Albistea entzun

Brasil. Bosonaroren gainbehera

Agintaldiko unerik ahulenean da Brasilgo presidentea

Jair Bolsonaroren aurkako greba egin zuten herenegun, herrialdeko sindikatu handienak deituta.
Jair Bolsonaroren aurkako greba egin zuten herenegun, herrialdeko sindikatu handienak deituta. F. B. / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Cecilia Valdez -

2021eko abuztuak 20 - Brasilia

Azken urteetan zeresana eman du Brasilek, hango presidente Jair Bolsonaroren, eta haren gobernu taldearen erantzun zakarren eta erabakien ondorioz, batez ere. Urrunago joan gabe, pandemiaren kudeaketa, jarrera negazionista eta txertoak erosterakoan ordaindutako gainprezioak dira Parlamentuko Ikerketa Batzordea aztertzen ari den alorretako batzuk. Batzordea apirilean sortu zuten, eta ikertzen dituen irregulartasunek ondorio larriak eragin diezazkioke Bolsonaroren gobernuari.

Brasilgo krisi ekonomikoa 2015ean hasi zen, eta nabarmen okerragotu zen 2016an, Dilma Rouseff presidentea kargutik kendu ostean epaiketa politiko batean. Credit Suisse etxearen Ikerketa Institutuak ekainean argitaratutako munduko aberastasunei buruzko txostenaren arabera, iaz %2,7 handitu zen herrialdeko aberastasunaren ia erdia (%49,6) biltzen duten pertsonen kopurua. Txostenak ohartarazten du aurten herritarren %9,1 (19 milioi lagun) muturreko pobrezian biziko direla, eta %28,9 (61,1 milioi pertsona), pobrezian.

«Krisi ekonomikoa oso larria da», azaldu du Hildete Pereira de Melok, Ekonomian doktore, Rio de Janeiroko Unibertsitate Federaleko irakasle, eta ekintzaile feministak: «Ia herritar guztiei eragiten die goseak, langabeziak eta inflazioak». Pereira de Melok eta Lucilene Morandi unibertsitate bereko irakasle eta Generoa eta Ekonomia Ikertzeko Nukleoaren koordinatzaileak diotenez, lehen lauhilekoan BPG barne produktu gordina apur bat igo zen, eta aurten ekonomia %4 haziko dela aurreikusten da, baina horrek bide emango luke herrialdea 2019ko mailara itzultzeko, eta ordurako ekonomia oso kaltetua zegoen. Gainera, analista ia gehienek diote BPGaren hazkunde hori lehengaien prezioek mundu osoan izan duten igoeraren ondorio dela. «Horrek ez du eraginik herritarren bizi baldintzetan; onurak nekazaritza enpresa handientzat eta finantza sektorearentzat dira. Langabezia tasa handia dugu, ia %15ekoa. Eskualdekako datuek erakusten dute iparraldeko herritarren %45 pobrezia mailaren azpitik daudela».

Ekonomia krisia

Brasilen, pandemia garaiko laguntza planak iazko abenduan amaitu ziren. «Hasieran, gobernuak 200 errealeko (33 euro) laguntza prestatu zuen, baina Kongresuak presio egin zuen, eta lortu zuen kopuru hori 600 errealetara igotzea (99 euro) orokorrean, eta bikoitza familiaburu diren emakumeen kasuan», azaldu du Morandik. Aurtengo maiatzean berriz jarri zituzten indarrean laguntza horiek, baina kopuruaren erdia baino gutxiagorekin. «Orain, gobernuak ez du inolako planik, eta pandemiarik ez balego bezala jokatzen du. Bere kezka bakarra 2022ko hauteskundeak dira. Pandemiak gogor jo zituen gazteak, emakumeak eta beltzak. Emakumeak, gainera, ez dira itzuli lan merkatura, eta asko ezin izango dira inoiz itzuli». Pereira de Melorentzat, Brasil 1930etik izan duen krisi ekonomikorik larrienean dago, eta badirudi Mato Grosotik datozen irudiek —probintzia oso aberatsa da, abeltzaintza enpresei esker— arrazoia ematen diotela: ilara luzeak ikusten dira Cuiaba herriko harategien kanpoaldean.

Horrez gain, Europako zazpi inbertsio enpresa handik iragarri dute utzi egingo diotela haragia eta zekaleak merkaturatzen dituzten industrian eta Brasilgo estatuko bonuetan inbertitzeari, ez badute ikusten urratsak egiten direla Amazoniako oihanaren suntsitzea gelditzeko prozeduretan. Uste da 2020an azken hamabi urteetan baino hektarea gehiago galdu zirela, deforestazioa %14 hazi baitzen. MapBiomas Amazoniak zabaldu zuen ustiatzeen %99,8 legez kanpokoak izan zirela. Modu berean, eragin eta ikusgaitasun handia duten ingurumenaren aldeko hamar erakundek deialdi bat argitaratu zuten Le Monde egunkarian Frantziari eskatuz geldi zitzala suteek suntsitutako eremuetatik hartutako produktuen inportazioak, Brasilgo Gobernuak bultzatu edo baimendutakoak. Antzeko eskariak egin zituzten Austrian, Herbehereetan eta Belgikan ere. «Arrisku handia dago atzerriko enpresek inbertitu nahi ez izateko, edo beren inbertsioetan atzera egiteko», baieztatu du Monica Valente psikologo, PT Langileen Alderdiko batzorde exekutiboko kide eta Sao Pauloko Foroko idazkari nagusiak. «Kolokan dago, halaber, Europako zenbait herrialdetan eztabaidatzen ari diren Mercosurren eta Europako Batasunaren arteko akordioa».

