Albistea entzun

Koronabirusa munduan

Pekingo agerraldiak kolokan jarri du Alderdi Komunistaren irudi ona

Langile bat herritarrei tenperatura hartzen, Pekin hiriburuan.
Langile bat herritarrei tenperatura hartzen, Pekin hiriburuan. ROMAN PILIPEY / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Zigor Aldama -

2020ko ekainak 25 - Sanya

«Otsailean al gaude berriro?». Internauta txinatar askok galdera horixe egin zioten beren buruari, sare sozialetan. Pekinek iragarri baitzuen berriro ere indarrean jarriko zituela duela lau hilabete koronabirusa hedatzea saihesteko hartutako neurrietako batzuk. Xinfadiko merkatuan kutsatze berriak agertu eta gero hartu zituzten neurriak: konfinamendua ezarri zuten, 90.000 herritar baino gehiago bizi diren 30 bizitegi multzo ingurutan —batzuk hesitu ere egin zituzten, jendea ez pasatzeko—; probintzia batzuek berrogeialdian jarri zituzten Pekindik iritsitakoak; eta kanpaina indartsu bat abiatu zuten test masiboak egiteko eta positibo ematen zutenen arrastoari jarraitzeko. Egoera «oso larria» zela ohartarazi zuen gobernuak. Beldurra berriro zabaldu zen.

Zorionez, foku horrek 300 kutsatze baino gutxiago eragin ditu oraingoz, eta iragan ekainaren 18an kontrolatutzat jo zuen Wu Zunyouk, Txinako Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrol Zentroko epidemiologo buruak: «Horrek ez du esan nahi kasu gehiago atzemango ez direnik, baizik eta egungo joerak horrela jarraituko duela egun batzuetan, kurba jaisten hasi aurretik, urtarrilean eta otsailean gertatu zen moduan». Wuk uste du berragertzeak saihetsezinak direla —Hego Korean ere gertatu dira— eta munduak, asko jota, kontrolatu baino ezin dituela egin. Horretarako, Txinak bere prebentzio estrategiaren aldeko apustu garbia egin du: test masiboak —milioi erdi bat herritarri baino gehiagori Pekinen— eta positiboen arrastoa jarraitzea.

Agerraldi gehiago

Pekingoa izan da orain arteko fokurik larriena, baina Asiako erraldoiak gehiago ere izan ditu, kutsatzerik gabeko hainbat egun kateatu eta gero. Suifenhe herrian izan zen lehena. Hainbat txinatarren itzulerak eragin zuen: hegaldiak bertan behera utzi zizkieten, eta Siberia zeharkatu zuten, Txinara ipar ekialdetik sartzeko. Gehiago ere gertatu ziren Harbinen —iparraldean— eta Guandongo zenbait klusterretan ere. Astebete baino lehen bakartu eta kontrolatu zituzten guztiak. Txinako Gobernuaren neurri zorrotzen eraginkortasunaren beste adibide bat dira.

Pekinek hiru arazo izan ditu. Lehena, agerraldia merkatu oso jendetsu batean gertatu zela. Izan ere, Xinfadikoa ez da edozein merkatu: Pekingo 22 milioi hiritarrek kontsumitzen duten frutaren eta barazkien %90 saltzen dira bertan. 10.000 langilek baino gehiagok lan egiten dute han. Beraz, lehenengo kutsatze kateari beste batzuk kateatzeko arriskua zegoen. Hori gutxi balitz bezala, Huanango (Wuhan) merkatuko lehen agerraldiarekiko antzekotasuna hain handia zenez, jende asko izutu zuen.

Bigarrena, ez zegoela argi agerraldiaren jatorria zein zen: aurrena esan zuten inportatutako izokinak eragin zuela; baina gero baieztatu zuten lagin horiek positibo eman zutela, haien ingurua kutsatuta zegoelako. Horrek erakusten du halako azpiegituretako higiene baldintzak zein kaskarrak diren.

Eta hirugarrena, kezkagarria dela Xinfadin aurkitutako birusaren anduia Europako ohikoena dela; ez hain ohikoa, ordea, Txinan. Batzuek uste dute datu hori arrazoi politikoengatik nabarmentzen dutela, baina Wuk zehaztu zuen arazo bat izan daitekeela txertoa garatzeko orduan.

