Ekialde Hurbila. Palestinako gizarte eragileak

Palestinako giza eskubideen aldeko sei elkarte ixtekotan da Israelgo Gobernua

Palestina Askatzeko Herri Frontea finantzatzea leporatzen die. Elkarteek BERRIAri adierazi diote eskubide urraketen salaketa nazioartean zabaltzen ari direlako jo duela Israelek haien kontra. Akusazioaren oinarria sekretupekoa da

Addameer-en hitzaldi bat, Palestinako presoen egoerari buruz. ADDAMEER.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Hamahiru urte zituen, eta sabelean egin zioten tiro. Israelgo indarrek Mohammed Daadas haur palestinarra hil zuten joan den ostiralean. Zisjordanian bizi zen, Nablus hiriko errefuxiatu kanpamentu batean, eta errezoen ostean Deir al-Hatab herrian piztu ziren liskarretan hil zuten. Urte hasieratik, Israelgo indarrek 74 adin txikiko hil dituzte, Defense for Children International-Palestine (DCI-P) elkartearen arabera. Daadasen kasua eta Palestinako haurren beste eskubide urraketa ugari dokumentatzera eta nazioartean salatzera bideratzen du bere jarduna DCI-Pk. Baina haren lana arriskuan dago orain. Baita giza eskubideen aldeko mugimenduan Palestinako gizarte zibilarentzat erreferentziazkoak diren beste bost elkarte palestinarrena ere. Israelek izaera «terrorista» egotzi zien joan den urriaren 22an, eta ordutik erabateko ziurgabetasunean daude. Elkarte horietako zenbait ordezkarirekin hitz egin du BERRIAk.

«Israelek porrot egin du DCI-P jopuntuan izan duen hamar urteetan. DCI-Pko kideei jazarri die, beren lana gelditzeko presio egin die, mehatxatu egin ditu. Politika horrek porrot egin duenez, gure egoitza miatu zuten [uztailaren 29an], baina guk gure lanarekin jarraitu dugu. Erabakia prozesu horren guztiaren ondotik etorri da», azaldu du Khaled Quzmar elkarteko zuzendariak.

DCI-Prekin batera, Israelek elkarte «terroristatzat» jo dituAl-Haq, Adameer, UPWC Palestinako Emakumeen Elkarteen Batasuna, UAWC Nekazari Lan Komiteen Elkartea eta Bisan ikerketa eta garapenerako zentroa. Guztiak dira Palestinako gizarte zibileko eragile ezagunak. Adameer preso palestinarren eskubideen defentsan aritzen da; UPWCk emakumeen ahalduntzea eta Palestinaren nazio askapena ditu helburu; UAWCk beren lurrak okupaziotik babesten laguntzen die nekazari palestinarrei —bereziki, Jordan haranekoei—; eta Al-Haq NBE Nazio Batuen Erakundearekin elkarlanean aritzen den giza eskubideen aldeko elkarte bat da, Israelen abusuak dokumentatzea eta nazioartean salatzea ditu bere egitekoaren ardatz.

Elkarte horiei guztiei PAHF Palestina Askatzeko Herri Frontearen «adar bat» izatea egotzi die Benny Gantz Israelgo Defentsa ministroak. Haren esanetan, PAHF ezkerreko alderdi iraultzailea finantzatu dute ezkutuan, baina ez du haien aurkako probarik aurkeztu, informazioa sekretupekoa dela argudiatuta. «Hala izanik, inork ez daki dokumentuek zer jasotzen duten, eta nahi beste gezur esan ditzakete. Inork ezin die kontra egin. Gu prest gaude esku artean duten informazioari buruz eztabaidatzeko epaitegietan», adierazi du Quzmarrek.

Israelgo inteligentzia zerbitzuen txostenak ez du elkarteen kontrako inolako frogarik, haren edukira sarbidea izan dutela adierazi duten hainbat hedabideren arabera. Horien esanetan, Europako zenbait herrialdek iritzi bera agertu zioten Israeli, maiatzean Tel Avivek bidali zien txostenaren informazioa aztertu ostean. Israelek «terrorismoaz» akusatu dituen elkarteetako dozena erdi kide NSO enpresa israeldarraren Pegasus espioitzarako softwarearekin zelatatu zituzten, Front Line Defenders Irlandako elkarteak salatu duenez.

