Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Kolonbia. Bake akordioek bost urte

Bost urte bete dira FARCek eta Bogotak bake akordioan sinatu zituztenetik

Paramilitarrek hildako indigena baten senideak, Caldonon.
Paramilitarrek hildako indigena baten senideak, Caldonon. ERNESTO GUZMAN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2021eko azaroak 24

Bost urte dira FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek eta gobernuak bake akordioak sinatu zituztenetik, mende erdiko gatazka amaitzeko asmoz. Baina elkarrekin egin beharreko bideak uste baino oztopo gehiago izan ditu bost urteotan, eta paperean idatzitakoa pisua galduz joan da denborak aurrera egin ahala. Lehen kolpea akordioak sinatu eta hilabete gutxira jaso zuten bi aldeek: 2016ko urriaren 2an egindako erreferendumean herritarren %50,21ek ezezkoa esan zioten.

Tarte horretan egin dituzten urrats garrantzitsuenen artean daude FARCen desmilitarizatu izana, gerrillari ohiek politikarako jauzia egin izana eta justizia transnazionalerako erakundearen sortu izana; baita egia eta erreparaziorako bidea egiten hasi izana ere. Baina ez da nahikoa. «Tamalez, kolonbiarrok aukeratu genuen presidentearen alderdia hasieratik agertu zen akordioen aurka, eta kanpainan bertan aitortu zuten beren helburua ituna suntsitzea zela. Estatuak ez du adiskidetzea bultzatzen, estigmatizazioa baizik, eta gatazka sustatzen du», ohartarazi zuen atzo Rodrigo Londoño Timochenko gerrillari ohi eta Comunes alderdiko presidenteak.

Ikusi gehiago. Eliecer Caceres: «Bakearen protagonista izan nahi dute komunitateek»

Ivan Duque presidenteak «legezko bakea» kontzeptua baliatzen du akordioen baliozkotasuna zalantzan jartzeko. Alvaro Uribe estatuburuaren gertukoa da Duque, eta, hura bezala, hasieratik agertu izan da prozesuaren aurka, argudiatuz gerrillarien «absoluzioa» duela helburu. Hala, hitzarmenean jasotako bost puntu nagusietatik gutxi batzuk soilik jarri dituzte abian.

LURREN ERREFORMA

FARCen sorreraren arrazoietako bat izan zen nekazarientzako lurrak berreskuratzea, eta hori izan da akordioaren bost puntu nagusietako bat ere. 50 urteko gatazkak lurrik gabe utzi ditu sei milioi nekazari, eta zortzi milioi hektarea jabe berrien esku geratu dira.

Akordioaren arabera, Bogotak lurren jabetza agiriak banatu behar zituen milaka nekazariren artean —zazpi milioi hektarea orotara—, eta beste hiru milioi hektarea banatu behar zituen lurrik gabekoen artean. Baina bost urteotan 900.000 hektarearen tituluak soilik banatu dituzte. Lurrik gabeko nekazariei eman beharreko eremuen inguruan, gobernuak jakinarazi du milioi bat hektarea gehitu dituela Lurren Funtsera, baina horietatik soilik %10 dira egun jaberik ez dutenak eta berehala banatzeko aukera luketenak. Horri gehitu behar zaio Kolonbian ofizialki nekazaritzara bideratzen diren lurrak 15 milioi hektarea soilik diren arren 34,4 milioi bideratzen direla alor horretara; horietatik gehienak, nekazaritza industrialerako baliatutako baso lurrak.

PARTE HARTZE POLITIKOA

Hasieran, FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea izena jarri zioten gerrillari ohiek sortutako alderdi politikoari, eta 2018ko uztailean akordioak sinatu zituzten FARC gerrillako zortzi buruzagiek beren eserlekuak hartu zituzten Kolonbiako Kongresuan. Gerora, aurtengo urtarrilean, izena aldatu zioten alderdiari, eta Comunes jarri, iraganarekin erabat eteteko asmoz.

Borroka armatutik politikarako jauzia ez da erraza izan gerrillari ohientzat, eta, askotan, hasieran batez ere, «hiltzaile» oihuka egiten zieten harrera gainontzeko alderdietako ordezkarietako askok. Baina Comuneseko ordezkarientzat gogorrena izan da ikustea alderdi nagusiek ez dutela interes berezirik 2016ko akordio haiek bultzatzeko.

GIZARTERATZEA

Gerrillari ohiak gizarteratzeko programak aurreikusten du armak uzteko urratsa egiten dutenek bi urteko oinarrizko errenta bat eta hainbat ikastaro jasotzeko aukera izango dutela, bizitza zibilerako urratsa errazteko. Gizarteratze eta Normalizaziorako Agentziako buru Andres Stepparren esanetan, desmobilizatutako 13.997 gerrillarietatik %91k baliatu dituzte laguntza horiek; gainontzekoak «desagertuta» daude.

