KRITIKA. Musika

Ahotsaren gainetik

2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun

Ainhoa Arteta

Sopranoa: Ainhoa Arteta. Pianoa: Javier Carmena. Egitaraua: J. Guridi, A. Garcia Abril, F. de la Torre,C. Guastavino, Aita Donostia, F. Cilea eta G. Pucciniren obrak.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Apirilak 22.

Murrizketak direla eta, Royal Liverpool Philarmonic orkestraren kontzertua bertan behera geratu ostean, Kursaal Eszenak Ainhoa Arteta gonbidatu du, Javier Carmenarekin batera kantu-errezitala bi saiotan eskaini dezan. Programa heterogeneoa aurkeztu zuen soprano tolosarrak, bere ibilbide oparoan lagun izan dituen euskal abestiez, abesti espainolez eta opera ariez osatuta.

Jesus Guridiren Mirentxu operako Goizeko eguzki argiak erromantzeak ireki zuen kontzertua, Artetaren ahotsean interpretazio finenetakoak izan dituena. Batzuetan hitzen argitasunaren kalterako izan arren, goiko erregistroan lantzen dituen pianissimo-ek zirrara sortzen dute beti. Dramatismoa handituz zihoala, konpositore gasteiztarraren Hamar euskal melodia multzotik bi izan ziren gero. Aritz adarrean maitekorra dinamika zabalaz eta esaldi luzez jantzi zuen Artetak, ondoren lirikotasun indartsuz betetako Ala baita sentikorrari bidea emanez. Euskal abestien zatia amaituta, nabarmen hunkituta eta malkoak begietan, gonbidapenagatik eskerrak eman eta duela gutxi zendutako Anton Garcia Abril konpositore aragoiarra oroitzeko tartea hartu zuen gero, publikoaren txaloak jasoz.

Carlos Guastavinoren La rosa y el sauce zein Francisco de la Torre errenazentistaren Pámpano verde abestietan lerro garbia marraztu zen tekletatik ahotsera. Poesiaren inmaterialtasuna haragiztatu daitekeela argi geratu zen Garcia Abrilen Canciones de Antonio Gala triptikoan, pianoaren parte-hartze nabarmenaz. Baina Aita Donostiaren Oñazez pieza emankorrean eskaini zigun Carmenak une gorena, maisu pedalean, dinamiketan, fraseatzean, espresioan.

Programaren azken bi opera arietan Artetak ere ez zuen luzimendurako aukera galdu. Tesitura osoan egonkor eta eroso eta hain ondo menderatzen duen antzezle-alderdia azaletik isuriz, Francisco Cilearen Io son l'umile ancella eta Giacomo Pucciniren Vissi d'arte ezagunak distiratsuak izan ziren. Bi bis, Haurtxoa sehaskan tartean, eta hunkipena taulatik besaulki-patiora joan-etorrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.