«Gobernua garapen prozesuan eraikitako kapitala ustiatzen ari da. Brasilgo energia ia guztia estatuarena zen, bai petrolioa, baita argindarra ere», azaldu du Pereira de Melok. Baina Electrobrasen eta Petrobrasen zati bat pribatizatu izanak aldatu egin zuen testuingurua. «Gobernua egiten ari den pribatizazio prozesua ondasun publikoen lapurreta da, ez dagoelako hazteko estrategia bati lotuta, eta helburu bakarra delako estatuaren inbertsioetan atzera egitea».

Pereira de Melok eta Morandik diote 1988ko Konstituzioak bermatzen zituela herritar guztien hezkuntza eta osasunerako eskubidea, baina «politika ekonomikoek mundu osoko gidalerroei jarraitzen diete, hau da, gutxieneko estatua eta zerga doikuntza, eta horiek baliatu dituzte 1991tik erreforma ekonomikoak eta pribatizazioak bultzatzeko». Pereira de Meloren esanetan, Brasilek munduko osasun sistema hoberenetako bat zuen, baina finantzaketa kenduz joan ziren osasun sistema pribatuen mesedetan, eta gauza bera gertatzen da hezkuntzarekin ere: «Pandemiak hondamendia eragin zuen, baina Brasil zortekoa da, eta txertoen kultura du, eta esperientzia onak txertoekin. Brasilgo herriak beste batzuek baino hobeto onartzen du txertatu beharra».

Ikerketa batzordea

Joan den apirilaren 13an, Brasilgo Senatuak 11 kideko Ikerketa Batzorde Parlamentario bat sortu zuen, eta krisia eta osasunaren gainbehera ikertzea du helburu. Prentsak zabaldutako txosten batean jasotzen denez, 23 irregulartasun kasu identifikatu dituzte pandemiaren aurkako borrokan, eta datozen hilabeteetan ikertuko dituzte. Hala nola 123 impeachment eskari egin dituzte Brasilgo presidentearen aurka. Hori, joan den ekainaren 29an erakunde zibilek eta sindikatuek babestutako 11 alderdi politikok osatutako koalizio batek salaketa horiek guztiak dokumentu bakarrean bildu eta Diputatuen Ganberan aurkeztu zituenetik.

Martxan dauden ikerketen artean, txertoen gainkostuengatik jarritako hiru salaketa nabarmentzen dira. Lehena Covaxin txertoaren 20 milioi dosi inportatzeko kontratu bat da. Behin-behinean etenda dago akordioa, eta hor zioen dosi horien truke egiazko prezioa baino %1.000 gehiago ordainduko zela. Bigarrena Folha de Sao Paulo egunkariak eman zuen jakitera, Luiz Paulo Dominguetti Pereirari egindako elkarrizketa batean. Pereira joan den otsailean Osasun Ministerioari AstraZenecaren txertoaren 400 milioi dosi eskaini zizkion banaketa enpresako ordezkari bat da. Dominguettik zioen Ministerioko logistika zuzendari Roberto Ferreira Diasek txertoak erosteko baldintza gisa jarri zuela enpresak dosi bakoitzaren prezioa dolar bat igotzea. Dominguettik berretsi egin zituen bere salaketak parlamentuko batzordearen aurrean. Azkenik, Folha de Sao Paulo egunkariak berak bideo bat zabaldu zuen, non Osasun ministro ohiak, Eduardo Pazuello militarrak, aitortzen zuen koronabirusaren aurkako Txinako Coronavac txertoak erosteko akordio bat itxi zuela, dosiko 28 dolar ordainduta, orduan merkatuko prezioa dosiko hamar dolar bazen ere.

Impeachment-ak aurrera egin ahal izateko, Arthur Lirarena Diputatuen Ganberako buruak onespena eman beharko dio. Lirarena Bolsonaroren ohiko aliatua da, eta orain arte atzera bota ditu haren aurkako epaiketa politiko bat egiteko eskari guztiak. «Impeachment eskariak ugarituz doaz etengabe, eta, Bolsonaroren babesa behera eta behera ari denez, baliteke horrek eragina izatea Lirarenaren jarreran», adierazi du Valentek. Hala ere, Brasilgo presidenteorde Hamilton Mouraok bideragarritasun gutxi iragarri die eskariei: «Ez dago tokirik epaiketa politiko batek aurrera egiteko. Urtebete falta da hauteskundeetarako, gutxi gorabehera. Utz diezaiogun prozesuari aurrera egiten, eta ikus dezagun zer gertatzen den datorren urteko urrian».