DCI-Pko buruaren esanetan, Tel Aviven urratsak egoera «oso arriskutsuan» utzi ditu sei elkarteak, ekar ditzakeen ondorio larriengatik. «Nagusiki, elkarteak errotik desegin ditzaketelako». Tel Avivek oinarri bat izango du orain «terrorismoarekin» lotu dituen eragileen egoitzak ixteko, jasotzen dituzten diru ekarpenak eta dauzkaten ondasunak konfiskatzeko eta langileak atxilotzeko. Baina, horrez gain, elkarteak diruz laguntzen dituztenen kontrako neurriak hartzeko aukera ere izango du.

Aseel al-Bajeh Al-Haqeko ikerlari eta arlo juridikoaren arduradunak adierazi duenez, Israelek nola edo hala eragotzi nahi du elkarteen lana. Al-Haqen kasuan, «NBErekin, nazioarteko komunitatearen parte diren estatuekin eta nazioarteko auzitegiekin» dituzten harremanak eten nahi dituzte, Al-Bajehen iritziz. «Ahuldu egin nahi dute Palestinako biktimentzako justizia eta erreparazioa lortzeko egiten dugun lana, Israel bere krimenen erantzule egiteko ahalegina».

Al-Haq elkartea izan da Nazioarteko Zigor Auzitegian Israelen kontrako auzi bat irekitzeko lanean aritu diren elkarteetako bat. Palestinako lurretan izan diren gerra krimenak eta gizateriaren kontrako delituak argitzeko ikerketa bat abiatzea onartu zuen NZAk martxoaren 3an. Eskubide urraketa horiei buruzko dokumentazio ugari bideratu dute Al-Haqek eta DCI-Pek auzitegira.

Giza eskubideen aldeko elkarte palestinarrek iraganean ere jasan dute Israelen «jazarpena», Al-Bajehek gogorarazi duenez. «Presio egin diete finantzaketa lortzen lagundu diguten babesleei, ikusi ditugu armadaren sarekadak eta erakundeetako kideen atxiloketa arbitrarioak». Azken urteetan, ordea, elkarteen lanak lortu du Israelen kontrako salaketa «aurretik heldu ez den tokietara» eramatea. Quzmarren esanetan, Israelen «marra gorriak» gainditu dituzte. Horren adibide, NZAko fiskal nagusiak abiatu duen ikerketa eta «AEBetako Kongresuan haur palestinarren kasuak aztertzeko presio egitea» lortu izana. Israeli boikota egiteko eta zigor ekonomikoak ezartzeko kanpainak ere eragin du kezka Tel Aviven, eta estatu juduak bere sareak mugitu ditu halako egitasmoen izaera «antisemita» gaitzesteko. Israelek ez du eragotzi, ordea, juduen diasporan geroz eta ahots kritiko gehiago entzutea Palestinarekiko duen politikaren ondorioz.

Palestinako gizarte zibilaren sei elkarte ezagun «terroristatzat» jo izanak ere erreakzioak eragin ditu. «Badakigu auzi hau dela-eta eztabaida sakona ari dela izaten orain Israelen; bai gizarte zibilean, baita gobernuan bertan ere. Gauza bera gertatu da AEBetan eta Europan», adierazi du Quzmarrek. Oraingoz, baina, ez da AEBen edota Europako Batasunaren erantzun irmorik izan.

Informazio eske

Etxe Zuriak eta Bruselak «informazio gehiago» eskatu diote Israelgo Gobernuari, sei elkarteen kontra egin duen salaketaren inguruan, eta gizarte zibil aberats bat izatearen garrantzia nabarmendu dute, «demokrazientzat funtsezkoa» dela ohartarazita.

Israelen urratsak EB baldintzatu dezake, batez ere, diru kontuetan. Gantz Defentsa ministroak azaldu zuenez, salatutako elkarteek «diru kopuru handiak jaso dituzte Europako herrialdeetatik eta nazioarteko erakundeetatik, engainua eta iruzurra erabiliz». Josep Borrell EBren diplomaziaburuak erantzun dio Europak ez duela inoiz «talde terroristarik babestu edota finantzatu», eta elkarte horietara bideratutako dirua berreskuratzeko neurriak hartuko dituela Israelek horien kontrako «froga sendoak» aurkezten baditu. Dena den, Borrellek gogorarazi du antzeko egoerak izan direla EBk diruz lagundu dituen Palestinako beste elkarte batzuekin ere, baina Tel Avivek ez duela sekula salaketa horiei eusteko oinarririk bildu.

