AEBak. Joe Bidenen kargu hartzea

Hasi da Bidenen legealdia

«Demokraziak irabazi» duela nabarmendu eta batasunerako deia egin du Bidenek. Trumpek ez du parte hartu, baina beste hainbat estatuburu ohi izan dira ekitaldian

Hurrenez hurren, Douglas Emhoff, Kamala Harris, Jill Biden eta Joe Biden. ROD LAMKEY / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun

Suari su emateko Donald Trumpen joeraren aldean, batasunerako eta adiskidetzerako deia egin zuen atzo Joe Bidenek, dagoeneko AEBetako 46. presidentea denak. Une historiko ugari izan ziren kargua hartzeko ekitaldian. Lehen aldiz, ohiko jendetzarik ez zen ikusi Kapitolioko atarian, eta bai, berriz, AEBetako bandera andana koronabirusak hildakoen omenez. Era berean, lehenengoz, AEBetako jarduneko presidenteak ez zuen parte hartu estatuburu berriaren kargua hartzeko ekitaldian, Joe Bidenek eskua familiako Bibliaren gainean jarri zuenean Floridako bere etxean baitzegoen Donald Trump.

[Youtube]https://youtu.be/gt9_dYyurNE[/Youtube]

«Amerikaren eguna da gaurkoa, demokraziaren eguna», esanez hasi zuen Bidenek bere agerraldia, eta, demokraziak irabazi duela berretsi arren, aitortu zuen «garai zailak» bizi dituela herrialdeak, pandemiak eragindako osasun krisia eta krisi ekonomikoaren ondorioz. «Erronka horiek gainditzeko, Amerikaren arima berreskuratu eta etorkizuna eraikitzeko, hitzak baino zerbait gehiago behar da, demokrazian lortzen zailenetako bat den elementua behar da: batasuna».

Bozak irabazi osteko aldarrikapen nagusia izan da batasunarena Bidenentzat, eta azken asteetan are indartsuagoa bilakatu da. Trumpek duela lau urte «sarraski hau» amaitzeko deia egin bazuen, ekonomia krisiari eta «huts egindako hezkuntza sistemari» erreferentzia eginez, «gorrien eta urdinen arteko gerra ez-zibila» amaitzeko ordua dela nabarmendu zuen Bidenek. «Politikariek ez dute suaren pare izan behar, bidean aurkitzen duten oro suntsituz. Desadostasunek ez dute erabateko gerra batean amaitu behar. Uko egin behar diogu egitateak manipulatu eta ekoiztearen kulturari. Hau egin genezake gure arimak zabaltzen baditugu, gure bihotzak gotortu ordez».

Bidenek ez zuen behin ere Trumpen izena aipatu. Baina gogor jo zuen azken lau urteetan bultzatutako politiken aurka. «Gure aliantzak berreskuratuko ditugu, eta nazioartearekiko elkarlanera itzuliko gara, ez soilik atzoko erronkez hitz egiteko, baita gaurkoez eta etorkizunekoez ere», iragarri zuen AEBetako presidenteak, eta hitzeman zuen «amerikar guztientzat» aginduko duela, ez bakarrik haren alde bozkatu zutenentzat. Alde horretatik, azkar hasi zen lanean buruzagi estatubatuarra. Harena da dagoeneko AEBetako estatuburuaren Twitter kontu ofiziala, eta bertatik helarazi zuen lehen mezua izan zen ez dagoela «galtzeko denborarik», eta berehala hasiko dela lanean.

Lehen emakumea

AEBetako lehen emakumezko presidenteordea, eta kargu horretan den lehen afro-amerikar eta indiar jatorriko lehen politikaria bilakatu zen atzo Kamala Harris. Beste mugarri bat jarri duen emakumezko bat izan zuen aldamenean Harrisek karguaren zina egiteko, Sonia Sotomayor Auzitegi Goreneko lehen emakumezko epaile ez-zuria. Harrisek ez zuen hitzaldi ofizialik egin karguaren zina egin ostean, baina hura izan zen Mike Pence, orain arte presidenteorde karguan izan dena, agurtzeaz arduratu zena. Pence, zeina Trumpengandik nabarmen urrundu den azken egunetan, Indianako bere etxera itzuli zen.

Harrisek pisu handia izango du hasi berri den legealdian; besteak beste, Senatuan bi alderdiek eserleku kopuru bera dutela kontuan hartuta, harena izango delako maiz azken hitza. Haren lehen ekitaldi ofizialetako bat izango da hiru senatari demokrata berrien karguaren zina egitea. Baina etorkizunera begira ere oinarrizkoak izan daitezke datozen urteak Harrisentzat, litekeena delako Bidenek, 78 urte izanik, bigarren legealdi baterako ez aurkeztea, eta horrek ate bat zabalduko lioke Kaliforniako fiskal nagusi izandakoari.

2016tik bulego obalean aritu dena ez bezala, AEBetako presidente ohi eta buruzagi ugari izan ziren ekitaldian: besteak beste, George W. Bush estatuburu errepublikanoa eta Bill Clinton demokrata, baita, nola ez, Barack Obama bera ere, zeinarekin presidenteorde karguan aritu zen Biden bi legealditan. Ordezkaritza politikoari dagokionez, berriz, ordezkari eta senatari errepublikano ugarik hartu zuten parte ekitaldian, baita presidentetzarako hautagaitza lortzeko lehian aurkari izan zituenetako bi: Bernie Sanders eta Amy Klobuchar senatariak. Azken hori izan zen kargua hartzeko ekitaldia gidatzeko arduraduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.