Kataluniako prozesu subiranista. Erreferendumetik hiru urtera

Zerumuga lainotua hiru urte geroago

Hiru urte igaro dira Kataluniako autodeterminazio erreferenduma egin zenetik. Tarte horretan goitik behera aldatu da egoera, eta mugimendu independentista zatituta ageri da. BERRIAk hiru belaunalditako zenbait kiderekin hitz egin du prozesuaren iraganaz, orainaz eta geroaz.

SANTI DONAIRE / EFE.
Carme Porta.
Bartzelona
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Kataluniako autodeterminazio erreferendumetik hiru urtera, egoerak ez du zerikusirik 2017koarekin. Orduan, mugimendu independentistak helburu bakarra zuen, eta urriaren 1eko igande hartan errealitate bilakatu zen. Antolaketa lanen inguruan jazarpen neurriak hartu ziren aurrera atera ez zedin, baina posible izan zen: erdi ezkutuko antolaketari eta herritarren laguntzari esker, eskolak ireki ziren, eta hautetsontziak eta errolda unibertsala lortu ziren. Poliziaren erasoaldiak gogorrak izan ziren, baina herriak eta instituzioek aho batez erantzun zieten. Erreferendumaren emaitzak bide eman zion independentzia deklarazioari, zeina gerora erretiratu egin zuten, eta, urriaren 27an, 155 artikulua ezarri zuten, eta Espainiako Estatuak esku hartu zuen Generalitatean.

Une nahasiak izan ziren, eta, aldi berean, ikusmin politiko handia sortu zuten Kataluniako independentismoaren inguruan. Orain, jazarpena berpiztu egin da. Egun bakarrean Quim Torra presidentea inhabilitatu dute—pankarta bat garaiz ez kentzeagatik—, Tamara Carrascoren aurkako epaiketa egin dute —lehenik terrorismoa egotzi zioten, eta orain, istiluak bultzatzea—, Jordi Pesarrodona zigortu dute desobedientziagatik —urriaren 1eko egitasmoetan parte hartzeagatik—, eta duela egun batzuk urte bat bete zen Judas operaziotik, zeinean terrorismoaz akusatu zituzten CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeekin lotutako bederatzi pertsona. Kataluniako zerumuga politikoa lainotuta dago udazken honetan.

Hiru urte geroago, hiru belaunalditako pertsonekin hitz egin du BERRIA-k. Orduan rol desberdinak izan zituzten hirurek, eta halakoak izan ziren bizipenak ere. Egunkari honi azaldu diote nola bizi izan zuten egun hura, nola baloratzen duten gertatutakoa, eta norantz uste duten jo behar duela prozesu independentistak testuinguru horretan. Elkarrekiko osagarriak dira ikuspegiak, baina talka ere egiten dute.

Gertakari haietatik hiru urtera jazotakoa baloratzeak sentipen desberdinak sortzen ditu haiengan. Jaume Marfany beterano independentistarentzat, gertatutakoa «izugarria» izan zen: «Jendeak kolpeak jasan zituen aurka zegoen Espainiako Estatu batekin eta zailtasun askorekin... inork ez zuen espero parte hartzea halakoa izango zenik. Egun zoragarria izan zen, baita gero etorri zirenak ere. 70eko urteetan independentismoan militatzen genuenoi hori kontatu izan baligute, zientzia fikzioa zela pentsatuko genukeen». Marta Jofrak uste du egun hartan frogatu zela gauzak egiteko zilegitasuna dagoela sinetsiz gero eta etorkizunaren subiranotasunean fedea izanez gero, helburuak lor daitezkeela.

Baina, bozketetatik harago, Jaumek uste du «aukera handi bat galdu» zutela: «Horrek atsekabetzen nau. Ez dakit noiz izango dugun berriz hura bezalako beste aukera bat, eta heltzen denean aurre egiteko gai izango ote naizen. Tristura sakon bat sentitzen dut; herriak adore handia erakutsi zuen egun hartan eta hurrengoetan: ez dugu merezi gehiago agertu ezin izatea». Marfany bat dator haiekin: esan du aukera bat galdu zela presidenteak errepublika aldarrikatu eta berehala bertan behera utzi zuenean. «Atzera begiratuta, eta ondoren etorri zen jazarpen guztiarekin, hura bezalako beste une bat sortzea dagokigu». Jofrak nabarmendu du hainbat hilabetez «trauma osteko shocka» izan zutela: «Zaila egiten zen gogoratzea: ez geunden hura berriz bizitzeko prest, eta, ondorioz, ezin genuen gertatutakoa azaldu. Ez genuen garai historikoa baliatu; engainu sentsazioa zegoen».

