Albistea entzun

Migratzaileak. Mexikoko muga. Soraya Vazquez. Al Otro Lado erakundeko zuzendariordea

«Ez genituzke migratzaileak gelditu behar, babestu baizik»

Vazquezek uste du egoerak hobera egin duela AEBeen jarrera aldaketarekin, baina, ohartarazi duenez, beharrezkoa izango da eskualde osorako neurri batzuk hartzea, oraingo egoera «erronka handia» baita herrialde guztientzat.
Soraya Vazquez, Al Otro Ladoko zuzendariordea.
Soraya Vazquez, Al Otro Ladoko zuzendariordea. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2021eko martxoak 31

AEBetako hegoaldeko mugaren bi aldeetan egiten du lan Al Otro Lado gobernuz kanpoko erakundeak. Besteak beste, lege babesa eskaintzen die Mexikora heltzen diren migratzaileei. Erakunde horretako kide da Soraya Vazquez, eta urteak daramatza iritsi berriei aholkularitza eskaintzen. Vazquezek uste du AEBetako azken lau urteetako politikek kalte handia egin dutela , baina oso kritikoa da Mexikori buruz ere.

Zein da AEBetan sartu nahi duen norbaitek bete beharreko prozedura?

Lehen, zerrendak osatzen zituzten mugara heltzen zen jende guztiarekin, eta, behin horiek osatuta, iragartzen zuten zenbat jende pasatuko zen eskariak aurkeztera. Ez zion axola egun horretan ehun edo mila lagun heldu izana; 25entzat soilik bazuten tokia, lehen 25ak igaroko ziren, besteek beste gau bat igaro beharko zuten zain. Zerrenda horietan, egunak joan ahala 9.000 izen ere egon zitezkeen.

Pandemia heldu zenean, muga itxi egin zuten, eta asilo eskariak eten. Horrez gainera, prozedurak hasiak zituzten horiek guztiak Mexikora itzularazi zituzten, Migratzaileentzako Babes Programa baliatuta. Horren arabera, AEBek asilo eskaria tramitatzen zuten bitartean, eskatzaileak Mexikon itxaron behar zuen. Ondorioz, egun batetik bestera milaka lagun pilatu ziren mugan: batzuk oraindik asiloa eskatzeko zain, eta besteak euren eskarien erantzunaren zain. Hala, Mexiko iparraldeko muga itxi zutenean, dena gelditu egin zen. Baina Erdialdeko Amerikan arazoak ez ziren amaitu, eta jendeak ez zion utzi hegoaldeko muga igarotzeari. Nahiz eta Mexikok segurtasun neurriak zorroztu.

Ezer aldatu da demokratak AEBetako gobernura helduz geroztik?

Orain, asilo eskaria aurkeztu eta Mexikon zain zeuden horiek AEBetan sartzen hasiak dira, betiere, prozedura bat betez, eta UNHCRren [Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria] eta IOMren [Nazioarteko Migrazio Erakundea] laguntzarekin. Bestalde, [Donald] Trumpen garaian, bakarrik heltzen ziren haur eta nerabeak euren sorterrira edo Mexikora itzularazten zituzten. Orain, aldiz, AEBetan geratzen dira, eta asiloa tramitatzen diete. Horrek harrabots handia eragin du ikusten baititugu milaka haur zain ageri dituzten irudiak, baina hori ez da txarra, alderantziz. Kontua da kopuru handietan heltzen ari direla, eta haurren kasuan prozedura desberdina dela, adingabe bat ezin delako atxilotze gune batean egon 72 orduan baino gehiagoan, eta, ondorioz, gobernuak behin-behineko harrera gune duinak jarri behar izan baititu.

Joe Biden presidentetzara iritsi izanak eragin du nolabaiteko erakartze efektua?

