Albistea entzun

Migratzaileak. Bosnia

Milaka migratzaile harrapatuta daude Bosnia eta Kroazia arteko mugan

Balkanetako muga itxi zutenetik Bosnia-Herzegovinara jotzen dute migratzaileek EBra sartzeko. Iaz 16.000 migratzaile heldu ziren hara, horietatik 6.500 daude erregistratuta
Migratzaile talde bat sutondoan, Bihac hiriaren kanpoaldean.
Migratzaile talde bat sutondoan, Bihac hiriaren kanpoaldean. FEHIM DEMIR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ane Irazabal -

2021eko urtarrilak 15 - Bihac

«Bangladeshen euria egiten du, baina hau euri hotza da». Masud Sazzadek harriduraz begiratzen die elur malutei. Gazte bangladeshtarrak sei hilabete daramatza Bosniaren eta Kroaziaren arteko mugan harrapatuta: «Ez nuen espero negua hain gogorra izango zenik. Gogoan dut elurra ikusi nuen lehen aldia; asko poztu nintzen. Baina gero izotza iritsi zen, eta jasanezina egin zitzaidan. Hori gertatzen denean, denak batera pilatuta lo egiten dugu, elkarri beroa emateko».

Sazzad eta beste ehunka gazte Bosniaren eta Kroaziaren arteko mugan dagoen Velika Kladusa udalerriko basoetan bizi dira. Nazioarteko ekintzaileek The Jungle deitzen diote eremu horri. Iheslariak baso batetik bestera mugitzen dira, eta oihalez egindako kanpadenda inprobisatuak muntatzen dituzte Poliziaren kontrolak ekiditeko. Batzuetan oso zaila da non dauden jakitea. Anja ekintzaile suitzarrak No Name Kitchen elkartean lan egiten du: «Gure eginkizuna da errefuxiatuen artean lo egiteko zakuak, mantak eta oinetakoak banatzea. Askotan gauez mugitzen gara, oharkabean pasatzeko». No Name Kitchenek bost urte daramatza Balkanetan harrapatuta dauden migratzaileei laguntza eskaintzen, baina gaur Anjak ez du bere abizena eman nahi: «Kriminalizatuta sentitzen gara, eta nazioarteko ekintzaileen aurkako erasoak ugaritu egin dira».

Elurra eta utzikeria

Neguak ez du gupidarik Bosnian. Iragan egunetan, zero azpiko tenperaturak erregistratu dituzte, eta errepideak izoztu egin dira. Bosniarrak ohituta daude negu gogorrei aurre egiten, baita gerra garaian ere, baina mugalde honetan bizi diren milaka asilo eskatzailerentzat erronka itzela da. «Basoetan ezkutatzea erabaki dugu ez gaituztelako kanpaleku ofizialetan onartzen. Bakarrik bidaiatzen duten gazteentzat tokirik ez dagoela esaten digute», adierazi du Shahin Issk bangladeshtarrak. Isskek Facebooken profila erakusten die bere kanpadendara hurbiltzen diren kazetari guztiei. Argazkian gorbatarekin agertzen da. «Ikusi, ingeniari mekanikoa naiz», esan du harro. Baina tituluek ez diote ezertarako balio Europako txoko ahaztu honetan. Eguneroko erronka biharamunera onik iristea da. «Baduzu eskularru pare bat edo mendiko oinetakorik niri emateko? Ez ditut atzamarrak eta behatzak sentitzen», erantsi du.

Migraziorako Nazioarteko Erakundearen arabera, Bosniaren eta Kroaziaren arteko Una Sana kantoian 3.000 pertsona inguru daude harrapatuta. Gehienak Afganistango eta Pakistango gazteak dira, eta bakarrik bidaiatzen duten adin txikiko asko daude. Muradek duela lau urte hasi zuen ihesaldia: «Lagun asko aurkitu ditut, eta babestuta sentitzen naiz. Halere, bidaia amaigabea da hau». Gazte afganiarra ez da hotzaz kexu, baina gosetuta dagoela dio. Murad Bihac hiriko eraikin abandonatu batean bizi da beste ehunka etorkinekin: «Gure logelan hamar pertsonak lo egiten dugu. Koltxoiak eta mantak umelduta daude».

Zaharren egoitza izateko altxatu zen eraikin handiaren hezurdura Una ibaiaren aurrean dago. Asilo eskatzaileak errekan garbitzen dira. «Familiaren esperantza bakarra ni naiz. Gurasoek Europara etortzeko baimena eman zidaten, etxekoei eta, batez ere, anai-arreba txikiei laguntzeko», azaldu du Muradek. Eraikinaren barruan ezinezkoa da arnastea. Gazteek sua egiten dute, eta, egurraz gain, boluntarioek banatzen dizkieten atun eta sardina poto hutsak erretzen dituzte. Logeletatik ke beltza ateratzen da.

