Sanferminak. Entzierroa

Larunbatak eskatzen duena

Asteburuko lehen entzierroan, espero zena gertatu da: korrikalari gehiago, eguraldi ona eta giro ederra. Bi adarkatu izan dira; aurtengo lehenak. Lasterketarik azkarrena egin dute Jose Escolar ganadutegiko zezenek

Larunbatak eskatzen duena.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Avilatik (Espainia) etorri ziren aurtengo zezenik azkarrenak; oraingoz. Arin, oso arin, ekin zioten atzoko entzierroari: bi minutu eta 30 segundotan zeharkatu zuten Iruñeko Alde Zaharreko ibilbidea. San Domingoko ukuiluetatik zezen plazaraino aldentzen diren 850 metroak eguzkipean egin zituzten korrikalariek eta zezenek. Eguraldi beroaz gain, giroa ere izan zen hirugarren entzierroaren protagonista: asteburuko goizeko planak jende anitz erakarri zuen, eta irudi politak utzi zituen. Bertzalde, lehen adarkadak utzi zituen Jose Escolar ganadutegiko zezenen entzierroak.

Horrela ernatu zen hiriburua atzo, ostiral gau girotsuaren ondoren: Pamplonesa musika bandak goizeko diana eman ondoren, jendea egurrezko hesirantz hurbiltzen hasi zen. Egunsentian, sei zezenak gogoz atera ziren San Domingoko ukuilutik, ezker eta eskuinera begiratuz. Berehala, Chismoso deituriko zezenak erreleboa hartu zuen, eta aurreratu egin zen. Mercadereseko bihurgunetik irtetean, hainbat korrikalari harrapatu zituen, eta Estafetako lehen erdiari aurre egin zien lasterketako buruei.

Telefonica zatiaren aldetik, zezenak eta joaldunak elkartu ziren, eta arrisku handiko egoerak sortu zituzten, kalezulora jaisteko bidean. Korrikalari pare bat hartu zituen, adarrak erabili gabe. Azkenik, zezen plazara bortz zezen sartu ziren joaldunekin batera, eta geroago sartu zen seigarrena.

Jende asko erori zen ibilbidean, zezenek ez baitzieten erraztu lasterketa korrikalariei. Hain zuzen ere, Jose Escolar ganadutegiaren seigarren parte hartzea bi minutu eta 30 segundotan egin zuten, hau da, uztailaren 7tik azkarrena izan da, eta bigarren azkarrena ere bai entzierroaren historian, 2019an kronometroa 2:13an gelditu baitzuten.

Atzokoak bi adarkada utzi zituen, eta bertze zazpi zauritu. Lehenbizikoa Estafeta karrikan izan zen, baina Mercadereseko osasun postuan sorotsi zuten. Izterrean hartu zuen mina. Bertzea Estafeta eta Espoz y Minako gurutzean postuan lagundu zuten. Hura ere zezen beltz batek adarkatu zuen hankan.

Entzierroaren ondorengo bigantxetan, berriz, bertze adarkada bat gertatu zen: genitaletan adarkatu zuten parte hartzaileetako bat. Zauritako guziak eraman zituzten ospitalera, baina arratsaldean jakinarazi zuten korrikalariak atera zirela, zauri arinak baitzituzten.

Estafeta karrika, jomuga

Estafeta karrika maiz izaten da zatirik ikusgarriena, lasterketarako espazio zabala dela eta. Eta, atzoko entzierroan, momenturik txundigarriena izan zen, inolako zalantzarik gabe. Karrikara sartzean, zezen batek izugarrizko ostikoa eman zion parte hartzaile bati, eta irudi xelebre bat utzi zuen. Erran behar da Jose Escolar ganadutegiaren animaliak bitxikeriaren zaleak direla: amateurrak oroituko dira 2015eko entzierroaz, Curioso izeneko zezen batek, itzultzean, uhalaren atea irekita aurkitu, eta han gelditu zelako. Atzo, elkarrekin egin zuten ibilbidea, jarrera zintzoa erakutsiz.

Lasterketa agudo egin zuten zezenek, taldea luzatuz eta abiadura konstantean uztartuz. Horri esker, zezenen adarrak kontenplatzen ahal ziren karrikaren balkoietatik. Izan ere, haien artean sortu ziren zuloak, eta argazki ederrak utzi zizkieten zaleei, bistatik galdu gabe.

Gaur, La Palmosilla ganadutegiko zezenak arituko dira Iruñeko zoruan lasterka. Bigarren aldiz parte hartuko dute Iruñeko entzierroan, 2019an egin baitzuten debuta sanferminetan. Cadizko ganadutegiak (Espainia) bi minutu eta 12 segundoan osatu zuen ibilbidea duela hiru urte, eta ikusmin handia sortu du talde horrek gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.