Droga kontsumoa. NBEren datuak

Gorantz doan negozio bat

NBEren datuen arabera, 275 milioi pertsonak hartu zuten iaz drogaren bat. Internet bidezko salmentetan soilik, 264 milioi euroren irabaziak izan zituzten

Kolonbia. Tona bat kokaina atzeman zuen iazko abuztuan Kolonbiako Poliziak Tumaon. EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Krisiak, beste aukerarik ezak edo esperientzia berri bat bizi nahi izateak drogak kontsumitzera bultzatzen ditu urtero milioika lagun, eta trafikatzaileen irabaziak etengabe gorantz doaz. NBE Nazio Batuen Erakundearen drogen kontsumoari buruzko azken txostenaren arabera, negozio oparoa da oraindik ere narkotrafikoa, eta gero eta bezero gehiago ditu. 2010eko datuekin alderatuta, %22 handitu da kontsumoa azken urtean —besteak beste, biztanle kopuruak ere gora egin duelako—, eta eutsi egingo dio igoerari. Hala, 275 milioi pertsonak hartu zuen iaz drogaren bat, eta, aurreikuspenen arabera, munduan kontsumoa 11 puntu handiagoa izango da 2030erako, eta 40 punturaino ere igo liteke Afrikan. Kontinente horretan, egoera iluna irudikatzen dute datuek; izan ere, droga trafikorako pasabide nagusietako bat da, eta horrek eragina du kontsumoaren gorakadan, baita biztanleria orokorrean gaztea izateak ere.

Beste alor guztietan bezala, dena den, droga salmentan ere izan zuen eraginik COVID-19aren pandemiak, baina, urte hasierako beheraldia gaindituta, goranzko bidea hartu zuten berriz zenbakiek. Hala, NBE Nazio Batuen Erakundeak droga kontsumoari eta salmentari buruz argitaratutako txostenaren arabera, erraztu egin dira salerosketak Internet bidezko eskaerei esker, eta iaz 264 milioi euroren irabaziak izan zituzten modu horretan.

AFGANISTANEN, EKOIZPENAK GORA

Opioaren landarea ekoizteko lur eremua %37 handitu zen iaz Afganistanen, 2019arekin alderatuta—mundu osoko opioaren landarearen %85 ekoizten dute han—. Baina opioaren merkatuari metanfetamina gehitu zaio azken urtean. Iaz Iranen atzeman dituzten metanfetaminen %90 ziren Afganistandik eramandakoak —2015ean %10 zen Afganistangoa—.

NBEk ohartarazi du ekoizpenaren gorakadak ondorioak izango dituela eskualdeko segurtasunean, eta, aldi berean, ezegonkortasun politikoak eta krisi ekonomikoak droga ekoizpenera bideratuko dituztela herritarrak, beste irtenbiderik eskaini ezean. Horrez gain, gazteen artean ere gora egin du nabarmen metanfetaminen kontsumoak. «Opioaren landarearen uztak suntsitzeko neurriak hartzeaz gain, bestelako aukerak eskaini behar dizkiete haien salmentaz bizi diren nekazariei», dio dokumentuak.

BOTIKA NAHIKORIK EZ

2019an, Afrika mendebaldeko eta erdialdeko osasun arloko profesionalek minari aurre egiteko lau botika dosi soilik zituzten milioi bat biztanleko. Amerika iparraldean, 32.000 dosi ziren biztanle kopuru berarentzat. Ondorioz, min kroniko larria edo minbizia zuten gaixoek gehiago sufritzen zuten hasieran aipatu eskualdeetan. Haietako askok legez kanpoko drogetara jo beste aukerarik ez zuten izan.

Botika gabezia ez da soilik Afrikako arazo; Amerika iparraldean dituzten dosien %1era ere ez dira heltzen Asiako eta Ozeaniako zenbait herrialdetan, eta Amerika erdialdean eta hegoaldean.

