Sanferminak Iruñean. Entzierroa

Hirugarrena, ziztu bizian

Jose Escolar ganadutegiko zezenek bi minutu eta 13 segundoan zeharkatu dute sanferminetako entzierroaren ibilbidea. Ez da adarkaturik egon, eta bi zauritu bakarrik eraman dituzte ospitalera

Hirugarrena, ziztu bizian.
Ane Eslava.
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Orain arteko entzierrorik azkarrena izan zen atzokoa: Jose Escolar (Avila, Espainia) ganadutegiko zezenek bi minutu eta 13 segundoan egin zuten ukuiluetatik zezen plazarainoko ibilbidea. Goizeko zortzietan, Iruñeko kaleak bustita zeuden oraindik, herenegungo euri jasaren eraginez, eta horrek areagotu egiten zuen arriskua. Hala ere, gorabehera gutxiko entzierroa izan zen; oso garbia, eta adarkaturik gabekoa. Bi lagun eraman zituzten ospitalera; batek orkatila hautsi zuen, eta besteak kolpea eman zuen buruan eta sorbaldan.

Ez zen nolanahiko entzierroa izan atzokoa: Jose Escolar ganadutegiko zezenek ikusmin handia sortzen dute Iruñean, 2015, 2016 eta 2017ko entzierroetan zezenetako batek buelta eman baitzuen ukuilutik atera bezain laster. Gainera, zorua heze egoteak handitu egin zuen arriskua.

Suziriak lasterketari hasiera eman zionean, zezen guztiakzuzenean atera ziren ukuilutik, joaldunak aurrean zituztela; iaz bezala, ez zuten aurreko urteetako jokaldia errepikatu. San Domingoko aldapan aurreko egunetan baino korrikalari gutxiago zeuden, eta, samaldaren abiadura zela eta, ez zuten aukera handirik izan animalien artean sartzeko. Aldapan, ondorioz, aurreko entzierroetan baino erorialdi gutxiago egon ziren, baina, ohi bezala, korrikalariren bat jausi egin zen, eta pilaketa txiki batzuk egon ziren. Aldapan gora egin ahala, joaldunak abiadura handiagoa hartuz joan ziren, eta, ondorioz, taldea luzatu egin zen, ia ilara bat osatu arte.

Mercaderes kalean, joaldun batek estropezu egin zuen, baina ez zen lurrera erori, eta aurrera jarraitu zuen. Sei zezenek eta sei joaldunek ongi hartu zuten Estafetako bihurgunea, erorikorik gabe, bidea aldez aurretik ezagutuko balute bezala. Korrikalari bat lurrera jausi zen, baina kolpea besterik ez zuen hartu.

Estafeta kalean, aurreko tarteetan baino jende gehiago zegoen, eta korrikalariek zezenen artean sartzeko eta lasterketa ikusgarriak egiteko aukera izan zuten. Hala ere, maiz ikusten diren jarrera desegokiak ere egon ziren; besteak beste, lasterkari batzuek adarretatik heldu zieten zezenei. Estafeta kalearen amaiera aldera gertatu zen entzierroaren emozio handieneko unea: abiadura handian zihoan joaldun batek estropezu egin zuen, eta haren atzetik jausi ziren beste joaldun bat eta bi zezen. Animalien artean ziren korrikalari batzuk ere lurrera erori ziren, baina pilaketak ez zuen ondoriorik izan, eta zezenek eta joaldunek beren bidea jarraitu zuten.

Telefonica aldean eta zezen plazako kailejoian arazorik gabe egin zuten aurrera animaliek, aurreko zatietan baino pixka bat banatuago. Korrikalari batzuk lurrera erori ziren, baina, hala ere, entzierroa arazorik gabe amaitu zen. Animalia guztiak zuzenean sartu ziren plazako ukuiluetara, bi minutu eta 13 segundoren ostean. Plazan, aurreko egunetan baino jende gutxiago zegoen.

Entzierroak aldatzen ari dira

Zenbait adituk atzo adierazi zutenez, atzoko entzierroa «perfektua» izan zen. Zezenek zuzen egin zuten aurrera, elkarrekin; ez ziren inorekin oldartu, eta apenas egon zen zauriturik. Azken urteetan, gero eta ohikoagoak dira halako entzierroak, eta arrazoi bat baino gehiago daude atzean. Batetik, ibilbidean ez labaintzekolikidoa botatzen dutenez, animaliak eta korrikalariak ez dira hainbeste erortzen. Bestetik, joaldunak oso entrenatuta daude, eta abiada bizian egiten dute ibilbidea, zezenen aurretik. Horren ondorioz, korrikalari eta zale batzuk kexu dira, uste baitute entzierroa garai bateko emozioa galtzen ari dela.

Jose Escolar ganadutegiko zezenek bosgarren aldia zuten atzokoa Iruñean, eta inoiz baino azkarrago egin zuten ibilbidea —iaz, bi minutu eta 52 segundoan egin zuten—. Atzokoa bigarren aldia izan zen ez zutena inor adarkadaz zauritu; orotara, zortzi lagun adarkatu dituzte sanferminetan. Arratsaldean, Fernando Robleño, Javier Castaño eta Pepe Moral toreatzaileek hil zituzten sei zezenak. Herenegun, berriz, zezenketa bertan behera utzi zuten, euriarengatik.

Gaur, Jandilla ganadutegiko zezenek korrika egingo dute entzierroan. Iaz, lasterketa azkarra egin zuten ganadutegi horretako zezenek —bi minutu eta 24 segundokoa—, eta adarkatu bat utzi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.