Sanpelaioak Zarautzen 

«Lan asko egin dute herriko haurrengatik»

Haur Kultur Taldeak jasoko du San Pelaio makila, gaur gauean. 1979tik, haurren eta gurasoen elkargune izan da, eta urteotan egindako lanari aitortza egingo diote. Aurretik, Haurren Agerraldia egingo dute, herrian barrena.

400 haur inguruk parte hartuko dute danborradan, gaur. ZARAUZKO UDALA.
Maite Alustiza.
2017ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Unescok Haurren Nazioarteko Urtea izendatu zuen urte berean, 1979an, Zarauzko (Gipuzkoa) lagun talde batek herriko haurrak elkartzeko zerbait egitea pentsatu zuen, baita egin ere: Haur Kultur Taldea sortu zuten. «Umeak bananduta zeuden eskolako giroaren arabera, eta elkartzeko modu bat zen, umeentzat eta gurasoentzat», esan du Ibai Ituarte taldeko kideak. Ia berrogei urtetan egindako lana aitortu nahi diete jaietan, eta, gaur, San Pelaio Makila jasoko dute, helduen danborradaren ondoren, 23:45ean, danborrada batzordearen eskutik.

«Ilusioz» hartu dute proposamena, eta, Ituartek nabarmendu duenez, omenaldia taldea sortu zutenentzat izatea nahi dute bereziki. «Lan asko egin dute herriko haurrengatik». Hasieran, mendi ibilbideak antolatu zituzten, eta hainbesterainoko arrakasta izan zuten, segituan gastatu zuten udalak ekintzetarako emandako dirua. «Herriarentzat gauza ona zela ikusi zuten, eta diru gehiago eman zieten». Danborradaren ideia ere hasieratik zuten buruan. Otsailean elkartu, eta ekainerako danborrada atera nahi zuten. «Ez zeukaten ezer, eta, bizpahiru hilabetean, danborrada sortu zuten». Horretarako, ezinbestekoa izan zen ingurukoen laguntza: kontaktuak eginez lortu zituzten danborrak, «Manolo Urbietak hiru kanta sortu zituen egun horretarako, Inaxio Lertxundi orduko zinegotziak zeukan egurtegitik desfilerako gauzak atera zituzten...». Ordutik,danborradan ateratzen den ume kopuruari eutsi diote; gaur, 400 bat haur irtengo dira, lau konpainiatan. 18:30ean hasiko dute bidea Azken Portu, Iñurritza, Vista Alegre eta Itxasmendi auzoetatik. Mauxitxa, The Joselontxo's eta Pasai txarangek girotuko dute bidea, eta, 20:00etan, Lege Zaharren plazan elkartuko dira denak. Ituarteren arabera, plazara iristean «presioa» alde batera uzten dute, eta lau konpainiak elkartzen diren momentua da «gehien disfrutatzen» dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.