Mina arintzeko erabiltzen diren eta botiketan saltzen diren opioideen kasuan, alde handia dago herrialde aberatsen eta irabazi gutxikoen artean. Azken horietan, herritarren %1ek soilik eskura ditzakete botikak, nahiz eta bertan bizi munduko biztanleen %84. Alde horretatik, NBEk ohartarazi du tratamenduak eskuragarriago egitearekin batera mina murrizteko botiken «merkatu beltza» desagerrarazi beharko litzatekeela: «Kontrolpeko botiken eskuragarritasunak dituen hutsuneak agerian geratu dira pandemia garaian, batez ere COVID-19an positibo eman arren osasun zerbitzuak ordaintzeko adina diru ez zeukatenen kasuan».

KALAMUARI BURUZKO PERTZEPZIOA

Azken bi hamarkadetan, AEBetako kalamuaren osagai psikoaktiboa %4tik %16ra igo da kalamuarekin egindako produktuetan. Osagai hori da buruko arazoak eragin ohi dituena kalamua kontsumitzen dutenen artean. Baina, hala ere, gazteen artean —horiek dira kalamu gehien kontsumitzen dutenak—, haren inguruko arrisku pertzepzioa %40 apaldu da. Inkesta AEBetako eta Europako ikasle eta gazteen artean egin duten arren, joera bera sumatzen dute adituek mundu osoan.

Adituak beldur dira «benetako arriskuen» eta gazteek horien gainean duten pertzepzioaren arteko aldeak okerragotu egingo dituela kalamuak kontsumitzaileengan dituen ondorioak. Ikerketek argi uzten dute arriskuaren pertzepzio txikiaren eta kontsumoaren igoeraren arteko lotura. «Osagai psikoaktibo asko dituzten produktuen aldeko kanpainak egiten dituzte enpresek sare sozialetan, eta horrek larriagotu egiten du arazoa».

Beste ekoizpen batzuez bestera, kalamuarena mundu osoan aurki daiteke. 2010 eta 2019 bitartean jasotako datuen arabera, mundu osoko 151 herrialdetan ekoizten zen kalamua, kasu gehienetan landa zabalean. Europan, Herbehereak, Espainia, Txekia eta Suedia dira ekoizle nagusiak.

Orotara 200 milioi lagun inguruk kontsumitu zuten iaz kalamua. Gero eta gehiago dira, gainera, nork bere kontsumorako kalamua landatzea baimendu duten herrialdeak.

HERIOTZA GOIZTIARRAK

Drogek eragindako gaixotasunen zama handituz doa, eta berekin dakartza heriotza goiztiarrak eta gaixotasun kronikoak. Opioideak xiringa bidez hartzen dituztenen artean zabaltzen dira gaitzok azkarren, eta horien artean GIB birusa eta C hepatitisa dira kalte gehien eragiten dutenetako bi. 2019an, 18 milioi urte osasuntsu galdu ziren droga kontsumoarekin lotutako osasun arazoen ondorioz; horietatik %70 opioideen ondorio izan ziren.

Kontsumoari lotutako heriotza goiztiarrak bikoiztu egin ziren aurreko hamarkadan. Txostenean jasotzen denez, kontsumitzaileen ugaritzearekin alderatuta, heriotzak gehiago izan ziren; beraz, esan liteke kontsumitzen den droga kaltegarriagoa bilakatu dela. 2019an, milioi erdi heriotza goiztiar lotu zituzten drogarekin. Horien erdiak C hepatitisak eragindako arazoen ondorio izan ziren, baina beste asko, gaindosiek eragindakoak. AEBetan, esaterako, hamar urtean bikoiztu egin da gaindosi kopurua, 2019an 50.000ra heltzeraino.

MENDEKOTASUNAK GAINDITZEKO BIDEAK

Egun opioideen erabilerak eragindako arazoak gainditzen laguntzeko erabili ohi diren bi opioideak, metadona eta buprenorfina, duela bi hamarkada baino eskuragarriago daude, adituen arabera. «Urrats handia da zientziak egin duena azken hogei urteotan, eta, horri esker, drogen ondorio kaltegarriei aurre egiteko tratamendu gehiago ditugu gaur egun», dio dokumentuak.