Muradi lotsa ematen dio gurasoei eraikin abandonatu batean bizi dela esateak, baina ez du errefuxiatuentzako zentro itxi batera joan nahi: «Ez zait segurua iruditzen, bada, duela gutxira arte kanpaleku batean bizi nintzen, eta erre egin zen». Gazte afganiarra Lipako guneari buruz mintzo da. Izan ere, iragan abenduaren 23an Bosniako errefuxiatuen zentrorik handienak su hartu zuen, eta garrek dena suntsitu zuten. Inork ez ditu gertaeraren nondik norakoak argitu, baina sutearen bezperan Migraziorako Nazioarteko Erakundeak kanpalekuaren itxiera iragarri zuen, «oinarrizko osasun baldintzak» betetzen ez zirelako. Lipak ez zuen ez ur-iturririk, ez argindarrik ezta estolderia sistemarik ere.

«Beste adabaki bat»

Orain, elurrak estali ditu kanpalekuaren hondakinak. Bosniako Poliziak bata bestearen gainean jarri ditu zuriz jantzita dauden metalezko ehunka ohatze. «Irudiak iragana gogorarazten digu; alegia, II. Mundu Gerrako errefuxiatuen zentroak», adierazi du Anjak. Goizero, kiskalitako kanpalekuaren atarian, asilo eskatzaileek ilara egiten dute eguneko janari bakarra jasotzeko: ogi zati bat, atun lata bat, jogurta eta te beroa. «Lipako komunen hondakinetan lo egiten dugu. Hala jarraituz gero, hotzez hilko gara», esan du Awais Jan pakistandarrak. Gazte iheslaria haserre dago egungo egoerarekin: «Ez dut Europaren estrategia ulertzen; eskulan merke gisa ere ez gaituzte nahi».

Melek Sevda Mustafic boluntarioa da eta Bosniako Emmaus elkartearentzat lan egiten du: «Eremua hutsik dagoela dirudien arren, janaria banatzen hasten garenean ehunka pertsona agertzen dira». Batzuk sutetik onik atera diren kontainerretan bizi dira, eta beste batzuek basoetako txaboletan lo egiten dute. Asilo eskatzaileak mantekin estaltzen dira elur ekaitzetik babesteko, baina batzuek ez dute txankletak baino beste oinetakorik. «Neguko botak eta berokiak behar dituzte; izan ere, datozen asteetan tenperatura hotzagoak espero ditugu», ohartarazi du Mustaficek. Egoeraren larritasuna ikusita, Bosniako Gurutze Gorriak karpa berriak eraiki ditu kanpaleku kiskaliaren aurrean. Halere, behin-behineko irtenbidea dela ohartarazi du Sarajevoko gobernuak. «Adabaki bat da», salatu du Anjak.

Balkanetako muga itxi zenetik, Bosnia-Herzegovina bihurtu da Europako Batasunera sartzeko zirrikitu berria. «Ibilbide ofiziala zigilatuta dago, eta ezinezkoa da Serbiaren eta Hungariaren arteko hesia gurutzatzea. Bestalde, Serbiaren eta Kroaziaren arteko muga ere oso militarizatuta dago; beraz, mendebalderantz bira egin eta Bosniara etortzea da irtenbide bakarra», azaldu du Janek. Nazioarteko Migraziorako Erakundeak kalkulatzen du 2020an 16.000 pertsonak gurutzatu dutela Bosniara—2019an 30.000 iritsi ziren—. Horietatik 6.500 daude egun erregistratuta. Familia gehienak Sarajevo ondoko kanpaleku itxietara eraman dituzte.

Asilo eskatzaile guztiak Kroaziara gurutzatzeko esperantzaz iristen dira Bosniara, baina koronabirusaren pandemiaren ondorioz, gero eta zailagoa da muga zeharkatzea. Kroaziak eta Esloveniak Poliziaren kontrolak zorroztu dituzte, eta irtenbide bakarra basoetatik igarotzea da. Huzmanek 25 urte ditu, eta bi urte daramatza Bosnian: «Hogei aldiz zeharkatu dut muga. Azken aldian Triesteraino, Italiaraino, iritsi nintzen. Baina Italiako Poliziak Esloveniara bueltatu ninduen; Esloveniakoak, Kroaziara eta Kroaziakoak, Bosniara». Huzman nekatuta dago, eta udaberria iritsi arte ez da berriz ere saiatuko: «Orain oso arriskutsua da».

