatzaritza jarduerarik onartzen indigenen lurraldeetan gaia arautzen duen lege bat egin arte. Bestalde, Brasilek sinatua du OITren 169 hitzarmena, eta legebiltzarrak ere legezkotzat jo du. Hitzarmen horrek aukera bermatzen die herri indigenei kontsulta libre eta ondo informatua egiteko, euren lurraldeei eragiten dien edozein proiektu gauzatu aurretik.

Indigenen lur berriak mugarritzeko lanak geldirik daude, arrazoi guztiz ideologikoengatik, Brasilgo Konstituzioak bermatu egiten baitie eskubide hori indigenei. Egun, 169 hitzarmena praktikan jarri gabe dago oraindik.

Nolakoa da gaur egun meategien eta agronegozioaren lana lurralde horietan?

Indigenen lurraldeetako meatzaritzak urrea du helburu, eta ilegala da. Mota horretako meatzaritza bazegoen lehendik ere, baina, orain errepublikako lehendakariaren babesa duenez, oso azkar hedatu da, eta gatazka gehiago sortu ditu. Nekazaritza eta abeltzaintza jardunak hedatzea da herri indigenekin duten gatazka nagusietako bat, baita basoak eta ur iturriak suntsitzea ere. Bereziki Cerradon [Brasilgo erdiguneko lurraldea] eta Amazoniako oihanean [iparralderantz] zabaltzen ari dira jarduera horiek; eta, normalean, egurra mozten dute lehenago, legez kanpo saltzeko.

Mehatxurik edota gaitzespenik ba al dago komunitate indigenek egiten duten erresistentziaren kontra?

Zur enpresetakoek eraso armatuak egiten dizkiete komunitate indigenei etengabe, eta duela gutxi basozain indigena batzuk erail zituzten; oraintsu, segurtasun indarrek ere armekin egin zieten eraso herri indigenei. Horrez gain, isilkako erasoak ere badira: komunitate indigenak osasunerako eta hezkuntzarako baliabiderik gabe uztea, edota gose eta desnutrizio egoera larrietan uztea, esaterako.

Bolsonarok adierazi zuen indioa «gure mailako gizaki» egitea zela ekintza horien helburua.

Errotik arrazista da hori. Mendebaldeko gizon zuriaren menpeko egiten du indigena. Ideologia asimilazionista du oinarri: horrek herri indigenak eta euren kultura desagertarazi nahi ditu gure gizartean. Bolsonaro Brasilgo alderik okerrenaren eta atzerakoienaren erakusgarri da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.