Paul Aries. Politologoa

«Haragi zikina inposatu zuten lobbyek begano bilakatu nahi dute»

Klimaren arazoari aterabide pozoitua ematea leporatzen die Ariesek kapitalista sutsuenei: beganismoa. Bere burua antibeganotzat dauka, tokiko hazkuntza eta laborantza herrikoian baitakusa konponbidea.

Ainize Madariaga
Miarritze
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Paul Aries (1959, Lyon, Frantzia) politologo eta saiakera egileak emanen du gaur hitzaldia,11:00etan, «klimarekin bateragarria den hazkuntza», Lurramaren barne. Oso mezu argia dakar: goseteari, klima eta laborantza arazoei eta animalien sufrikarioei laborantza herrikoiak ekarriko diela aterabidea, eta hazkuntza industriala dela «etsai» lehena. Eta, preseski, azken horrek du beganismoa bultzatzen, sistema kapitalistarekin berdin segitzeko.

Beganismoa modan da, alta, zu anti beganoa zara?

Beganismoaren hautua manera indibidualean erabat zilegi zait. Arazoa da bertzeei debekatu nahi zaielarik. Beganismoaren gibelean badira laborantza zelularra deiturikoaren finantza interes handiak: artifizialki ekoiztutako haragia, esnea, oilaskoa, gasna, arrautzak, eztia... Eta uste dut badela dimentsio politikoa ere: antiespezistek beraien burua ikusten dute transhumanismoaren korrontetik hurbil. Hots, amesten dutela gizakiaren perfekzioan.

Lurramara zer dakarzu?

Euskaldunekin partekatuko ditut berri ona nahiz txarra. Ona hauxe da: bada ekologiarekin bateragarria den hazkuntzarik, zeinak ez baititu animaliak gaizki tratatzen, haragi hobea egiten baitu eta hazleei bizi hobea eskaintzen baitie. Hazkuntza mota horri deitzen zaio laborantza herrikoia. Bigarren berri ona ere dakart: hazkuntza mota hau ez dela munduko gosetearen hobenduna, ez eta berotze klimatikoarena, ur edangarriaren krisiarena eta animalien sufrikarioarena ere. Haatik, berri txarra da proteina animalaren produkzio industriala hamarkadetan inposatu dutenak ohartu direla beraien sistemak paretaren kontra garamatzala. Animalientzat, hazleentzat, hiltegietako langileentzat, jaleentzat eta ekosistemarentzat baldintza ikaragarriak dira, barbaroak. Haragi tzar hori inposatu diguten horietaz ari naiz. Alta, arrazoira itzultzeko ordez, erran nahi baita hazkuntza modua berrikusteko ordez, nahiago dute orokortu laborantza zelularra.

Zer da laborantza zelularra?

Haragiaren ekoizpen industriala da, baina enbor zeluletatik abiatuz, zeina jadanik fabrikatzen baita erredura handiak pairatu dituztenei azal faltsua paratzeko. Horien arabera, mundu osorako 150 behi aski lirateke oraingo idi-haragi produkzio osoaren heinera heltzeko. Horrek ekarriko luke baserriaren bukaera, zehazkiago erranik, miliar bat 200 mila laborari ttipien akabera.

Kapitalismoaren zerbitzuko ari da beganismoa?

Erabat. Hazkuntza zelular hori inposatu nahi dutenak: alde batetik, Gafam horiek (Google, Facebook...) bilatzen dute inbertitzea bereziki errentagarriak diren sektoreetan. Finantza industria da bigarren lobbya, bereziki aseguru etxeen arlokoa. Hor diote hazkuntza mota guziek ez luketela gehiago aski errentagarritasunik. Hirugarrenik, haragi zikina inposatu ziguten lobbyek enpresa beganoa bilakatu nahi dute; munduko haragi ekoizle nagusiek(Tyson food-ek). Bereziki larria dena da jendearen sentimenduez baliatzen direla, eskuzabaltasunaz eta gazteen ekologiarekiko sentiberatasunaz.

Nork elikatuko du mundua?

Laborantza industriala ez da gai 7-8 mila milioi lagun elikatzeko. Gisa berean, laborantza beganoa orokortuko balitz ere, gauza bera litzateke: abereen kontsumoa ordezkatzeko pestizida gehiago beharko bailirateke landare hazkuntzarako; ezinezkoa.

Ba ote da gosetea bukatzeko manerarik gizakia eta ingurumenaren errespetuan?

Bai. Konbentzitua naiz iraultza bikoitzaren pare gaudela elikadurari dagokionez: batetik, platerekoa da; zer dugu janen? Eta, lehena bezain garrantzitsua da, baina ez da hain ezaguna: nola dugu jaten? Nik uste dut horrek euskaldunak zinez interesatuko dituela,ikusiz kultura oraindik oso errotua eta indartsu duzuela. Kontua da gero eta gehiago noiznahi, nolanahi eta nonahi jaten dugula. Funtsean, elikadura kultura bat baita, memoria bat, partekatze bat eta lengoaia bat. Konbentzitua naiz ezin izanen diogula nolanahiko elikadurari ihes egin, baina gaitasunak baditugu garatzeko laborantza mota berri eta herrikoiak; adibidez, permakultura. Hala, laborantza iraultzaz gain, elikadurarena ere egin behar dugu. Ostalaritza soziala azkar izatea xantza bat da: eskoletako kantinak, enpresetakoak... Borondate politiko pixka bat aski litzateke trantsizio ekologikoa erreusitzeko. Ene eredua Suedia da: adin txikiko haurrek urririk jaten baitute egunero eskolan. Haientzat irakurtzea bezain garrantzitsua da jaten ikastea.

Beganismoa bioteknologien Troiako zaldia dela diozu.

Hastapenean gisakoa nintzen, erraten bainuen beganoak kapitalismoak beganoak ergel baliagarri gisa erabiltzen zituela. Baina gero eta gehiago diot Troiako zaldia direla: baitakite arras ongi zertan ari diren. Beganoen mugimendu intelektualean, ez duzu lerro bakar bat ere atzemanen haragi faltsuaren kontra, alderantzizko guzia baizik. Ez dute natura maite, bere sinboloa bera predazioa delako, eta ezeztatu nahi baitute. Beraz, haien mezua ez da ekologistena. Beganoak norbanakoaz ari dira, transgenikoen aldekoak dira, trashumanismoaz ameskerietan dabiltza. Haien eredua segituz gero, hazkuntza guziekin akabatuko litzateke, eta ez genukeen gehiago animaliarik ukanen planetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.