Mugaldean harrapatuta dauden pertsona guztiek Kroaziako Poliziaren indarkeria salatzen dute. «Denok izan dugu esperientzia txarra bertako segurtasun indarrekin. Praxirik ohikoena da gu jipoitzea eta sakelakoak apurtzea», esan du Huzmanek, «dardarka hasten gara ikusten ditugunean». Nazioarteko boluntarioak, ordea, haratago doaz, eta migratzaile asko oinutsik bueltatzen direla jakinarazi dute.

Bosnia, bakarrik

2018an, Siriako, Afganistango eta Irakeko lehen familiak iristen hasi zirenean, bosniarrek eskuzabalik jaso zituzten asilo eskatzaileak. Sarajevoko gobernuak ez zuen baliabiderik, baina gizarte zibila mobilizatu egin zen laguntza eskaintzeko. Hiru urteren ostean, egoera errotik aldatu da. Bihac hiriaren sarreran «No Camp» dioen pankarta bat ikus daiteke. Mustaficek onartu du migratzaileen aurkako erasoak ugaritu egin direla, eta hala azaldu du bosniar askoren gogo aldartea: «Herritarrak nekatuta daude, bada, krisi humanitarioa luzatzen ari da, eta Europako Batasunak herrialde pobre baten esku utzi du ardura guztia. Hein handi batean, ikusten ari garen haserrea ez da migratzaileen kontrakoa, Bruselaren aurkakoa baizik».

Orain arte, Europako Batasunak Migraziorako Nazioarteko Erakundearen bidez kudeatu ditu Sarajevoko gobernuarentzat bideratutako diru laguntzak. Krisi humanitarioak eztanda egin zuenetik, Bruselak dozenaka milioi eman dizkio Bosniari. Halere, txekeak ez doaz zuzenean gobernura, Migraziorako Nazioarteko Erakundera baizik. Bruselak ez du Turkiarekin bezala aurrekari bat ezarri nahi, eta, gainera, argi utzi du pertsona horiek guztiak migratzaile ekonomikotzat jotzen dituela, ez asilo eskatzailetzat. Hala, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria ekuaziotik kanpo dago. Mustaficek uste du epe luzerako estrategia bat falta dela: «Argi dagoen bakarra da asilo eskatzaileak hiritik ahalik eta urrunena pilatu nahi dituztela, ezerezaren erdian eraikitako kanpalekuetan, azpiegitura dezenterik gabe. Batzuek disuasio politika deitzen diote horri»

Nolanahi ere, Huzmanek, Muradek eta Shahinek, besteak beste, ez dute amorerik ematen. Shahin argia bezain gordina da: «Itxaroten igaroko dugu negua. Elurra egiteari uzten dionean, berriz ere saiatuko gara. Ez dugu ezer galtzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jende andana Eskoziako trans legearen proiektuaren aldeko protestan, joan den astean, Londresen. ©ANDY RAIN / EFE

«Blokeoaren atzean asmo politikoak daude»

Maddi Iztueta Olano

Erresuma Batuko Gobernuak trans legea blokeatzeak hautsak harrotu ditu Eskozian. Florence Oulds ekintzailearen arabera, prozesu demokratiko bat eten dute. Uste du trans komunitatea ez ezik beste herritarrak ere «oso haserre eta minduta» daudela.

Israelgo soldaduak atzo erasoa izan zen sinagogaren kanpoaldean. / ©ABIR SULTAN, EFE

Israelek 42 pertsona atxilotu ditu Jerusalemgo ustezko erasotzailearen etxean eta inguruetan

Jon Ordoñez Garmendia

Besteak beste, Jaire Alkam gazte palestinarraren gurasoak atxilotu ditu. Guztiak horren bizikideak edo bizilagunak dira. 13 urteko haur palestinar bat hil dute bi israeldarrek, ustez horrek beste bi lagun zauritu ostean.

Tyro Nichols, Poliziak hil aurretik, bart zabaldu den bideoaren irudi batean. / ©Memphisko Udala

Memphisko bost poliziak afro-amerikar bat hil arte jipoitu dute eta protestan atera da jendea berriro kalera

Jon Ordoñez Garmendia

Memphisko bost poliziak urtarrilaren 10ean hil zuten Tyre Nichols, eta bart zabaldu dituzte jipoiaren irudiak.

Israelgo larrialdi zerbitzuetako langileak eta Polizia, atzo, erasoa gertatu zen lekuan, Jerusalem ekialdeko sinagoga batetik gertu. ©ATEF SAFADI / EFE

Pertsona batek gutxienez zazpi lagun hil ditu Jerusalemgo sinagoga batean

Mikel O. Iribar Mikel Elkoroberezibar Beloki

Israelgo armadak ustezko egilea hil du, eta erasoa «terroristatzat» jo. Hamasek ekintza goratu du, bere gain hartu gabe. Palestinak bost suziri jaurti ditu Gazatik Israelera, eta Israelek Gaza bonbardatu du

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.