Joseba Zulaika.
AEBetako hauteskundeak. ANALISIA

Gangsterraren legea

2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Shock bat izan da Trumpen presidentetza: Estatu Batuar eurentzat lehenik, munduarentzat gero. Biluzte bat. Demokraziaren, libertatearen eta legearen ikur autoproklamatzen den nazioak Etxe Zurian gangster bat jarri zuen. Lau urte geroagoko hauteskundeetan, askok bestela espero arren, ez du arbuiatze garbirik jasan. Derrota moral handia da hau ezkerrarentzat.Horrelako errebelazioei grezieraz «apokalipsia» deitzen zitzaion. Askoren iritzian, demokrazia beraren iraupena dago jokoan Estatu Batuetan.

Hegemonia amerikarra zalantzan, jakina zen hor zeudela ezkutuan nazionalismo zuria, arrazismoa, ustelkeria, behartsuenganako krudelkeria. Munduko naziorik boteretsuena inolako printzipiorik ez duen gizon ezjakin ustel baten kontrolpean gelditu zen. Trumpek agerian utzi ditu amerikar ametsa delakoaren azpian dagoen barrenalde usteldua, koalizio guztien gainetik Amerika lehenik izatearen proklama, zientziaren eta egiaren aurkako jarrera, bi partidu politikoen porrot larria.

Gangsterraren legeari jarraituz, eta aurrez planifikatu bezala, Trumpek eman du lehen pausoa hauteskundeak lapurtzeko duen azpijokoan: garaipena deklaratu milioika boto zenbatu aurretik eta kontaketa geldi dadila exijitu. Eta milizia armatuari kalean prest egoteko keinua egin. Bere deklarazioarekin pospolo piztua bota du gasolinaz blaiturik dagoen kalera.

Bidenek irabazteko aukera denak ditu Michigan eta Wisconsinen, azkenengo zenbakiak ikusi eta gero. Baina zer inporta dio Trumpibotoen kontaketa egin ondoren galtzaile irteten bada ere? Horren erantzuna aspaldi eman zigun: demokratek «lapurtu» egin nahi dituztela hauteskundeak, bozketa eguna pasa ondoren ere botoak kontatzen jarraitzeagatik. Eta nahasmendua konpontzeko, Auzitegi Gorenak —errepublikanoen aldekoa, 6-3ko gehiengoarekin— izan dezala azkenengo hitza.

Trumpek irabazten badu, ezkerraren sekulako porrota adieraziko luke berriro. Demokratek abandonatu egin zuten langileria, eta horren zigorra jasotzen ari dira. Trumpek egin du posible Sanders «sozialistaren» programak demokraten artean indarra hartzea. Baina alderdiak Sandersen aurka jokatu zuen orain lau urte, eta aurten berriro erdibideko Bidenen alde egin du apustua. Ezkerrak berpiztu beharra dauka.

Hollywoodek erakutsi zigun luzaroan Amerikaren irudia.Gene Kelly Amerikar bat Parisen filman, Humphrey Bogart eta Ingrid Bergman Casablancan. Pauso harroa, bizkortasuna, edozer gauzatzeko ahalmena, horrelakoak ziren amerikarrak. Gerra guztietan irabazleak, edonolako egoeretan nobleak, pistolero ausardiaz beteak, cowboyak «onak», indio masakratuak «txarrak».

Hollywoodekin zetorren inperio militarra. Eta Amerika militarizatuaren gerra zentzugabeak. Beti zegoen aitzakiaren bat munduko polizia izateko. Baina oraingoan Estatu Batuen izaera bera jarri da auzitan. «Zer gertatu zaio Mendebaleko liderra zenari?», galdetzen du munduak. Nola onartu du halako mespretxua oinarrizko erakunde nazionalekiko eta nazioarteko erakundeenganako? Batik-bat: nola esplika daiteke autarkia bat inposatu nahi duen kaudillo aprendiz hau berriro presidentetza irabazteko zorian egotea?

Aprendiza zuen izena urteetan NBC katean iraun zuen reality showak. Horri zor zion Trumpek bere fama presidentetzara aurkeztu zenean. Parte-hartzaileek bi talde kontrajarrietan lehiatzen ziren beren negozio proiektua irabazle ateratzeko; episodio bakoitza Trumpek galtzaileari zuzendutako hitz hauekin amaitzen zen: You're fired! (Kanpora!).

Trumpen sekretua Fitzgeralden Gatsby Handiaren figuran aurki daiteke: handiki fantasiak daraman «ilusio faltsuaren bizitasun kolosala». Desio genuen lau urte terrible hauen ondoren publiko amerikarrak diktadore aprendizari azkenik You're fired! esango ziola. Espero dezagun aprendizak ez dituela beste lau urte izango bere gezurrezko inperioa eraikitzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.