Afganistan. Paxtana Durrani. Learn Afghan erakundeko ekintzailea

«Ez diegu utziko talibanei nahi duten guztia egiten»

Paxtana Durrani Kandaharren zegoen talibanak sartu zirenean, eta ezkutuan bizi da geroztik. Beste afganiar asko bezala, ez da fio talibanez; zer egingo duten zain dago.

LEARNAFGHAN.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
1990eko hamarkadan, Paxtana Durraniren familiak ihes egin zuen Afganistandik Pakistanera. Han jaio eta bizi izan zen Durrani, iheslari gisa. «Eskolan bagenuen irakasle afganiar bat, eta etengabe hitz egiten zigun herriaz, etxeaz. Herriminarekin bizi nintzen, Afganistanera noiz itzuliko zain», ekarri du gogora Learn Afghan gobernuz kanpoko erakundearen sortzaile eta zuzendariak. Unibertsitatera joateko garaia heldu zenean, gurasoen jaioterrira itzuli zen, Kandaharrera, eta, ikasketak amaituta, bertan geratu zen, irakasle lanetan. Han harrapatu zuen talibanen itzulerak. «Tiro hotsak entzuten nituen nonahi, gero eta gertuago. Senide eta lagunek ezkutura jo zuten, eta hala egin nuen nik ere», azaldu dio BERRIAri. Elkarrizketa egiteko eguna ere atzeratu egin behar izan du Durranik, bezperan haren ezkutalekua aurkitu zutelako, eta lekualdatu behar izan zuelako. Ez da ausartzen telefonoa hartzera: «Oraintxe aldatu naiz etxez; nahiago dut telefonoz denbora asko ez egin». Mezu bidez erantzun ditu galderak, azkar, urduri.

«Egia aitortu behar badizut, ez dakit zer gertatzen ari den Kabulen. Ez nago hiriburuan. Baina badirudi hura seguruagoa dela, eta han herritarrek askatasun gehiago dutela mugitzeko. Orain, gauza bat da hiriburua, non nazioarteko kazetariak dauden, eta beste bat, oso desberdina, herrialdea», nabarmendu du Durranik. Egun agintean dauden talibanak ez dira duela hogei urteko berak; hori argi du ekintzaile afganiarrak, baina baita diotena ez dela egia ere: «Emakumeek lan egin ahalko dutela, ikasi ahalko dutela, eta abar eta abar esan dituzte, baina ez da egia. Kandaharko eskola pribatu bateko irakaslea nintzen ni, eta haiek hirira sartu bezain laster itxi egin zuten».

Durranik onartzen du, hala ere, Kabul erori aurreko asteekin alderatuta giroa lasaiagoa dela: «Egia da jendea kalera irteten dela, eta ez direla lehen bezala bonba hotsak entzuten. Baina, aldi berean, beldur dira. Talibanak izua zabaldu duten munstroak dira, orain bestelako irudi bat ematen ahalegintzen diren arren».

Talibanak 1996an hartu zuten agintea azkenengoz. Orduan, Durrani bera ez zen jaio oraindik, ezta egun estatua kontrolpean hartu duten gehienak ere. «Ez gaude testuinguru berean. Herritarrek, eta, batez ere, emakumeek, badakite zein diren beren eskubideak. Badakite nola erantzun erasoei, badituzte estrategiak. Afganiarrak gara, eta ez gaude prest talibanei nahi duten guztia egiten uzteko. Ez gaude 1990eko hamarkadan; hogei urte ez dira alferrik igaro. Borrokatu egingo gara. Oraingoan ez dituzte beren helburuak beteko».

Durranik berak irakasle lanetan jarraitzeko asmoa du. Haren erakundeak hezkuntzarako sarbidea eskaintzen die 7.000 neskari, gehienak nekazaritza eremuetan bizi direnak. «Neskei eskolara joatea ukatzen badiete, Internet bidez emango dizkiegu klaseak; liburuak ukatzen badizkiete, liburu elektronikoak bidaliko dizkiet, eta, Internet ere mozten badigute, liburu fisikoak bidaliko dizkiet etxera. Modu batera edo bestera, aurrera egingo dugu».

Botere aldaketaren erantzuleez galdetuta, Durranik dio atzera begiratzeak ez duela ezertarako balio: «Ez dit axola zer egiten duten AEBek edo nazioarteko tropek. Haiek etorri ziren, eta joan egin dira. Kito. Orain, guri dagokigu». Dena den, ekintzaileak argi du nazioarteak bidea egin diela talibanei, Dohako elkarrizketei sinesgarritasuna emanez, eta bake akordioa haiekin adostuz: «Afganistanera itzultzeko atea ireki diete, eta joan egin dira». Nazioarteko tropek «modu berekoian» jokatu dutela iritzi dio ekintzaileak, ez dutelako bake prozesua «behar bezala bideratu», eta herrialdea suntsitu eta herritarrei sufriarazi egin dietelako.

Gerra «garbia»

Maiatzaren 1ean, nazioarteko tropak erretiratzen hastearekin batera hasi ziren talibanak barrutiak bereganatzen. Borrokak izan ziren, baina gutxi, eta bakanak. Abuztuan, baina, azkartu egin zuten abiadura, eta bi aste baino gutxiagoan eskuratu zituzten hiri nagusiak, hilaren 15ean Kabulen sartu ziren arte. Tarte horretan behin eta berriz esan zuten hiriak «borrokarik gabe» berenganatzen ari zirela, gehienetan agintariekin negoziatu eta haiek amore eman ostean. Militarrak ihesean ageri ziren irudiak ere zabaldu zituzten.

«Berriz ere haien hitzak bakarrik entzuten ditugu. Hori da arazoa. Ez zegoen nazioarteko kazetaririk haiekin, ez zegoen esandakoak egiaztatuko zituen begiralerik. Nola dakigu diotena egia dela? Nola jakin ez zaizkigula gezurretan ari, eta nola jakin ez dituztela hildakoak hobietan sartu? Orain antzekoa gertatzen ari da. Kazetariak bozgorailu lana egiten ari dira: talibanek diotena soilik entzuten dugu, begiak itxita, ahaztuz lehengo munstro bera direla», dio Durranik. Talibanek beldurra baliatzen dutela berretsi du, eta inork ez diela egiten entzun nahi ez duten galderarik.«Soilik haiek esan eta erakutsi nahi dutena entzun eta ikusten dugu».

Ekintzaile afganiarrak ezkutuan egin ditu azken egunak, baina ez du herrialdetik ihes egiteko asmorik. «Nire aitonak gerra bizi izan zuen; nire gurasoek gerratik ihes egin zuten, eta ni gerran dagoen Afganistan batera itzuli naiz. Nahikoa da. Ez dut zain jarraitu nahi beste armada zuri bat gu salbatzera noiz etorriko. Gainera, ez dut uste hori denik behar duguna. Gure txanda da orain. Afganiarrok gara borroka bideratu behar dugunak». Bermeak nahi ditu Durranik, talibanek hitza beteko dutela ziurtatuko duen akordio bat, eta betetzen ez badute kanporatuak izango diren ziurtasuna: «Hitzak kea dira, baldin eta paperean ez badaude, eta horiek betetzeko inork estutzen ez baditu. Ikusi ditugu telebistako irudiak, hau eta bestea esanez, baina guri dagokigu ziurtatzea ez dutela atzera egingo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.