Armak utzi izanak, baina, ez ditu arriskutik urruntzen. Azken bost urteotan ia 300 gerrillari ohi hil dituzte paramilitarrek eta droga trafikatzaileek. Horien eta giza eskubideen aldeko ekintzaileen aurkako erasoak ikertzeko sortu zuten 2017an Ikerketa Unitate Berezia, baina lau urteotan ezer gutxi egin du arlo horretan. Bere lanetako beste bat zen FARCek utzitako eremuetatik paramilitarrak kanporatzea, baina, egun, horietako asko —batez ere beste herrialdeekin muga egiten dutenak— talde armatuen menpe daude.

BESTELAKO UZTAK SUSTATU

Gatazkak iraun zuen bitartean izugarri hazi ziren koka uztak, eta horiek ustiatzen zituzten nekazarientzako bestelako alternatibak eskaintzera konprometitu zen gobernua. 99.097 familiak eman zuten izena programan, zeinaren arabera koka landareak 60 eguneko epean kentzen bazituzten 36 milioi peso jasoko zituzten, beste proiekturen bat martxan jarri artean beren elikadura segurtasuna bermatzeko. Hala, 29 hilabeteko epean, proiektu alternatiboa abian jartzeko beharrezko laguntza teknikoa jasoko zuten.

Datu ofizialen arabera, programan izena eman duten familia guztiek suntsitu dituzte beren koka uztak, baina soilik %10ek amaitu dute prozesu guztia. Hala ere, izena emandako familietatik bakarrik %0,8 hasi dira berriz koka landatzen. Baina, indarrez suntsitutako koka uzten kasuan, nekazarien %38k jarraitu dute lan berean.

Berez, akordioen arabera, salbuespen kasuetan soilik baliatu beharko lituzke Bogotak koka uztak indarrez suntsitzeko tresnak, baina Duquek estrategia horri eutsi dio azken urteetan: 2019an 94.000 hektarea suntsitu zituzten, eta iaz, 130.000.

BIKTIMAK

JEP Bakerako Jurisdikzio Bereziak hainbat ikerketa handi abiatu ditu biktimen aitortza eta erreparazioa errazteko asmoz: besteak beste, bahiketak, epaiz kanpoko exekuzioak edo positibo faltsuak deiturikoak —militarrek zibilak hiltzen zituzten, eta gero gerrillariak balira bezala aurkeztu—, eta adin txikikoen errekrutatzeak. Baina biktimek kritikatzen diote motel doala prozedura, batez ere desplazatuen, genero indarkeriaren biktima izan direnen eta pertsonen aurkako minen biktimen kasuan.

Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzak goraipatu egin zuen JEPen lana, baina giza eskubideen aldeko erakundeak ez dira iritzi berekoak: horiek «erdizka» aritzea egotzi diote, estatuaren indarkeriaren biktimei ikusgaitasuna ukatu izana leporatuta. Erakunde horiek eskatzen dute, egia aitortzeaz gain, gobernuak ordain diezaiela kalte ordain bat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Haur batzuk UNHCR-ren errefuxiatuentzako kanpaleku batean, Ipar Kivu probintzian (Kongoko Errepublika Demokratikoa), 2019an. ©PATRICIA MARTINEZ / EFE

Ugandak ADFren miliziei eraso die Kongoko Errepublika Demokratikoan

Igor Susaeta

Bi herrialde horietako gobernuek aliantza militar bat osatu dute Indar Demokratiko Aliatuaren «mehatxuari» aurre egiteko. Kongoren arabera, «ekintza adostuak» egingo dituzte. Herritarrak «izututa» daude

Ezkerretik hasita: Michel Barnier, Eric Ciotti, Xavier Bertrand eta Valerie Pecresse. Eskuinetik bigarrena da Philippe Juvin. ©ERREPUBLIKANOAK

LRk bizirik irautea du jokoan

Ander Perez Zala

Frantziako alderdi eskuindarrak kongresua egingo du gaurtik larunbatera, eta horretan aukeratuko du 2022rako presidentegaia. Bertrand, Pecresse eta Barnier dira faboritoak

Errepublika bihurtu da Barbados, Elizabeth II.aren koroa utzita

Errepublika bihurtu da Barbados, Elizabeth II.aren koroa utzita

Edu Lartzanguren - Gorka Berasategi Otamendi

Sandra Mason izendatu dute lehen presidente. Herrialdea Commonwealth erakundeko kide izango da aurrerantzean ere. Galesko printzeak «esklabotzaren izugarrikeria» aitortu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.