Jordi Gamito. Mendi korrikalaria

«Iazko UTMB mugarria izan zen: iraun ez, hobeto biziko naiz orain»

Iazko Mont Blanceko Ultratraileko hirugarren postuarekin, amets bat betetzeaz gain, babesleen laguntza lortu du, igeltsero lanaren zama arintzeko eta batez ere korrikan jarduteko. Lasterketa guztietan berea ematen duten korrikalarietakoa da Gamito.

UNAI UGARTEMENDIA.
Unai Ugartemendia.
Tolosa
2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Egun batzuk igaro ditu Euskal Herrian Jordi Gamitok (Platja d'Aro, Herrialde Katalanak, 1981), 2018ko Ultratrail World Tourreko bigarren sailkatuak. Istorio berezia duen mendi korrikalaria da kataluniarra. Sei urte baino ez dira mendian korrika hasi zenetik, baina ultra distantziako munduko korrikalaririk ezagunenetakoa bihurtu da. Korrika egiten hasi aurretik muay thai Thailandiako borroka artean lehiatzen aritu zen. Orduan ere munduko onenekin lehian ibiltzea lortu zuen.

Jokin Lizeaga du entrenatzaile. Hiru egun egin ditu Euskal Herrian, ondo zukutuak. Mendian korrika egin, lagunak bisitatu eta Tolosaldean ibili. «Zegama jokatu aurretik, berriro itzuliko naiz», esan du Kataluniara itzuli aurretik.

Zer egin duzu egun hauetan Euskal Herrian?

Egun batean Zegaman egon nintzen, Jokin Lizeagarekin entrenatzen. Urte bat pasatu da azkenekoz egon ginenetik, eta banuen hura ikusteko gogoa. Denboraldiaz hitz egiteko ere baliatu dugu denbora. Nahiko fin nagoela esan dit. Denboraldia hasi besterik ez dut egin; izango dugu denbora gehiago argaltzeko. Bestalde, Ion Azpirozekin Reala ikusten ere egon nintzen, eta lagun batzuekin sagardotegira ere joan ginen. Ez dut denbora alferrik galdu.

Denboraldia orain hasi duzula esan duzu, baina aspaldi hasita egon behar zenuen.

Bai, hala da. Urtarrilean jada Mexikon egon behar nuen, eta otsailean, Costa Rican, baina, lesio bat dela medio, geldirik egotea tokatu zait. Hori zen egin behar nuen denboraldi-aurrea apirilean Fuji mendiko ultratrailean sasoian egoteko [166 kilometro, +8.000 metro]. Jada ez naiz Japoniara joango, eta denboraldia atzeratu egin zait. Azkenerako, hiru hilabete egin ditut geldirik.

Zenbat urte dira hainbeste denboran geldirik egon gabe?

Uste dut inoiz ez naizela hainbeste denboran geldirik egon. Oso gogorra egin zait.

Zer egin duzu hiru hilabete hauetan?

Lehen hilabetean jan besterik ez nuen egiten [barreak]. Buruko lana oso garrantzitsua izan da, asko jan ondoren ez bainuen jandako guztia erretzeko aukerarik. Alukeria bat izan da! Iazko denboraldiaren ostean, amorru handia eman dit orain geldirik egon behar izateak. Hutsetik hastea tokatu zait; berriro ere sasoian jarri behar dut, eta berriro ere gozatu egin nahi dut aurten.

Azken urteetan oso postu onak egindakoa zara mundu mailako lasterketetan, baina iazkoa handia izan zen, UTMB Mont Blanceko Ultratraileko podiumean sartzea lortu zenuen.

Bai, esan dezaket mugarri bat izan dela. Niretzat amets bat zen: bi hilabete egin nituen Alpeetan entrenatzen, eta askotan amesten nuen gauza bat zen. Halere, azken ehun metroak egin arte ez nuen neure burua podiumean ikusi. Egia da 2017an antzeko denbora egin nuela, baina iaz ero moduan joan ziren asko aurretik nituen. Une egokian bertan egotea lortu nuen.

Batzuek zure hirugarren postua gutxietsi zuten, onenek erretiratzea erabaki zutelako lortutako postua izan zela esan zuten. Zer duzu esateko?

Irteeran, 2.700 korrikalari ginen. Lehiatzeko moduan, laurogei korrikalari inguru, eta horietatik askok izan ditzakegu egun onak eta txarrak. Punta-puntako korrikalarien zerrenda bikaina zen: esaterako, han ziren Kilian Jornet, Luis Alberto Hernando, Xavier Thevenard, Zach Miller, Jim Walmsley, Tim Tollefson... Agian Francois D'Haene bakarrik falta zen, baina esan dezakegu inoizko zerrenda onena izan zela. Amaieran egin nuen denbora agian ez da onena, eta badakit hobetu dezakedala, baina ezin da lasterketa gutxietsi.