Sahar Francis Addameer elkarteko zuzendariaren iritziz, finantzaketa etetea da elkarteak «terrorista» izendatzearen atzean dagoen helburu nagusia. «Diru emaileak izutzea da xedea, eta lege baliabide bat izatea gu diruz babestu nahi gaituen nazioarteko edozein eragileren aurka» erabili ahal izateko.

Israelgo Gobernuak «terrorismoaren kontrako legea» erabili du elkarteen kontra egiteko—2016an onartu zuen—. «Legeak zigor oso handiak aurreikusten ditu: bost eta 25 urte arteko espetxe kondenak», azaldu du Al-Bajehek. Haren iritziz, Israelek «ez du zilegitasunik» lege hori Palestinako lurretan ezartzeko, Israelen legedi arruntaren parte delako eta Tel Avivek zuzenbide militarra ezartzen duelako Palestinako lurralde okupatuetan. Akusatutako sei elkarteek Zisjordanian dute beren egoitza, eta han garatzen dute beren jarduna. Hori dela eta, legea eremuz kanpo ezarri nahi izatea leporatu diote elkarteek Israeli.

«Erabakia Zisjordaniako komandantziak hartu beharko luke, hartzekotan», azaldu du Quzmarrek. Hala egin du, azkenean. Elkarteen kontrako neurria agindu militar bihurtu zuen herenegun Israelek, eta, orain bai, edozein unetan has dezake elkarteen aurkako jazarpena.

Zuzenbide zibiletik militarrerako jauzia ez da formalismo hutsa. Izan dezake ondorio politikorik, elkarte palestinarrak «terrorista» izendatzeko erabakia argiki kokatzen duelako Israelen okupazioaren esparruan, eta, horrenbestez, nazioarteko eragileek helduleku are nabarmenago bat izan dezaketelako neurriaren aurka agertzeko. EB, adibidez, kontra ager daiteke, argudiatuta Israelen okupazioa nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa dela.

Israelek 400 elkarte baino gehiago debekatu ditu 1967tik, bere segurtasun nazionala arriskuan jartzen zutelakoan. Horrez gain, Tel Avivek Palestinako gizarte zibileko elkarte ugariren kontrako difamazio kanpainak zabaldu ditu munduan, nazioarteko hainbat lobbyren bidez—NGO Monitor elkartearen bitartez, esaterako—. Elkarte palestinarrak «terrorismoarekin» eta «antisemitismoarekin» lotzen dituzte, babesle ekonomiko posibleek horiei laguntzeko aukera bazter dezaten.

Israelen presioen ondorioz, EBk «terrorismoaren kontrako klausulak» ezarri zituen 2020. urtearen hasieran, ordutik Palestinako gizarte zibileko elkarteekin egin dituen kontratuetan, eta derrigorrezko baldintza bihurtu zuen elkarte horien gaineko ikuskaritza eta kontrola zorroztea. Palestinako gizarte zibil antolatuaren haserrea eragin zuen erabakiak, beren jardunerako aukerak asko murrizten dituela iritzita.

Palestinako elkarteak ez dira Israelen jomugan izan diren bakarrak. Omar Shakin Human Rights Watchen eskualdeko arduraduna Israeldik kanporatu zuten duela bi urte. IsraelgoB'Tselem eta Breaking the Silence elkarteek, berriz, debekatua dute beren herrialdeko eskoletan hitzaldiak eskaintzea. Lehenak, Israelen okupazioak eragiten dituen eskubide urraketak salatzen ditu; bigarrenak, Israelgo armadako soldadu ohi damutuen testigantzak jasotzen ditu.

«Kriminalizazioaren» aurrean, nazioartearen esku hartzea ezinbestekotzat jo dute elkarte kaltetuek. «Nazioarteak ez badio Israeli presio egiten izendapena indargabetzeko, mundu osoko giza eskubideen aldeko mugimenduaren kalterako izango da», Al-Bajehen hitzetan. «Itxaropena dugu nazioarteak eta giza eskubideen aldeko mugimenduak babestuko gaituztela, eta ez dutela lortuko gu isiltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.