Sanferminak

Azkarrak, biziak, beldurgarriak

Jandilla ganadutegiko zezenek korrikalari bat adarkatu dute, eta zazpi eraman behar izan dituzte erietxera. Orain arteko entzierrorik azkarrena izan da: bi minutu eta 20 segundo. Arrisku uneak bizi izan dira, bero artean

Azkarrak, biziak, beldurgarriak.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Aurtengo errekorra da, oraingoz: atzo goizean, Jandilla ganadutegiko zezenek (Badajoz, Espainia) bi minutu eta 20 segundotan egin zuten lasterka. Elezahar beltzak deitzen dituztenak arin aritu ziren seigarren entzierroan, eta beldurraldi bat baino gehiago izan zen. Izan ere, entzierrorik arriskutsuenetako bat bizi izan zuten korrikalariek, ibilbide osoan: adarkatu bat utzi zuen atzokoak, eta zazpi lagun eraman zituzten erietxera.

Eguraldiaren iragarpena emana zen jadanik 08:00etarako, suziria bota baino lehen: bero bolada zetorren Euskal Herriko barrualdera, eta giroan nabaritzen zen: tentsioa, urduritasuna. Izerdia, finean.

Bezperakoa baino entzierro garbiagoa egin zuten 1951n sorturiko ganadutegiko animaliek, baina arriskuaren mamua presente egon zen entzierroan, halere. Cebada Gago ganadutegikoek arriskutsu fama badute ere, ez ziren atzokoak gutxiago izan. Ziztu bizian joan ziren Jandillakoak: 536 kilokoak ziren batez beste, bezperakoak baino hogei kilo gehiagokoak. Guziak beltzak, gaztaina koloreko bat izan ezik.

San Domingoko ukuilutik atera ziren zezenak, kostata, joaldun zuriek burua hartu zuten arte. Maldan bertan hartu zuten abiadura, eta samalda berehala trinko egin zen. Udaletxe plazako zatia izan zen arriskutsuena, zalantzarik gabe. Izkina batean, gaztaina koloreko zezenak harrapatu zuen korrikalari bat, baina ez zuen adarkatu. Ondotik, Mercaderes karrikara sartu ziren animaliak, eta segidan hasi ziren sakabanatzen. Bi zezen atzean geratu ziren. Biribilgunean bertan gizon bat erori zen, baina, zorionez, ez zuten harrapatu. Korrikalari hura zezen artean geratu zen lurrean. Zezen batek ere irrist egin zuen. Haiek abiadurak harrapatu zituen korrikalariak.

Minutu bete, eta jadanik Estafetan sartuak ziren korrikalariak eta zezen guziak. Ia karrika osoan joaldun batek gidatu zuen taldea, bizi-bizi. Minutu bat eta 37 segundoan pasatu ziren animaliak Telefonicaren zatitik. Asmatzen ahal zen lasterketa azkarra izanen zela. Bihurgunean, korrikalari batzuk erori ziren, baina oraindik falta zen lekurik arriskutsuena. Izan ere, bertze behin, zezen plaza izan zen atzo beldurgunea. Sartu baino lehen, zezen beltz bat lurrera erori zen, eta bertan gelditu. Ikara handia izan zen. Paraleloan, korrikalari bat zapaldu zuten bi zezenek.

Jandillako zezenen azken entzierroa 2019ko uztailaren 10ean izan zen, eta korrikaldi azkarra eta garbia egin zuten: bi minutu eta 19 segundo. Lau lagun zauritu zituzten. Atzo, 21. aldiz zapaldu zuten Iruñeko zorua.

Tragedia saihestua

2019an baino kalte gehiago eragin zuten Jandillako zezenek atzo: zazpi pertsona eraman zituzten zaurituta, kolpeak eta erorikoak tarteko. Gainera, horietako bat, zezen plazako erizaintzara eraman behar izan zuten, zezenak adarra sartu baitzion besoan.

Batek, Udaletxe plazan hartu zuen mina; bertze bik, Mercadereseko zatian. Telefonican ere izan zen zauritu bat, baina larriena zezen plazaren sarreran izan zen. Eguerdi aldean, osasun langileek jakinarazi zuten, paziente hark eragiten ziela «kezkarik handien».

Halere, arintze airea zebilen 140 segundo horiek amaitu zirenean. Izan ere, Jandilla ganadutegiari buruzko zorigaiztoko oroitzapena zuten oraindik korrikalari askok, Badajozko ganadutegiko zezen batek hil baitzuen norbait azkenekoz sanferminetako entzierro batean: Daniel Jimeno korrikalari madrildarra, 2009an. Igandean, Jimenoren gurasoek, omenaldi bat egin zioten Telefonicaren zatian. 2014ko entzierroan ere, zortzi lagun adarkatu zituzten Jandillakoek. Atzokoan, gutxienez, lasterketa politak egin ahal izan zituzten korrikalariek.

Gaur, Madrilgo Victoriano del Rio ganadutegiko animaliek eginen dute azken-aurreko entzierroa. 2019an, entzierrorik luzeena egin zuten Victoriano del Rio etxeko zezenek, eta lagun bat adarkatu zuten. Bi minutu eta 49 segundo iraun zuen duela hiru urte, eta, lasterketa hasi aurretik, «emozio faltarengatik» protesta egin zuten korrikalariek. Ikusi behar da gaurko zezenek zirrara handiagoa eragiten duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.