Helmuga igaro eta gero denbora asko pasatu zenuen bertan, ez zenuen handik joan nahi.

Ez baita egunero hirugarren postuan sartzen Chamonixen! Beti amesten nuen horrekin, eta argi esango dut: banekien noizbait lor nezakeela. Ikaragarri entrenatu naiz horretarako, eta justizia besterik ez nuen eskatzen. Berdin zitzaidan lehena, bigarren edo hirugarren izatea, baina podiuma zapaltzea zer zen jakin nahi nuen.

Estu eta larri sartu zinen helmugan, atzera begira egin zenituen azken kilometroak.

Lau kilometroren faltan, atzekoa minutu batera zegoela esan zidan gizon batek, eta horrek asko estutu ninduen. Ez nuen azken metroak gozatzeko aukera handirik izan, eta, behin helmugara iritsita, ez nuen alde egin nahi. Azken kilometroak hilzorian egin nituen. Ez nuen inondik inora inork atzetik harrapatzerik nahi. Azkenean, hamar minutu atera nizkion. Azken metroetan ez gozatu izanaren arantza gelditu zait.

Aurten ez zara berriro ere UTMBn izango. Zergatik?

Aurten ere berriro parte hartzeak ez ninduen bereziki motibatzen. Chamonixen izango naiz, baina TDS lasterketan. Agian, datorren urtean berriz ere UTMBn izango naiz, batek daki.

Nork esan behar zizun orain zazpi urte horrela ibiliko zinenik, muay thay borroka artean lehiatzen zinenean.

Oso burugogorra naiz egiten ditudan gauza guztietan, eta banekien saiatuz gero diziplina honetan ere zerbait egiteko aukera izango nuela.

Nola hasi zinen muay thain?

Bikotekidearekin Thailandiara egindako bidaia batean izan zen. Herrialdeaz eta jendeaz maitemindu nintzen, eta, handik itzultzean, Thailandian bertan borrokatu nahi nuela aipatu nion. Ordurako Katalunian ibiltzen nintzen borrokan, baina nik amets hura bete nahi nuen. Udan bi hilabeteko oporraldia egiten nuen, eta urte batean hara joateko apustua egin nuen. Hiru borrokaldi egin nituen, eta ikusi nuen ez nintzela hain gaizki moldatzen hangoen aurka. Baina nire ametsa Bangkoken borrokatzea zen, Lumpini estadioan.

Hura ere lortu zenuen.

Niretzat goia jotzea izan zen. Ordurako, chiang may diziplinan borroka egin nuen, baina ez zen nik nahi nuena. Argi neukan Lumpinin borrokatu nahi banuen Bangkokeko gimnasio batean entrenatu behar nuela. Han gauzak serio hartzen dituzte. Egunero sei orduz entrenatzen dira, eta nire aldeko apustua egin zuten gimnasio batean. Uda gogor bat igaro eta gero, erreginaren urtebetetzean borrokatzea lortu nuen. 70 borrokaldi jarraian irabaziak zituen bati irabaztea lortu nuen, eta orduan eman zidaten Lumpinin borrokatzeko aukera. Han borrokatu eta gero, beste ametsik ez zitzaidan gelditzen.

Handik itzultzean, uztea erabaki zenuen?

Bai, entrenatzen jarraitzen nuen, baina korrikarekin tartekatzen nuen. Azkenekoz Thailandiara joan aurretik, korrika denbora txukun samarrak egiten nituen. Fisioterapeuta bati aipatu nizkion korrika egiten nituen denborak, eta errepideko lasterketa batean probatzeko esan zidan. Hari kasu egin eta hamar kilometroko lasterketa batera joan nintzen. Zortzigarren postuan amaitu nuen. Thailandian nengoela, buruari bueltaka hasi nintzen, eta kirolez aldatzeko aukera paregabea izan zitekeela pentsatu nuen.

Gogoan al duzu mendian egindako lehen lasterketa?

2014. urtean izan zen. Niretzat kirola bidaiatzeko aukera bat izan da beti. Kanpoan lasterketa bat egin nahi nuen, eta Chileko El Cruce lasterketa topatu nuen. Bost hilabete neramatzan jada korrika, eta hara joan nintzen. Ez nekien nola moldatuko nintzen. Hiru eguneko lasterketa bat zen. Lehen egunean laugarren amaitu nuen, nire harrigarri. Tartean ziren Marco De Gasperi italiarra, Dakota Jones amerikarra, beste argentinar bat... Bigarren egunean hirugarren amaitu nuen, eta hirugarrenean, bigarren. Azken sailkapenean laugarren izan nintzen. Amaitu eta gero, Dakota Jonesek esan zidan lasterketa luzeak egokiak zirela niretzat.

Azken urteetan gauzak borobil atera zaizkizu, baina esperientzia txar asko ere izan dituzu zure ibilbidean.

