Euskara. 22. Korrika

Lekukoak badu nondik nora ibili

Korrikaren ibilbidea jakinarazi dute. Mendebaldean hasiko da, eta Gasteiz izango da igaroko duen lehen hiriburua. 2.180 kilometro eginda iritsiko da Donostiara. Otsailaren 1ean zabalduko da kilometroak erreserbatzeko aukera

Julen Aperribai.
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Korrikaren aldiroko jakin-min iturri nagusietako bat izan ohi dena argitu da, AEK-k jakitera eman baitu 22. Korrikaren ibilbidea eta lekuz leku noiz igaroko den. 2.180 kilometro egingo ditu zazpi herrialdeetan, Hitzekin lelopean. Amurriotik (Araba) abiatuko da martxoaren 31n, ostegunez, eta Donostian amaituko apirilaren 10ean, igandean.

Arratsaldez hasiko da Korrika, 16:30 aldera. Ekitaldi bat egingo dute lehendabizi, eta eskuz esku ibiliko den lekukoan sartuko dute amaieran irakurriko duten mezua. Amurrion hasi, eta ekialdera joko du Korrikak. Aiaraldean eta Enkarterrin ibiliko da, eta atzera Araban sartuko da ondoren; 22:40 aldean iritsiko da Laudiora, esaterako. Berriz ere Bizkaira egingo du handik, eta ekialderanzko bidea hartuko du. Hego Uribetik eta Durangaldetik igarota, Gipuzkoan sartuko da ostiral goizaldean. 09:30ean helduko da Eibarrera, eta Debagoieneko zenbait herri igaroko ditu ondoren.

Hala, Gasteizerako bidea hartuko du. Arabako hiriburuan amaitu zen duela hiru urte, eta huraxe izango da aurtengoak igaroko duen lehen hiriburua ere. 17:00ak pasatxoan iritsiko da Gasteizera Korrika, eta gaua izango da handik ateratzerako. Arabako Lautadatik Nafarroara sartuko da, Sakanatik. Altsasun 03:00 aldean sartuko da. Igande goizaldean, berriz, Iruñerrira helduko da; erdigunera, 12:15 aldean. Hegoaldera joango da handik. Tafalla aldetik Erriberara joango da, eta han egingo du gaua. Biharamuneko 11:45ak izango dira Tuterara iristerako, eta ilunduta izango da Erriberatik atera eta Zangozaldean sartzen denerako.

Handik Pirinio ingurura joango da. Arnegiko mugatik Nafarroa Beherean sartuko da Korrika astelehen arratsaldean. 17:00etan helduko da Donibane Garazira. Zuberoara hartuko du handik, baina tarte motza egingo du han, eta Nafarroa Beherera egingo du atzera, eta Erratzun barrena Baztanen sartu. Goizaldean izango da hori. Ultzama eta Larraun igaroko ditu ondoren, eta, Sakanan ibili txiki bat egin ostean, 21:00 aldera helduko da Lizarrara.

Asteazkena Araban hasiko du Korrikak; Mendialdean eta Trebiñun. Gorbeialdeko eta Arratiako herriak goiz-eguerdi partean gurutzatuko ditu, eta Bizkaiko hiribururako bidean jarriko da. Iluntzean eta gauean ibiliko da Bilboko kaleetan.

Kostaldera, ostegunean

Bizkaia mendebaldean ibiliko da ondoren Korrika, eta, Ezkerraldea igarota, kostaldera iritsiko da ostegun goizaldean. Uribe Kostan ibiliko da goizean, eta Busturialdera egingo du handik. 13:30erako Bermeon behar luke. Barrualdera apur bat egin, eta Eatik Lea-Artibaira egingo du; iluntzean igaroko du Lekeitio, besteak beste. Kostaldetik iritsiko da Gipuzkoara. Urola Kostan egingo du ostiral gaua, eta Buruntzaldean sartuko da ondoren. 06:30 aldera iritsiko da Usurbilera. Tolosaldeko herrietatik Urola barrenera joango da, eta handik Urola Garaira eta Goierrira. Ostiraleko azken orduak Tolosaldean egin eta gero, gauerdian Leitza aldera iritsiko da, Berastegitik. Ezkurra mendatetik Malerreka ibarrera egingo du, eta Bortzirietara gero. 05:00etan iritsiko da Igantzira.

Ibardindik Lapurdira sartuko da Korrika ondoren, eta han ibiliko da bizpahiru orduz, Zugarramurdin tarte txiki batez lasterketa Nafarroara itzuli arte. Baionarako bidean segituko du gero, eta 17:30 aldera iritsiko da Lapurdiko hiriburura. Kostaldetik jarraituko du, eta hala iritsiko da Bidasoaldera, gauerdian. Larunbat gauez igaroko ditu Bidasoko aldea, Oiartzualdea eta Hernani aldea, eta, azkenik, goizean ailegatuko da Donostiara. Eguerdian ekitaldi bat egingo dute, eta, ohi bezala, bertan irakurriko dute Amurrion lekukoan sartutako mezua.

Donostian amaiera, 2011n

Azkenekoz 2011n amaitu zen Donostian Korrika. Euskalakari izan zen aldi hartako leloa, eta Gosek jarri zion musika lasterketari. Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz orduan ETBko Mihiluze lehiaketako aurkezleek irakurri zuten amaierako mezua, Donostiako Bulebarrean. Aurtengo mezua nork irakurriko duen ez da jakingo lasterketa amaitu arte. Dena den, omenduen berri eman du AEK-k: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei egingo diete aitortza, euskararen sustapenean «eragile aktibo» izateagatik. Urtarrilaren 7an egin zieten omenaldia, Tolosan (Gipuzkoa), eta, bertan, Korrikako koordinatzaile Asier Amondok nabarmendu zuen Aiora Zulaikak, Joxe Mari Agirretxek eta Mertxe Rodriguezek osatutako hirukotearen jardunak «zuzeneko eragina» izan duela gurasoengandik umeengana eta umeengandik gurasoengana euskara transmititzean.

Ibilbidearen xehetasunak Berria.eus-en kontsultatu daitezke. AEK-k jakinarazi duenez, kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko da. Interesdunek Korrika bulegoekin harremanetan jarri behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.