Arima berreskuratu

Gaurko testuinguru zatituan, urriaren 1aren arima berreskuratzeak ez dirudi erraza. Marta Jofrarentzat, zaila da, eta orduan zegoen konfiantza birsortu behar da. «Alderdi politikoekiko, erakundeekiko... eta hori ez da lortzen egun batetik bestera: denbora behar da, eta, alde guztiek zintzo jokatzen badute eta akatsak aitortu, badago berreraiki eta aurrera egiteko aukerarik», azaldu du. Jaumerentzat, gaur egun auzia zentratuegia dago presoetan eta erbestean: «Ez dira gai denongan pentsatzeko, ezta objektiboak izateko ere. Batzuk estatuak ditu preso, eta besteak erbestean daude, ezin diogu haietako bakar bati ere entzun. Independentzia eta errepublika ezartzeko eskatzeari utzi, eta presoak askatzea eskatzen hasi gara, pentsatuz horrek handitu egingo zituela gure oinarriak, eta ez da halakorik gertatu. Jendea irabazleengana gerturatzen da». Jofrak azpimarratu du, hala ere, indarrak hor jarraitzen duela, eta jendeak helburu berak dituela: «Gero eta gehiago dira uste dutenak autodeterminazioarena ez den edozein bide alferrekoa dela, eta bestela historiara begiratu besterik ez dago».

«Gauza bat da independentzia aldarrikatzea, eta beste bat, hura egikaritzea. Puntu estrategikoak kontrolatzeko gai bazara, irabazia duzu zati handi bat, baina lehen hilabeteetan aurrera egiteko modua emango dizun finantzaketa behar duzu, nazioarteak zure independentzia aitortu eta hura benetan bete ahal izan arte. Uste dut hori dela soka gehiago tenkatu ez izanaren arrazoietako bat», dio Marfanyk. Jaumek, berriz, uste du «lehoietara» bota zituztela: «Azken aukerak baliatu ditugu dagoeneko, eta helburu berriak behar ditugu mobilizazioetarako, baita estrategia bat ere. Mobilizatzeko erantzukizuna agintzen dutenena da».

Estatuaren hertsatzea zorrozten den bitartean, jazarpenaren aurkako borroka dago aldarrikapenen erdian. Jaumek uste du akatsa dela estrategia errepresioan oinarritzea: «Jazarriak izan nahi ez bazuten, zergatik ez ziren bigarren lerroan jarri beste batzuek egin zuten moduan?». Marta Jofrarentzat, «beharrezko borroka bat da», haren ondorioak jasaten ari den jendea dagoelako. «Oinarrizkoa da, baina horrek ezin zaitu helburu nagusitik urrundu, eta dagoeneko jarraitzeko behar genuen energiaren zati handi bat xahutu du. Estatuak badaki errepresioa eraginkorra dela eta baztertu egiten duela jendea beste helburu batzuetatik».

Modu argian, analisiak hari komun bakarra duen arren, interpretazio desberdinak ditu, eta horrek eragina du Kataluniako independentismoaren etorkizunaz hitz egiterakoan. «Estatua baino ahulagoak gara. Ez dugu nazioartearen babes argirik. Independentzia demokratikoki lortzeko ahaleginetan ari gara; uste dut hori dela egiteko modu bakarra, baina oso zaila da Espainiako Estatuaren aurrean horrelako prozesu bat aurrera eramatea. Egin behar duguna oso garestia da: iraultza bat lehen munduko herrialde batean, lortu dituen eta galdu nahi ez dituen pribilegioak dauzkan jendearekin, eta uste dut, hala ere, garai onean gaudela, nahiz eta hoberena lehenago izan zen. Hortik aurrera lan egitea dagokigu», azaldu du Marfanyk.

Jokaleku honetan, presidentea inhabilitatu berritan, instituzioak erantzun bateratu bat adosteko gai izan dira, nahiz eta horrek iritzi desberdinak sortu. Jofrak uste du «subiranotasunaren eta adierazpen askatasunaren aurkako» beste eraso bat dela: «Beste froga bat agerian uzten duena ustez zuzenbide estatua den Espainiako Estatua ez dela nahiko sendo eta zilegia». Jaume kritikoa da, eta, uste duen arren duintasun hutsagatik mobilizatuko direla, etsigarria iruditzen zaio urrunago doan estrategia bateratu bat ez egotea:«Helburu, lidergo eta estrategia komunak behar dira. manifestatze hutsak ez du ezertarako balio».

Jaume Marfanyren iritziz, jakina zen inhabilitazioa helduko zela: «Argi uzten du Espainiaren errepresioa ez dela eten eta ez dela etengo. Ez du axola zein koloretakoa den une horretako gobernua. Herrialdeko instituzio gorenaz ari gara hitz egiten! Datozen egunetan gerta litekeenetik haratago, mobilizazioak eta protestak egin arren, ezer konponduko ez duten hauteskunde batzuk egiten amaituko dugu, eta dena berdin edo okerrago geratzea eragingo dute. Independentismoa bizirik dago, baina umezurtz, zuzendaritzarik gabe, lidergo argirik eta estrategia bateraturik gabe. Eta, horiek gabe, errepublika eta independentzia urrunduz doaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.