Egia da Mexikoko aldean jende asko etorri zela mugara, adingabeak hartzen hasi zirenean. Lehendik Mexikon zeuden familia asko mugara gerturatu ziren. Tijuanan, esaterako, pasabidera hurbildu ziren, eta han kanpatu zuten, muga irekitzean lehenak sartuko zirela pentsatuz. Horrek osasun eta segurtasun arazoak sortzen ditu; kanpaleku horretan, lehen, lau denda zeuden, eta, orain, 300 ere badaude. Mila lagun baino gehiago pilatzen dira inguru horretan, oso baldintza txarretan, ez dutelako inolako baliabiderik. Hori guztia, pandemia egoera batean, kezkagarria da.

Azken asteetan nabarmen handitu da muga bakarrik igarotzen duten adin txikikoen kopurua. Nola heltzen dira hara?

Batzuetan, gurasoek edo ezagunen batek eramaten ditu, eta gertu daudenean bakarrik uzten dituzte, eta, beste askotan, tamalez, pertsonen trafikoan aritzen direnek eramaten dituzte. Egoera honetan, horiek irabazten dute gehien.

Egoera zaila da, haurrak babesgabe daudelako. Esaterako, duela egun batzuk, lehendik AEBetan zegoen familia baten deia jaso nuen. Familiak alaba ekartzea erabaki zuen. Alaba nerabea zen, eta bazekiten mugara heldua zela, baina ez zekiten besterik. Imajina zenezake zer nola sentituko ziren. Neska hori trafikatzaile batek eraman zuen mugara, baina ez zekiten gehiagorik. Zorionez, guk erakunde gisara instituzioetara jo genezake, eta horri esker jakin ahal izan genuen neska mugako patruilaren esku zegoela. Baina pentsa ezazu zer egoeratan egon behar duten guraso batzuek horretarako prest egoteko, hau da, beren seme-alabak ezezagunen esku uzteko. Arrisku hori hartzen dute, euren sorterrietan arriskua handiagoa delako.

Ez da lehen aldia milaka migratzaile mugan pilatzen direna. Zer gertatu da aurrez iritsitakoekin?

Haietako batzuk muga gurutzatzea lortu zuten, eta hasi zituzten asilo eskariak; beste batzuk orain ari dira gurutzatzen. Badira prozedurak hasi zain jarraitzen dutenak ere, zerrendan euren txanda noiz ailegatuko zain, baita Mexikon babesa eskatzea erabaki dutenak ere, eta gutxiengo bat sorterrira itzuli da. Orain sartu direnetako batzuekin harremanetan gaude, eta diote merezi izan duela urte bat, bi edo, kasu batzuetan, hiru itxarotea, baina ez dira ohartzen bidearen hasieran daudela oraindik.

Hala ere, ez dugu ahaztu behar haietako askok familia dutela AEBetan, eta hemen bakarrik daudela, soilik erakundeok eskaintzen diegun laguntza dute, Mexikoko Gobernuak ez dielako ezer ematen.

Zein egoeratan daude Mexikon geratzea hautatu dutenak?

Egoera oso prekarioan geratzen dira. Aldea handia da lan egiteko baimena lortzen dutenen eta ez dutenen artean. Tijuanan, adibidez, lana egon badago, baina paperik ez dutenek ezin dute lan egin. Hala ere, aitortu beharra dut ez dela erraza, Erdialdeko Amerikatik datozenen aurkako bazterketa baitago. Aurreiritziak oso zabalduta daude; jendeak uste du denak mara edo gaizkile taldeetako kideak direla.

Mexikoko Gobernuaren aurkako kritika ugari egin dira hegoaldeko mugako segurtasuna zorroztu duelako.

Mexikoko Gobernua oso oker dago uste badu era horretan AEBei laguntzen diela. Egia da Etxe Zuriak beti hartu izan duela estu Mexiko, hark bere hegoaldeko muga zaindu dezan. Orain ere, AEBetako Gobernuak txertoak eman dizkio Mexikori, ziurrenik segurtasun neurri horien truke. Baina guk uste dugu gauzak beste era batera egin beharko liratekeela, ez genituzke migratzaileak gelditu behar, babestu baizik. Baina egiten duena eginez, nazioarteko akordioa guztiak urratzen ditu, bai asiloari dagozkionak, baita bestelakoak ere.

