BA AL ZENEKIEN...?

2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
...Iruñeko Udalak hautetsi sozialak zituela?

Garai hartan, 1979an lehen udal hauteskundeak egin aurretik, lau hautetsi sozial zituen: Jesus Velasco, Miguel Angel Muez, Jacinto Martinez Alegria eta Juan Fromm. Hain zuzen ere, horietako bat zen alkate garai hartan: Jesus Velasco.

Zer ziren hautetsi sozialak?

Frankismotik zetozen figurak ziren, baina kristau eta langile mugimenduko kideek sistemaren zirrikitu hura baliatu zuten diktaduraren kontroletik kanpoko kutsu sozial bat emateko udalari. 1966tik 1979ra arte iraun zuten.

Nola sortu ziren?

1945eko tokiko erregimenaren legeak ezartzen zuen udaleko hautetsiak hiru zutabetik aukeratuko zirela: batetik, gobernadore zibilak izendatutako erakunde batzuk aukeratu zituzten; bigarrenik, frankismoko sindikatu bertikalek; hirugarrenik, familiaburu eta bizilagun talde batek. Sistema haren diktaduraren kontrol politikoa ziurtatzen bazuen ere, langile mugimendu katolikoaren kide batzuek zirrikitu hura aurkitu zuten udalean sartzeko. Oso kritiko ziren aurreko udalarekin, arazo ugari sortu zirelako ur horniduran, zaborrean, taxien baimenetan, eskolen baliabideetan....

Zer egin zuten?

Hamahiru urtean, euren kopurua handituz joan zen. Batez ere hirigintza arloan nabarmendu ziren. Iruñea hedatzen ari zen, eta garai hartako eraikuntza enpresen interesei aurre egin zieten. Kooperatiba sozialeko etxebizitza sozialak sustatu zituzten, lehen udal ikastolak sortu zituzten, hiri garraioko Cotup enpresa bultzatu zuten, Opuseko unibertsitateari frankismoak 60ko hamarkadan emandako eremuan Donapea lanbide heziketako zentroa jarri zuten...

Nola zeuden hautetsiok 1978an?

Presio handia jasaten ari ziren. Sanferminak hasi baino egun batzuk lehenago, talde horretakoa izana zen Javier Erize alkate ohiak dimisioa aurkeztu zuen, eta alderdiak presio egiten ari ziren gainerakoek bide beretik jotzeko, hauteskundeak aurreratu zitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.