Kaleko protestak

Bolsonaroren gainbehera eta haren gobernuarena ez dira soilik parlamentuan islatzen, baita kalean ere. Kaleko protestak maiatzaren 29an hasi ziren, oposizioak berriz protestei ekitea erabaki zuenean, Bolsonaro kanpora leloarekin eta koronabirusari aurre eginez. Joan den uztailaren 30ean izan zen azken manifestazio handia, eta 600.000 lagun mobilizatu ziren 500 hiri baino gehiagotan. Atzo, Brasilgo sindikatu handienak grebara deitu zituen berriz funtzionario publikoak, gobernuaren kudeaketa salatzeko. Militarrak gobernuan sartu izanari egindako kritikak gehitu zitzaizkien Bolsonaroren dimisioa eskatzen zuten leloei eta pandemiaren kudeaketak eragindako genozidioaren aurkakoei.

Inkestak ere Bolsonaroren hondamendiaren erakusgarri dira. IPEC Institutuaren azken datuek, esaterako, erakusten dute estatuburuak galdu egingo lituzkeela 2018ko bozkatzaileen erdiak, eta herritarren %23k soilik bozkatuko luketela haren alde; 2018an botoen %55 lortu zituen. Luis Inacio da Silva Lula (PT) litzateke 2022rako hauteskundeak irabazteko faboritoa —oraindik ez du bere hautagaitza ofizial egin—.

Orain arte Bolsonarok zalantzarik gabe adierazi du beste agintaldi batera aurkeztu nahi duela, baina azken asteetan nabarmen aldatu da haren jarrera: «Ez naiz abiatu oraindik; ez dakit hautagai izango naizen». Hurrengo hauteskundeei begira datorkion testuinguruarekin nahigabetuta eta sistemaren akatsak aitzakia hartuta, bozak bertan behera uztearekin ere mehatxatu zuen egun batzuk geroago: «Boz garbi eta demokratikorik egin ezin badugu, ez dugu bozik egingo». Haren iruzur salaketei erantzunez, Hauteskunde Auzitegi Nagusiak dokumentu bat zabaldu zuen egungo sistema defendatuz, eta ikerketa bat ireki zuen agintariak azal zitzan frogarik aurkeztu gabe egin zituen adierazpenak. Horri erantzunez, Bolsonarok herritarrei eskatu zien har zitzatela armak, AEBetako bideari jarraituz, eta jo zezatela Kongresuaren aurka.

Nazioartean ez du egoera hobea. Alemaniako mugimendu neonaziko ordezkari nagusietako batekin, Beatrix von Storchekin egindako bilera eta gero, askok galdetzen dute ez ote den lehiatzen hasia eskuineko nazioarteko ligako buru izateko. Ikusi beharko da. Oraingoz, etxean sartu zaio etsaia, baita Latinoamerikako testuinguruan ere. Latinoamerikan indar progresistak haziz doaz —Perun eta Txilen, kasurako—, eta eskualdeen arteko bestelako aliantzak nagusitzen hasiak dira. Bolsonarorentzat, gainera, kolpe handia izan zen AEBetako presidente Donald Trump gobernutik irten izana, aliatu handia baitzuen hura, eta Joe Bidenekin duen harremana ez baita, inolaz ere, aurrekoarekin zuen bera. «Larriena da Bolsonaroren gobernuak nazioartean baztertuta egotera eraman gaituela. Horregatik nahi dugu ahalik eta azkarren joatea, kalte handia egiten ari delako Brasilgo herriari, gizadiari eta guztion etorkizunari», amaitu du Valentek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©DANI CODINA

«Ikasleen %100 atzerritarrak direnean, integrazioa ezinezkoa da»

Irati Urdalleta Lete

Katalunian, duela bi urtetik indarrean dago Eskola Segregazioaren Aurkako Ituna. Besaluk uste du orain dela garaia balio al duen ikusteko.
AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken eta Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov, atzo, Genevan. ©MARTIAL TREZZINI / EFE

Errusiak AEBei eskatu die NATO 1997ko mugetara erretiratzeko

Arantxa Elizegi Egilegor

Moskuk ukatu du Ukrainaren aurka jotzeko asmoa izatea. Washingtonek iragarri du datorren astean erantzungo diela Kremlinen galderei, baina urratsak egiteko eskatu dio Putinen gobernuari
 ©NOS DIARIO

«Legez kanporatzen bagaituzte, politikoki erantzungo dugu»

Gorka Berasategi Otamendi

Espainiako justiziak Izca legez kanporatzeko auziarekin segitzea erabaki zuen, Estatuaren Abokatutzaren eta fiskaltzaren iritziaren kontra. Soilik «jarrera demokratiko faltak» azaldu dezake egoera, eledunaren ustez.
Bi emakume eta bi haur, joan den abenduan, Kabulgo ospitale batean. ©MONCHO TORRES / EFE

Norvegia eta «herrialde aliatuak» talibanekin batzartuko dira, Oslon

Igor Susaeta

Norvegiak uste du afganiarrei laguntzeko ezinbestekoa dela nazioartea muturreko islamistekin hizketan hastea. Bihartik asteartera bilduko dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.