Eusko Jaurlaritza. Urte politikoaren hasiera

Eskumenak eskualdatzeko egutegi bat eskatuko dio Urkulluk Sanchezi

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du «laster» bilduko dela Espainiako Gobernuarekin. Euskal presoen gerturaketak gauzatzen ari direla uste du, baina epeak errespetatu behar direla dio. (Bideoa albistearen amaieran).
Eusko Jaurlaritzako kideak, Donostiako Miramar jauregian, urte politikoari hasiera emateko bileran, atzo.
Eusko Jaurlaritzako kideak, Donostiako Miramar jauregian, urte politikoari hasiera emateko bileran, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iraitz Mateo Gogorza -

2018ko abuztuak 29
Donostiako Miramar jauregian hasi du datorren urte politikoa Eusko Jaurlaritzak. Urtero lez, han egin dute bilera sailburuek eta lehendakariak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatutu berri bat adostea, Espainiako Gobernuari eskatzea Gernikako Estatututik falta diren eskumenen transferentziak, eta espetxe politika berri baten aldeko urratsak egitea izango ditu Jaurlaritzaren lehentasunezko gaiak, Iñigo Urkulluren esanetan. Lehendakariak, halaber, balorazio positiboa egin du egoera ekonomikoaz, eta urtea amaitu aurretik 17.800 lanpostu sortzea espero duela esan du. Migratzaileen aferari buruz ere mintzatu da, eta adierazi du «arduraz» jokatu duela, nahiz eta bere eskumenen artean ez egon gai horrekin loturikoak.

Baina Urkullu bereziki mintzatu da Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin duen harremanaz. Azaldu du jarrera aldaketa sumatu duela sozialistekin, eta bi gobernuek aldebiko harremana daukatela ziurtatu du. Aldaketa horren adibide gisa jarri ditu PSOEkoak gobernuan daudenetik trenbide sareko bi zati eskuratu izana eta Auzitegi Konstituzionalean PPkoak polizia indarkeriaren biktimen legearen aurka jarritako helegite kentzea.

Baina hori ez da aski lehendakariarentzat, eta adierazi du Madrilekin Gernikako Estatutuak jasotzen dituen transferentzien egutegi bat adostea izango duela urte politikorako erronka nagusia. Azaldu du horretarako «laster» bilduko dela Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin.

EAJ eta PSE-EEren 2016-2020 urteetarako gobernu programaren 173. konpromisoa da eskuratzeke dauden Gernikako Estatutuko 37 eskumenen transferentziena. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketarena eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoarena dira zerrenda horretan Urkulluren gobernuak lehenetsi dituen bi eskumenak.

Gernikako Estatutua betetzeaz gain, «esparru juridiko politiko berri baten alde» lan egitea ere izango du xede Jaurlaritzak. Lehendakariaren arabera, estatutu horrek aitortu beharko luke euskal autogobernuaren berezitasuna, EAEren eta Espainiaren artean aldebikotasun harremanak sustatzeko balio beharko luke, eta bi gobernuen arteko itunak betetzeko bermeen sistema eraginkor bat jaso beharko luke.

Urkulluk gogoratu du estatutu hori sortzeko autogobernu lantalde bat osatu dela Eusko Legebiltzarrean, eta hori horrela egin izana babestu du. Hortik abiatuta, lehendakariak nahi du «ahalik eta pluralena» izatea akordioa. Hala, azpimarratu du EH Bilduk eta EAJk urte politikoaren amaieran adostu zuten testua «zirriborro» bat baino ez dela, eta legebiltzarreko taldeek asko duela egiteko oraindik. Halere, pozik agertu da negoziazioetan alderdirik ez delako «mahaitik altxatu». Hori horrela, uste du gutxieneko adostasunak lot ditzaketela, «elkarrizketa lehenetsiz gero».

Bizikidetza eta giza eskubideak ere mahai gainean izan zituzten atzoko bilkuran. Urkulluk azaldu duenez, Nafarroako Gobernuarekin maiatzaren 4an Bertizen (Nafarroa) adostutako adierazpena jarraituko du, «espetxe politika berri baten alde». Baikor azaldu da Pedro Sanchezek orain arte egindakoarekin. Presoen gerturatzearen asmoa gauzatzen ari dela uste du, baina esan du epeak errespetatu behar direla eta ohartarazi du gerturatzeak ez direla «egun batetik bestera» gauzatuko. Gaineratu du euskal presoek ere urratsak egin beharko dituztela; bereziki, iraganaren analisi kritikoaren alorrean.

Migratzaileak eta ekonomia

Uda honetan migratzaileen auziak izandako oihartzuna dela eta, Urkulluk azaldu du zein izan den Eusko Jaurlaritzaren jarduna. Euskal instituzioek eta gizarte taldeek migratzaile eta asilo eskatzaileei laguntza «oso ona» eman diete, lehendakariaren ustez: «Ez da perfektua izan, ez dago amaituta, baina laguntza integrala izan da». Bestalde, Jaurlaritzak bi batzorde sektorialetan parte hartu du Madrilen, erakundeekin sortutako mahai batean. Horrek emaitzak emango ditu, haren ustez. Urkulluk azaldu duenez, artatu beharreko kasuak eta baliabideak «nork eta nola» jarri behar dituen ari da aztertzen batzorde hori.

Ekonomiaz ere balorazio positiboa egin du. Azken urteko bilakaera ona izan dela azaldu du, eta hazkundea sustatzea dela beraien helburua; industrian eta zerbitzu aurreratuetan oinarritzen dela indar hori. Kanpora begira ere EAE geroz eta eraginkorragoa dela esan du, esportazioak eta turismoa direla eta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna