KRITIKA. Antzerkia

Betaurreko galduak

Ganso & Cia konpainiaren Alpha antzezlaneko irudi bat. GANSO & CIA.
Agus Perez.
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun

'Alpha'

Konpainia: Ganso & Cia. Sorkuntza eta zuzendaritza: Gorka Ganso, Cecilia Paganini. Kanpo begirada: Elise Ouvrier-Buffet. Musika konposizioa eta zuzeneko interpretazioa: Iñaki Santos. Eszenografia: Oscar de Paz.Argiak: Ion Chavez. Ilustrazioak: Bea Aparicio. Antzezlea: Gorka Ganso. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa. Eguna: Urriak 30.

Lotara doa gure protagonista, gau guztietako errituala xehetasun osoz beteta: pijamaren gaineko txabusina erantzi, zapatilak ohe alboan txukun kokatu, ur tragoxka bat edan... Egia esan, maniatiko samarra dirudi, baina nork ez du horrelako keinu txikien segida ia inkontzientea gau arrunt guzti-guztietan egiten?

Loaren adituek ere gomendatzen dute horrelako azturei jarraitzea, eta haien artean dago, zelan ez, zertxobait irakurtzea. Gure gizonak ere ekingo dio bere liburuari... betaurrekoak galdu arte. Ez dakigu, benetan, nolatan galdu dituen, baina hortik aurrera esna egotetik —alfa egoera deitzen omen da— beste plano batera igaro eta ametsen munduan murgilduko zaigu, beldurrak eta fantasia lagun.

Ganso & Cia konpainiaren jarraitzaileok aldaketa nabarmena aurkitu dugu estreinatu berri duten Alpha honetan. Edo aldaketa baino gehiago, bilakaera bat Gorka Gansoren ibilbidean, orain arteko estiloan goia jo ondoren. Izan ere, bere aurreko lanetan —Kaput, Babo Royal,Panoli kabareta...— Txefo Rodriguezekin edo Cecilia Paganinirekin agertu da, eta istorioetako pertsonaiak clown-etik hurbilago zeuden, beren janzkera xelebreekin eta buruargiak diren hitzik gabeko ateraldi burugabeekin.

Baina aurreko guztiak bikainak izan arren, askoz proposamen errealistago batekin etorri zaigu orain Ganso, logela bateko dekoratu eskematiko naturalistan kokatuta —atea, gau-mahaitxoa, ohea, armairua...— eta esandako elementuak nolabaiteko ildo argumental baten zerbitzura jarrita. Hala ere, ikusleak ez du argumentu zehatzik aurkituko, protagonistaren irudimena eta fantasiak izan direlako emanaldi osoaren gidariak.

Ez pentsa, ordea, Gansok umorerako bere dohain naturalei uko egin dienik. Dohain horiek odolean daramatza txertatuta —esan daiteke bere DNAren parte direla—, eta artista ondo trebatu da bertuteok era inteligente eta gizatiarrean plazaratzen; baina, kasu honetan, neurritsuago ibili da haien erabileran, beste erregistro batzuk esploratu edo bide berrietatik joan nahi izan balu bezala.

Piano elektronikoaren aurrean Iñaki Santos musikaria egon da, airezko hormak zeuzkan logela horren perimetrotik kanpo, eta bere musika inspiratu gozoak rol esanguratsua jokatu du kontakizunaren garapenean eta eszenen girotzean. Txaloen unera arte ez gara konturatu, baina bera ere pijama jantzita zebilen, eta amaiera aldera bere musikak ezusteko eragina izan du logelako pertsonaiarengan, ikusleen ezinbesteko kolaborazioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.