Gaza. Israelen erasoaldia

Gazako setioa gogortu du Israelek

Israelek hamar egunez bonbardatu du Gaza, Hamasek jaurtitako lehergaiei erantzunez. Nerabe palestinar bat hil dute tiroz, Zisjordanian

Gazako argindar zentrala geldirik da asteartetik. MOHAMMED SABER / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
«Ez gara besoak gurutzaturik geratuko Hamas kontroletik at dagoen bitartean», ohartarazi zuen atzo Israelgo presidente Reuven Rivlinek. Tentsioak gora egin du azken egunetan Hamasen eta Israelen artean. Azken asteetan talde islamistaren gertuko hainbat mugimenduk puxika lehergarriak jaurti dituzte hesiaren beste aldera. Horiek kalte larririk eragin ez duten arren, sute txikiak piztu dituzte Israelen lurretan. Abuztuaren 11n, salgaientzako pasabide bakarra itxi zuen Tel Avivek erasoei erantzunez —erregairik sartu ezin dutenez, egunean lau orduz soilik dute argindarra eskualdean—. Hurrengo egunean bertan, baina Gaza bonbardatzeari ekin zion, eta hala jarraitu dute hamar egunez.

Bart gauean, lehen aldiz, suziriak jaurti ditu Hamasek Israel aldera, bonbardaketei erantzunez, eta tentsioa areagotuz. «Ez dugu baztertzen borrokak hastea Israelek eskualdea bonbardatzen jarraitzen badu», ohartarazi du Hamaseko eledun Fawzi Barhoumek. Ostegun gaua eta ostiral goizaldea bitartean hamabi suziri jaurti zituen Hamasek hesiaren beste aldera; horietatik bi hesitik gertu erori ziren, beste bat Sderoteko etxe baten ondoan, eta gainontzekoak misilen aurkako Israelen sistemak geldiarazi zituen. Osasun zerbitzuen arabera, emakume bat artatu behar izan zuten zauri arinengatik.

Egoerak okerrera egingo zuela ikusita, Egiptok bitartekari talde bat bidali zuen aste hasieran Israelera, baina haiek ere esku hutsik itzuli dira etxera. Bien bitartean,Benjamin Netanyahuren gobernuak arrantza debekatu die eskualdean bizi diren bi milioi palestinarrei.

Hamasen oharra

«Israelek garesti ordainduko du Gazaren aurkako etengabeko erasoaldia, setioa estutu izana, eta erresistentziaren azpiegiturak suntsitu izana ere. Bonbardaketek jarraitzen badute, ez dugu baztertzen erasoaldi handiago bat hastea», ohartarazi du Hamasek idatzi batean. Tel Avivek, berriz, jakinarazi du talde armatuak egindako lurpeko pasabideen aurkakoak izan direla azken egunetako bonbardaketak. Gazako komunikabide baten arabera, ordea, pertsona bat zauritu da erasoaldietako batean. Osasun zerbitzuek, aldiz, ez dute eman zaurituei buruzko informaziorik.

Bestalde, herenegun hil egin zen asteazkenean militar israeldarrek Zisjordaniako Deir Abu Mexal herrian tiroz zauritutako nerabe palestinar bat. 16 urteko Mohammad Damir Matar, eta harekin batera zihoazen beste bi gazte palestinar tirokatu egin zituzten militarrek Ramallahtik gertu. Palestinako Gurutze Gorriak zabaldu duenez, gazteetako bi erietxera eraman zituzten bala zauriekin, eta beste bat, Matar, atxilo eraman zuten soldaduek, nahiz eta zaurituta zegoen. Deir Abu Mexaleko udal batzordeko kide Emad Zahranen esanetan, militarrek eurek eman zioten familiari gaztearen heriotzaren berri hura atxilotua izan eta ordu batzuetara. Haren esanetan, familia gaztearen gorpuaren zain dago oraindik ere.

Bien bitartean, nazioartean Arabiar Emirerri Batuek eta Israelek sinatutako akordioa zabaltzeko ahaleginetan dihardu oraindik Washingtonek. Saudi Arabiak, ordea, erantzun dio ez duela hitzarmenarekin bat egingo, palestinarrentzako estatu subirano bat onartzen ez duten bitartean. «Arabiar Emirerri Batuek zabaldutako bideari jarraitu nahi dion estatu arabiar orok truke bat eskatu beharko luke, eta truke hori ez da merkea izango», nabarmendu du Turki al-Faisal printzeak. Tel Avivek eta Abu Dhabik sinatutako akordioak bi estatuen arteko harremanak sendotzea du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.