Sanferminak Iruñean. Entzierroa

Arriskutsu famari eutsi gabe

Cebada Gago ganadutegiko zezenek abiadura bizian egin dute entzierroaren ibilbidea. Entzierro garbia izan da, eta bi minutu eta 23 segundo iraun du. Zezenek korrikalari bat adarkatu dute, baina zauri txikia eragin diote

Arriskutsu famari eutsi gabe.
Ane Eslava.
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Cebada Gago ganadutegiko zezenek (Cadiz, Espainia) arriskutsu ospea dute, eta ez da gutxiagorako: 30 aldiz egin dute lasterka Iruñeko kaleetan, eta adarkada zauritu gehien eragin dituzten zezenak dira; orotara, 56 lagun adarkatu dituzte. Horregatik, pentsatzekoa da atzokoan lasterkariak prest egongo zirela, entzierroaren arriskuaren jakitun egongo zirela. Sei zezenek eta sei joaldunek, ordea, entzierro garbia eta azkarra egin zuten. Oso azkarra: bi minutu eta 23 segundo iraun zuen. Gizonezko batek adarkada bat jaso zuen bizkarrean, Estafeta kalean, baina zauri txiki bat besterik ez zuen izan.

Bigarren entzierroa zen atzokoa, eta, asteburua pasata, jende gutxiago nabari zen ibilbidean; hala ere, oraindik korrikalari asko zeuden. Zorua heze zegoen, goizaldean euria egin zuelako, eta horrek areagotu egiten zuen arriskua. Erlojuak zortziak jo zituenean, zezenak zalantzan egon ziren eskortetatik ateratzeko, baina joaldunek aurrea hartu zuten, eta haien atzetik atera ziren zezenak ere, abiadura bizian.

Taldean igo zuten zezenek San Domingoko aldapa, eta une arriskutsuak egon ziren. Zezen beltz bat eskuineko aldeko korrikalariekin oldartu zen, baina ez zuen inor adarkatu. Hainbat lasterkari erori ziren lurrera tarte horretan, eta pilaketa txiki batzuk egon ziren. Abiadura handiz zeharkatu zuten zezenek eta joaldunek Udaletxe plaza. Mercaderes kalean, mutil bat lurrera erori zen, eta gainetik pasatu zitzaizkion zezenak eta joaldunak.

Taldeak erorikorik gabe hartu zuen Estafetako bihurgunea. Lehen, entzierroko tokirik arriskutsuena zen hori, zezenak lurrera erortzen baitziren; baina, 2006tik, bidean ez labaintzeko likidoa botatzen dutenetik, ezusteko gutxiago egoten dira. Atzokoan, zezen beltz batek kolpe handia eman zion bihurgunearen eskuineko aldean zegoen korrikalari bati, baina ez zuen adarkatu.

Lasterketak Estafetan

Cebada Gagoko zezenek abiadura bizian, korrikalariz inguratuta eta lau joaldunek gidatuta zeharkatu zituzten Estafeta kaleko 300 metroak. Erorikoak eta harrapatzeak egon ziren, eta, kalearen hasieran, korrikalariek ez zuten aukera askorik izan zezenen artean sartzeko. Kalearen amaierara iristeko, zezenak banatuta zeuden: bi zezen eta joaldun bat atzerago gelditu ziren, baina ez zuten arazorik sortu. Kalearen azken zatian izan zuten aukera korrikalariek zezenen aurrean eta artean jartzeko, eta lasterketak ikusi ziren. Espoz y Mina kalearen parean, zezen batek gizon bat adarkatu zuen, bizkarrean, baina zauri txikia egin zion, eta hark ez zuen ospitalera joan nahi izan.

Telefonica aldean, zezen beltz bat lurrera erori ziren, baina azkar zutitu zen, eta bere bidea jarraitu zuen. Tarte horretan, zezen beltz bat korrikalari batekin oldartu zen, eta adarkatzeko zorian egon zen, baina ez zuen adarkatu. Zuzenean sartu ziren zezen guztiak plazara, eta, bi minutu eta 23 segundoren ostean, ukuiluan zeuden berriz. Lasterketa bizia egin zuten, eta arazo handirik gabekoa. Arratsaldean, Manuel Escribanok, Ruben Pilarrek eta Juan del Alamok hil zituzten sei zezenak, plazan.

Goizean, hiru pertsona eraman zituzten ospitalera, garezur kontusio, besoko kontusio eta bizkarrezur kontusioarekin. Jakinarazi zuten guztiei egunean bertan emango zietela senda-agiria.

Iazkoa ere, azkarra

Iaz ere, uztailaren 8ko entzierroan parte hartu zuten Cebada Gagoko zezenek, bigarren entzierroan. Orduan ere lasterketa azkarra eta arriskutsua egin zuten, bi minutu eta 33 segundokoa, eta ez zuten adarkaturik utzi.

Gaur, berriz, Jose Escolar ganadutegiko (Lanzahita, Espainia) zezenen txanda da. Entzierroan buelta emateagatik ezagunak dira ganadutegi horretako zezenak; horregatik, Iruñera eramaten dituzten zezenen artean arriskutsuenetakoak dira. Iaz, entzierro garbia egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.