Koronabirusa. Kontrol neurriak

Bi koronabirus kasu, Gipuzkoan eta Araban

Osasun ona dute eta bakartuta daude. Osasunerako Mundu Erakundeak esan du COVID-19ak hedatzen segitzen duela. Euskal Herriko osasun etxeetan neurriak hartu dituzte

Donostia Ospitaleko larrialdietako atea, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES /FOKU.
Arantxa Iraola - Mikel P. Ansa
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Araban eta Gipuzkoan bi koronabirus kasu baieztatu zituen, atzo gauean, Eusko Jaurlaritzak. Osasun ona dutela eta bakartuta daudela erantsi du Osasun Sailak. Euskal Herrian agertu diren aurreneko bi kasuak dira. Baionan dozena erdi bat kasu ari ziren aztertzen, baina denek negatibo eman dute.

Gaitza atzeman dieten bi pertsonak kanpoan ibiliak dira azkeneko hamabost egunetan. Bat Italian izan da, eta bestea, Espainian, Andaluzian. Ez dute ziurtatu, baina uste dute kanpoan kutsatu direla biak, eta ez Euskal Herrian. Gaitza atzeman dioten arabarra medikua dela jakinarazi dute; Osasun Sailak helarazitako oharrean ez dute xehetasun gehiago erantsi. Gaur emango dute informazio gehiago.

Gaitza zelatatzeko eta bakartzeko protokoloa martxan jarri du Osasun Publikoko Zuzendaritzak. Kutsatutakoek izan dituzten kontaktuak aztertzen ari dira, gehiago hedatu ez dadin; aztertzen ari dira gaixotutakoekin kontaktu estua izan duten zer pertsona jarri berrogeialdian.

Hain zuzen, OME Osasunerako Mundu Erakundeak esan du okerrera ari dela egoera. Zabaltzen jarraitzen du COVID-19 koronabirusak; tantaka, munduko herrialde askotan ari da agertzen, eta, ondorioz, hedatze orokor baten mehatxua «goi-goian» da. Afrikan ere kasu bat agertu zela jakin zen atzo, eta horrek eraman zuen nazioarteko erakundea berriz arazoaren larriaz ohartaraztera. «Pandemia» hasi den galdetuta, hala ere, hitz hori saihestu egin behar dela esan zuten: «Izan ere, esan nahiko luke edonork duela gaitza harrapatzeko arriskua». Txinan izan zuen sorburua izurriak, baina ordutik, handik kanpora ere, 4.400 bat kasu zenbatu dituzte, 50 bat herrialdetan. Atzo arratsaldeko datuak dira, iragankorrak guztiz, gorakada etengabea baita. Bada itxaropenerako motibo izan daitekeen datu bat, ordea; Txinan apaldu egin dira nabarmen kasu berriak. Hortik ikas daitekeen lezioaren bila dabiltza adituak.

Erakundeko eledun Tedros Adhanom Ghebreyesusek argi utzi zuen atzo erronkarik garrantzitsuena «transmisio katea» etetea dela; horretan egin behar dute ahalegina mundu osoko osasun sistemek. Adierazi zuen, baita ere, hainbat zientzialari talde lanean ari direla txertoen eta tratamenduen bila, eta, ondo bidean, ikerketa horiei esker gaitzaren aurka egiteko sendagaiaren bat izango dela aurki: «Hainbat asteren bueltan». Oraingoz, ordea, sintomak arintzeko botikak besterik ez daude. Ez da gaitz larria kasurik gehienetan; adineko pertsonei eta aurrez osasun arazoak dituzten pazienteei, ordea, osasun arazo larriak eragin diezazkieke. OMEko adituek kezka azaldu dute, baita ere, errefuxiatuen guneekin; hango bizi baldintza kaxkarretan, ondorio larriak izan ditzake birusak.

Euskal Herrian, adi

Osasun publikoko arduradunek zenbait aholku eman dituzte, baina bat nagusiki: sintomak nabarituz gero —eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak...—, eta orain berri koronabirusa zabaldu den lekuren batean ibili badira, harremanetan jartzeko osasun zerbitzuekin. Osakidetzak telefono bat eman du: 900-20 30 50. Nafarroako Osasun Departamentuak beste telefono bat jarri du: 948-29 02 90.

Nafarroan, adibidez, departamendu arteko batzorde bat eratu dute, eta protokolo bat ezarri dute; herritarrei zein osasun arloko profesionalei begira, hainbat irizpide eman dituzte. Osakidetzak ospitaleak antolatu ditu 600 ohe gehiago prest edukitzeko moduan, kasuak azaltzen hasten badira, behar bezala erantzuteko. Erizain boluntarioen eskea ere egin du. Akitania Berriko eskualdeak ere krisi zelula bat abian jarri du birusaren hedapenak sortu ditzakeen egoerak kudeatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.