Baina alor horretan ere bada arrakalarik herrialde eta eskualdeen artean. Substantzia horiek nahikoa erraz eskuratzeko modua dago Ipar Amerikan, Europa mendebaldean eta erdialdean eta Ozeaniako eremu aberatsenetan. Aldiz, Afrika eta Asiako zenbait ingurutan adituak kexu dira ez dagoela halako tratamendurik edo oso gutxik lor ditzaketela.

Txostenak dioenez, tratamenduaren eskuragarritasuna herrialdearen aberastasunaren araberakoa da, neurri handi batean, baita mendekotasun arazoak dituzten pertsonen kopuruaren araberakoa ere. Alde horretatik, txostengileek aholkatzen dute «edonoren esku» jartzeko tratamenduak, baita preso daudenen edo irabazirik ez dutenen esku ere.

PANDEMIAREN ONDORIOAK

NBEk ohartarazi du COVID-19aren pandemiak epe luzerako ondorioak izango dituela droga kontsumoaren ereduetan, ez bakarrik salerosketetan, baita ekoizpenean ere. Opioaren landarea eta koka landatzen diren eskualdeetan bizi diren komunitateen egoera kalteberago bilakatu du izurriak, askoren bizibidea droga ekoizpenera mugatu baitu. Afganistanen, esaterako, 2018ko lehorteek eta 2019ko uholdeek kolokan jarri zuen nekazari askoren ogibidea, eta pandemiak erabat hondoratu. Krisi ekonomikoak eta langabeziak ugaritu egingo ditu soilik opioaren landarea eta koka landatzen dituzten nekazari familiak, eta trafikatzaileek ere errazago lortuko dituzte langileak.

Aldi berean, handitu egin dira gizarte desorekak, pobrezia eta buruko osasun arazoak; horregatik, adituek ohartarazi dute faktore horiek jende gehiago bultzatuko dutela kontsumora, eta osasun arazoak eta mendekotasun arazoak dituztenen kopurua handitu egingo dela, beraz. Alde horretatik, ereduak aldatzen hasiak direla nabarmendu dute, eta horren frogatzat jotzen dute kalamuaren eta lasaigarrien erabileraren gorakada. Horri guztiari gehitu behar zaio salmentak egiteko modua aldatu izana, kaleko salmenta gutxitu egin baita, eta Internet bidezkoa, handitu; droneen erabilera bera ere ohikoagoa bilakatu da azken urtean.

Pandemiaren ondorio kaltegarriak murrizteko, inbertsioak eskatu ditu NBEk, komunitaterik kalteberenei eta guraso eta gazteei laguntzeko: hasi azpiegiturak eraiki eta heziketa bultzatzetik, eta buruko osasun arazoak dituztenentzako edo tratu txarrak jasaten dituztenentzako laguntza eskaintzeraino.

SARBIDE BERRIAK KOKAINARENTZAT

Kokaina trafikoari dagokionez, Hego Amerikaren eta Europaren artekoa da munduan gehien erabiltzen diren bideetan bigarrena, eta eboluzionatuz doa. Garai batean, hornidura kateak talde gutxi batzuen esku bazeuden ere, zabalduz joan dira.

Europan sartzen zen kokainaren parte handi bat ondo antolatutako bideetatik etortzen zen, gehienbat Italiako talde kriminalen bitartez, edo harreman estuak zituzten Kolonbiako eta Espainiako taldeen bidez. Orain, baina, txostenean azaldu dutenez, Balkanetako taldeak ere sartu dira hornitze katean, eta haietako zenbait hasiak dira bitartekariak kentzen eta Andeetan ekoitzitako kokaina zuzenean Europara ekartzen. Lehiakortasuna handitu izanak salneurriak merkatu ditu, eta, beraz, eskuragarriago egin du. Horrez gain, azken hamarkadan %40 garbiagoa da Europan saltzen den kokaina. Eskuragarritasunak handitu egin ditu kokainaren kontsumoa, eta harekiko mendekotasuna. «Inbertsio gehiago egin beharko litzateke, ez bakarrik prebentzioan, baita mendekoei tratamenduak eskaintzeko ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.