Txina SARS-CoV-2 birusaren kontrako txerto bat garatzeko lehiaren buruan dago. Adituek diote txertoa funtsezkoa izango dela normaltasun berrian Pekingoaren moduko kasuek egoera ez aztoratzeko. Ia hamar txerto garatzen ari dira Txinan, eta batzuk jada esperimentuen bigarren fasean daude. Horrek esan nahi du frogatu dutela ez direla arriskutsuak gizakientzat, eta orain eraginkortasuna frogatu behar dutela, zientzialariek dosi egokiak zehazteko. Boluntario osasuntsuak erabili dituzte balizko txertoak probatzeko. CanSino Biologics enpresa armadarekin batera garatzen ari dena zenbait arrisku talderi ere eman diete: atzerrira joandako langileei eta hegazkinetako eskifaiei.

Alderdi Komunista

Txertoen arrakastaren esku dago, ez bakarrik munduaren ongizatea, baita Txinaren irudia ere, munduko potentzia gisa. Zeren Alderdi Komunistak lider arduratsuaren irudia eskaini nahi du AEBekin duen kontakizunaren lehian. Irudi hori emateko ahaleginean lagundu diote osasun krisiaren kudeaketa onak eta medikuntza materialaren salmentak —batzuetan laguntzaren mozorropean—. Baina txertoa garatzeko lasterketa beste maila batean dago, ospe teknologikoarenean. «Txinak munduari erakutsi nahi dio gai dela eremu teknologikoan ere herrialde garatuekin lehiatzeko, eta birusaren kontrako txertoa funtsezko pieza da hori lortzeko», azaldu du estatuaren komunikabide bateko kazetari batek. Ez du bere izenik eman nahi.

Baina, jakina, gerta dakioke kukuak oker jotzea. Horren erakusgarri izan daitezke Txinak jaso dituen kritikak, izurritearen hasieran izandako opakutasunagatik, koronabirusa Wuhanen aurkitu zutenean. Izan ere, Donald Trump AEBetako presidentea pandemia arma gisa erabiltzen ari da. Eta Josep Borrell Europako Batasunaren diplomaziaburuak esan du ez dela «naif-a izan behar». Borrellentzat Txina «arerio sistemikoa» da.

«Koronabirusak larriagotu egin du bi superpotentzien arteko gerra», Xu Binen iritziz. China Europe International Business Schooleko Finantza irakaslea da. Borroka hori Trump agintera iritsi aurrekoa dela gehitu du. «Sistemen talka bat da, Gerra Hotzekoaren parekoa. Ezberdintasuna da mundu globalizatu honetan elkarrekiko mendekotasunak askoz ere handiagoak direla. Hornidura kateak etetea eta Txinak osasun materialaren ekoizpena monopolizatzea globalizazioaren kontrako mugimendu bat eragiten ari da, baita enpresaburuen artean ere. Eta agerikoa da dibertsifikazioa nagusituko dela».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kaxhoggi kazetariarn hilketa agintdu izanaren susmagarri Mohammed bin Salman jon zen igandean, Bat Formulako Saudi Arabako Sari Nagusia zabaltzeko ekitalian. ©STR / EFE

Khaxoggiren hilketaren susmagarrietako bat atxilotu du Frantziako Poliziak

Igor Susaeta - Edu Lartzanguren

Preso harturiko Khaled Aedh Al-Otaibi Saudi Arabiako Mohammed printzearen guardiako kidea izan zen. Halere, Saudi Arabiako Gobernuak esan du atxiloketa egiterakoan «pertsonaz nahastu» direla,

Fronte Polisarioaren soldaduak joan den urrian Mahbesen, Mendebaldeko Saharan. / ©Manuel Lorenzo, EFE

Polisarioak ohartarazi du «Marokoren krimenek» ezinezko egiten dutela irtenbide baketsu bat

Arantxa Elizegi Egilegor

Saharar herriaren aldeko elkarretaratzea egingo dute Genevan, ostiralean, Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egunean. Salatu dute Sultana Khaia ekintzaileak urtebete baino gehiago daramala etxean preso, eta asteburuan eraso egin ziotela Marokoko segurtasun indarrek.

Txertoa hartzeko ilarak, Londresen. / ©Andy Rain, EFE

Txertatzera behartzeak «azken aukera» behar duela izan adierazi du OMEk

Arantxa Elizegi Egilegor

Osasunaren Mundu Erakundeak berretsi du Europan eta Asia erdialdean delta aldaera dela oraindik ere zabalduen dagoena. Austriak igandean amaituko du itxialdia.

Putin, eta Biden, pantailan, gaurko bilera hasi aurretik ©MIKHAEL METZEL / EFE

Bidenek adierazi dio Putini zigorrak ezarriko dizkiola Ukrainari eraso eginez gero

Igor Susaeta

AEBetako presidenteak eskatu dio Errusiakoari «bide diplomatikoak» ibil ditzala. Washington «koordinatuta» dago Europako potentziekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.