Igeltseroa naiz ogibidez, baina banekien horrelako lasterketa luzeetan ibiltzeko ez zela aproposena egunero eraikuntzan hamar orduz lan egitea. Asko nekatzen nintzen, eta ez nuen nik nahi adina atseden hartzen. Lan hura utzi nuen, eta saltzaile gisa hasi nintzen lanean. Askok adarra jo zidaten, gehiegi. Igeltsero moduan diru pixka bat irabazten nuen, baina saltzaile haiekin borrokan ibiltzea oso gogorra izan zen. Egia da entrenatzeko denbora gehiago nuela eta emaitza hobeak lortzen hasi nintzela. Denborarekin, berriro ere igeltsero lanetan hasi nintzen: mendian dagoen herrixka batera joan nintzen bizitzera, eta han lan txikiak egiten hasi nintzen bertako gizon batentzat. Lan egindako orduko ordaintzen zidan. Goizetan, entrenatu egiten nintzen, eta, arratsaldeetan, lana. Izugarrizko bizitza eman zidan iaz, eta babesle batzuen laguntzarekin bizimodua aurrera ateratzen hasi nintzen. UTMBn lortutako emaitzarekin, hurrengo hiru urteetan babesleen laguntzaz biziko naiz.

Asko aldatu al zaizu bizitza UTMBren ondoren?

Berdintsu jarraitzen dut. Egia da orain arte nituen babesleek esfortzu handiagoa egingo dutela datozen urteetan, baina, bestela, oinetakoen babeslea bakarrik aldatu dut. Entrenatzaile berarekin jarraitzen dut, lagun berberekin jarraitzen dut... Orain arte iraun egiten nuen, orain hobeto biziko naiz.

Zer asmo zenituen aurten?

Ilusio handia egiten dit Western States lasterketak. Badakit arrisku asko dituela: inoiz ez naiz Ameriketako Estatu Batuetan egon; badakit ez dela lasterketa ona niretzat, oso korrikalaria delako... baina izugarrizko gogoa daukat. Ez dakit nola entrenatuko naizen, baina lasterketa berriak ezagutzeko aukera paregabea izango da. Aurretik, Espainiako txapelketa jokatuko dut; gero, apirilean, Sky Gran Canaria lasterketa [72 kilometro, +5.470 metro]; eta maiatzean Transvulcania [74 kilometro, +4.300 metro] eta Zegama [42 kilometro, +2.700 metro], uztailean AEBetara joan aurretik. Gero etorriko dira TDS [145 kilometro, +9.100 metro], Ultra Pirineu, Diagonale des Fous [170 kilometro, +10.000 metro] eta Everest Trail Race [160 kilometro]. Urtea amaitzeko, Mera Peak mendia igo nahiko nuke [Nepal, 6.476 metro] eta snowboardarekin jaitsi.

Zein izango da aurtengo helburu nagusia?

TDS eta Diagonale des Fous gehienbat. Urtea hiru zatitan banatuko dut: lehena Western States lasterketan amaituko dut; bigarrena, TDS lasterketarekin, eta hirugarrena, Diagonale des Fousekin. Tartean beste lasterketa motzagoren bat ere egin dezaket, baina hiru horietan maila gorenean egon nahi nuke.

Euskal Herriko ultraren batean ikusiko al zaitugu noizbait? Esaterako, Ehunmilietan?

Noiz da? [barreak]. Asko gustatuko litzaidake egunen batean egitea. Ion Azpirozi ere esan berri diot egutegian markatua dudala, eta agian orain da egiteko momentua.

Urte batzuk badaramatzazu Jokin Lizeagarekin entrenatzen. Zer ematen dizu Lizeagak?

Lasaitasuna, gehienbat. Lurrean egoten irakatsi dit, eta gauzak argi esaten dizkit. Sasoiko nagoenean, esan egiten dit, baina ondo ez nagoenean ere, azkar esaten dit. Adibide bat: UTMBren aurreko egunetan, inoiz baino hobeto nengoela esan zidan, eta nik banekien ondo nengoela. Aurkakoa entzutea ere tokatu izan zait, lasterketaren baten bezperan gizena nengoela eta sasoiko ez nengoela esan zidanean bezala. Horixe gustatzen zait gehien: inork baino argiago hitz egiten didala. Komunikazio handia dugu, eta badakit berak eskatzen didana egiten badut ondo ibiliko naizela. Nirekin lortu duen bilakaera oso handia izan da. Urte gutxitan izugarri aldatu nau. Ez nuen inoiz pentsatuko mendian horrela korrika ibiltzea, eta horren errua Jokinena da, zalantzarik gabe.

Asko eskatzen al dizu?

Entrenamenduetan bai, baina zerbait nahi duenak asko borrokatu behar du. Pisua asko kontrolatzen dit, baina ezin naiz kexatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.