Egin beharko lukeena da Mexikon geratzeko behin-behineko baimena eman iparraldera gurutzatu nahi duten horiei guztiei. AEBetan politikak aldatzen ari dira, baina muga ez dute egun batetik bestera zabalduko. Migratzaileei geldiarazten ahalegintzeak ez du ezertarako balio, migrazioa ura bezalakoa baita, beti aurkitzen du tarteren bat. Jende hori ez da nahi duelako joaten ari, beste aukerarik ez duelako baizik. Mugak itxiz lortzen duten bakarra da jende hori arriskuan jartzea, orduan giza trafikoan aritzen direnengana jo beste aukerarik ez baitute.

Estrategia bateratu bat beharko litzateke herrialdeen artean?

Bai, noski. Egoera ez da berdina Mexiko iparraldeko mugan eta hegoaldekoan. Mexikok AEBekin hitz egin beharko luke iparraldeko egoera kudeatzeko, eta Guatemala eta beste herrialdeekin hegoaldekoa kudeatzeko.

Duela aste batzuk Bidenek iragarri zuen «laster» jarriko zutela abian norberak bere herrialdetik asiloa eskatu ahal izateko aukera. Horrek lagunduko luke?

Bai, zalantzarik gabe. Betiere, prozedurak azkartzen badituzte, zeren, orain arte bezala bi eta hiru urte itxaron behar bada erantzun bat jasotzeko, ez du ezertarako balioko.

Oraingo arazoa da, lehen ez bezala, familia osoak eta haurrak ari direla muga gurutzatzen, eta hori erronka handia da herrialde guztientzat, ez baitaude prestatuta halako egoera bati aurre egiteko. Oso argi geratu da, halaber, Mexikoko Gobernuak ez dituela bere erantzukizunak bete, eta gizarte zibileko erakundeen esku utzi duela lan guztia, eta alderantziz behar luke. Nazioarteko agentziek ere euren prozedurak eguneratu beharko lituzkete, beste testuinguru batzuetarako prestatuak izan zirelako, eta egungo egoera erabat desberdina delako. Pertsonak jarri beharko lituzkete migrazio politiken erdigunean. Gaur egun, politika horiek interes asko hartzen dituzte kontuan, baina ez pertsonen duintasuna eta segurtasuna.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Japoniako Gobernuaren erabakiaren aurkako protesta bat Seulen. / ©Jeon Heon-kyun, EFE

Fukushimako ur kutsatuak itsasora botako ditu Japoniak

Arantxa Elizegi Egilegor

Orotara 1,23 milioi tona ur daude zentral nuklearreko biltegietan. Prozesua datorren urtean hasiko dute eta beste hainbat urtez luza daiteke.

Helena Maleno, Caminando Fronteras taldeko bozeramailea, artxiboko argazki batean. ©ANGEL MEDINA G. / EFE

Marokoko Poliziak Espainiaratu egin du Helena Maleno ekintzailea

Arantxa Elizegi Egilegor

Caminando Fronteras taldeak salatu du inolako azalpenik eman gabe kanporatu dutela Maleno. Rabatekin elkarlanean aritzea egotzi diote Espainiako Poliziari

Guillermo Lassoren jarraitzaileak hauteskundeen bigarren itzulian lortutako garaipena ospatzen, igandean, Quiton. ©SANTIAGO FERNANDEZ / EFE

Eskuina correismoari gailendu zaio Ekuadorren, boto baliogabeez baliatuta

Julen Aperribai

Guillermo Lasso kontserbadorea izango da presidente, Andres Arauz UNESeko hautagaiari gailenduta. Baliogabe bozkatzeko deia egin zuen mugimendu indigenak, eta mesede egin dio horrek eskuineko hautagaiari

Natanz zentral nuklearra, artxiboko irudi batean. ©ABEDIN TAHERKENAREH / EFE

Iranek Israeli leporatu dio Natanz zentralari eraso egin izana

Iosu Alberdi

Teheranen programa nuklearreko gunerik garrantzitsuena da. Akordioaren aurkako «saiakera oro» gaitzetsi du EBk

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.