Sanferminak Iruñean. Entzierroa

Eskatzen zutena eduki dute

Entzierrorik luzeena egin dute Victoriano del Rio etxeko zezenek, eta lagun bat adarkatu dute. Entzierroa hasi aurretik, «emozio faltarengatik» protesta egin dute korrikalariek

Eskatzen zutena eduki dute.
Ane Eslava.
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Emozioa eskatzen dute sanferminetako entzierroetan korrika egiten dutenek: zezenen adarren aurrean jarri ahal izatea; tentsioa sentitzea. Eta, atzo, une batzuetan bada ere, eskatzen zutena izan zuten korrikalariek, Madrilgo Victoriano del Rio etxeko zezenekin. Zintzo ospea dute zezen horiek: hamar aldiz izan dira Iruñeko kaleetan, eta beti zuzen eta agudo egin dute lasterka, inguruan zituzten korrikalariei erreparatu gabe. Baina atzo, aurtengo sanferminetako entzierrorik luzeena egin zuten, eta tentsio une gehien izan dituena uztailaren 7koaz geroztik. Lasterketak bi minutu eta 49 segundo iraun zuen, gizon bat adarkadaz zauritu zuten, eta beste bost eraman zituzten ospitalera, kolpeengatik.

Atzoko entzierroan, zezenak ukuiluetatik atera aurretik jada egoera bitxi bat ikusi ahal izan zen ibilbidean: zenbait korrikalarik, hankak berotzen aritu beharrean, lurrean eserita itxaron zioten suziriaren soinuari, protesta gisa. Korrikalariak haserre omen daude azkenaldian entzierroek duten «emozio faltarengatik», joaldunen abiaduraren eraginez ez baitute aukerarik zezenen aurrean jartzeko. Dirudienez, sare sozialen bitartez zabaldu zen atzoko eserialdirako deialdia, baina, hala ere, ez ziren asko izan protestarekin bat egin zutenak.

Behin kortako ateak zabalduta, sei joaldunak atera ziren taldearen buruan, egunero bezala, atzean bost zezen beltz eta mertxika koloreko bat zituztela. Taldeak oso tinko igo zuen San Domingoko aldapa, eta abiadura hartuz joan zen gorantz egiten zuen heinean. Udaletxearen parean gertatu zen lehen arrisku unea: zezen beltz bat gertutik pasatu zitzaion gizon bati, eta adarrarekin ukitu egin zuen.

Mercaderes kalean entzierroaren itxura aldatzen hasi zen: zezen batek abiada hartu zuen, eta samalda luzatzen hasi zen, lasterketari emozioa emanez. Animaliek aurreko egunetan baino are hobeto hartu zuten Estafetako bihurgunea: kalearen erditik, hesira gerturatu ere egin gabe. Kalearen erdialdetik aurrera, gehiago banatuz joan ziren, bikoteka geratu arte. Ordutik aurrera, beste entzierro bat ikusi ahal izan zen. Korrikalariek aurreko egunetan baino aukera gehiago izan zituzten zezenen artean sartzeko, eta lasterketa ikusgarriak egon ziren. Animaliek hiru taldetan banatuta egin zuten handik plazarainoko bidea: bi zezen eta joaldun guztiak aurrean joan ziren, beste bi pixka bat atzerago, eta azkeneko biak, taldea ixten. Hala, korrikalariek hiru aldiz bizi ahal izan zuten hainbeste nahi zuten emozioa.

Kailejoirako jaitsierakoa izan zen momenturik arriskutsuena: lehenengo bi zezenak igaro ondoren, jarraian zihoan batek adarkada sartu zion gizon bati eskuineko besoan. Zuzen jarraitu zuen aurrerantz, baina haren atzetik zetozen beste bik estropezu egin zuten eta geldirik geratu ziren une batez, toki berean, tentsioa, erorketak eta pilaketa txiki bat sortuz; baina plazarako bidea jarraitu zuten, unaiek gidatuta.

Bikoteka sartu ziren plazara ere. Lehenbiziko bostak zuzenean sartu ziren ukuiluetara, inguruan zuten jendetzari erreparatu gabe, baina seigarrenari gehiago kostatu zitzaion. Nahastuta gelditu zen plazan, harmaila estalgabeei begira, eta, azkenean, kapekin bideratu zuten. Zezen horrek luzatu zuen lasterketa, eta, ondorioz, orain arteko entzierrorik luzeena izan zen, bi minutu eta 49 segundorekin.

Sei korrikalari ospitalera

Entzierroa amaituta, sei lagun eraman zituzten Nafarroako Ospitalgunera, Tomas Belzunegi urgentzietako zerbitzuko zuzendariordeak jakinarazi zuenez. Horietako bat zen adarkada jaso zuena, eta ebakuntza egin zioten. Toki horretan artatu zuten beste gizon bat ere, orkatilako kontusio batekin, baina jakinarazi zuten azkar emango ziotela senda-agiria. San Domingoko aldapatik eraman zuten beste bat, orkatilako bihurdura batekin, eta horrek ere senda-agiria jaso zuen. Udaletxetik eraman zuten beste bat, kolpeekin, eta ospitalean gelditu zen. Estafetatik, berriz, bi gizon eraman zituzten ospitalera, horiek ere kolpeekin. Aurreko egunetako zaurituei dagokienez, sei korrikalarik jarraitzen dute ospitalean.

Gaur, berriz, Nuñez de Cuvillo ganadutegiko zezenek parte hartuko dute seigarren entzierroan. Iaz, entzierro arriskutsua egin zuten, zezenak azkar eta banatuta joan zirelako, baina ez zuten ezbeharrik sortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.