Argentina. Mende erdia Trelewko sarraskitik

50 urte aberria fusilatu zutela

1972an Argentinako segurtasun handiko espetxe batetik ihes egiten saiatu ziren hainbat preso politiko. Hemeretzi atxilotu egin zituzten, eta horietatik hamasei fusilatu

Sarraskiko lau biktimaren senideak eta haien abokatuak Miamiko auzitegi baten aurrean. CECILIA VALDEZ.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
1972ko abuztuaren 15eko arratsaldeko zazpiak laurden gutxitan, duela 50 urte, Argentinako erakunde armatu nagusietako sei buruzagi auto batean sartu ziren Rawsongo (Chubut) segurtasun handiko espetxeko atarian, kanpotik tiro hotsak entzun eta gero atean zain geratua zen auto bakarrean. Gainerako ibilgailuek, gaizki-ulertu bat zela medio, alde egin zuten, inori itxaron gabe, nahiz eta 110 preso politiko garraiatzekoak ziren. Gerrillarien buruek Txilera ihes egin zuten hegazkinez —Salvador Allende zegoen agintean han—, baina kartzelatik ateratzea lortu zuten presoetatik hemeretzi atzeman egin zituzten, eta haietako hamasei fusilatu, handik astebetera, Trelewko sarraskia deiturikoan.

Alejandro Agustin Lanusseren diktadurapean gertatu zen, eta geroago 1976ko diktadurak ekarriko zuen guztiaren atarikoa izan zen. Sarraskiaren erantzule ia guztiei gizadiaren aurkako krimenak egotzi zizkieten epaiketetan (2012); ez, ordea, Roberto Bravo marineari, AEBetara ihes egitea lortu baitzuen, baina Floridako gorte batek zigortu egin zuen uztail hasieran, eta oraindik ebazteko dago haren estradizio eskaera.

IHESALDIA

Preso politikoek espetxea kontrolpean hartua zutela, eta Trelewko aireportura iristeko garraiobiderik gabe zeudela, hiru gerrillarik hegazkin komertzial bat hartu zuten: 130 bidaiarirentzako tokia zuen, eta Txilera iristeko erregai nahikoa. Kartzelan erabakia zuten taxiei deituz konpontzea arazoa, baina presoetako hemeretzik baino ez zuten lortu gerrillako buruen atzetik ihes egitea. Bidean, autoetako bat matxuratu, eta horrek motelarazi egin zituen gainerakoak: erabakigarria izan zen, horren ondorioz berandu iritsi baitziren aireportura, abioia aireratu eta minutu gutxira.

Hamalau gizonek eta bost emakumek kontrolpean hartu zuten aireportua. Handik minutu gutxira, itsas infanteriako batailoi bat iritsi zen, Luis Sosa korbeta kapitaina buru zuela. Setioak zenbait ordu iraun zuen. Bederatziak aldean, prentsaurreko bat egin zuten Maria Antonia Bergerrek, Mariano Pujadasek eta Pedro Bonetek, Indar Armatu Iraultzaileen (FAR), Montoneroen eta Langileen Alderdi Iraultzailea-Herriaren Armada Iraultzailearen (PRT-ERP) ordezkari gisa. Bonet amore emateko baldintzez aritu zen: «Godoy epailearen aurrean entregatuko dugu geure burua, gure segurtasun fisikoa bermatzeko». Ihes egindakoek exijitu zuten ez zitzatela eraman Almirante Zar basera, beldur baitziren hilko ote zituzten, eta Sosak hitzeman zien espetxera itzularaziko zituela. Ibilgailu militarrez inguratuta atera ziren aireportutik, Almirante Zar basera zuzen-zuzenean.

Basera iritsitakoan, ziegetan banatu zituzten. Lehen bi egunak lasaiak izan ziren, baina hilaren 17an, guardia lanetatik colimba izenekoak kendu —hala deitzen zitzaien nahitaezko soldaduska egiten ari zirenei—, eta haien ordez zenbait ofizialorde jarri zituzten, metrailadorez armatuak. Trataera ere aldatu egin zen. Ordu txikietan galdeketak egiten hasi zitzaizkien, eta garrasiak entzuten ziren Bravo tenientearen txandan. Hilaren 19ko arratsaldean, fusilamendu itxurak egin zituzten.

Azkenean, 22ko goizaldean, Sosa kapitaina eta Bravo tenientea sartu ziren, presoak korridorera atera zituzten, eta sarraskia egin zuten. Hemeretzi presoetatik hiru bizirik atera ziren (Maria Antonia Berger, Alberto Camps eta Ricardo Haidar). Korridorearen izkina batean, itsas armadako kide batek beste bati azaldu zion zein izango zen gertatutakoaren bertsio ofiziala ordutik aurrera: «Pujadasek heldu egin dizu, tiro bat irten da honantz, eta orduan haiek ihes egin nahi izan dute, eta tiroka hasi behar izan dugu».

Espero bezala, Estatu Nagusi Bateratuaren bertsio ofiziala zabaltzen hasi zen Buenos Airesen hurrengo egunean: «Txandako burua atxilotuen bizitokiak kontrolatzeko ibilbidea egiten ari zen, haiek korridorean zeudela, eta, izkina batera iritsi zenean, Mariano Pujadas gaizkile subertsiboak bizkarretik eraso zion, eta pistola metrailadorea kentzea lortu. Horretaz baliatuta, ihes egiten saiatu ziren. Txandako buruak askatzea lortu zuen; orduan, tiroka eraso zioten, eta zauritu. Hori ikusita, zaindariek ere suarekin erantzun zieten, presoak trumilka irteerarantz zihoazela, Pujadas buru...».

ABERRI FUSILATUA

Peronismoa zokoratuta egon zen 18 urtez (1955-73), eta Juan Peron, Madrilen presidente ohia erbesteratuta. Bitarte horretan, Hector Camporak hauteskundeak irabazi zituen haren izenean, eta presidentetzaren ardura hartu zuen, Peron 1973ko ekainean Argentinara itzuli zen arte.

Sarraskiaren ondorengo hilabete eta urteetan, gauza asko esan eta argitaratu ziren, baina lan bat funtsezkoa izan zen, inoiz ez bezala kontatu baitzuen Argentinako Patagonian goiz hotz-hotz hartan gertatutakoa: La patria fusilada liburua da lan hori, Francisco Paco Urondo idazle eta kazetariak idatzia. 140 orrialde ditu, eta elkarrizketa bat dakar, 1973ko maiatzaren 25ean Buenos Airesko Villa Devotoko kartzelan egindakoa. Elkarrizketa horretan, lau preso politikok —elkarrizketatzailea eta elkarrizketatuak— zer gertatu zen kontatu zuten. Maria Antonia Bergerrek, Alberto Miguel Campsek eta Ricardo Rene Haidarrek —ohartu gabe kartzelan zenbaterainoko euforia zegoen Camporak gobernu peronistaren ardura hartu zuelako eta iragarria zuelako preso politikoak laster aske utziko zituela— xehetasunez betetako testigantza bat eman zuten, eta zeharo suntsitu «ihes egiteko saialdiaren» bertsioa. Berger, Camps eta Haidarrek aktibismoan segitu zuten Rawsongo espetxean gertatutakoaren ondoren ere, eta Argentinako kartzelak goraino betetzen zituzten ehunka preso politikoen parte ziren orain. Elkarrizketan, ihesaldia gertakari politiko gisa ere aztertu zuten, eta azaldu nola erakunde armatuek, ekintza horren bitartez, erantzun bat eman nahi izan zioten Lanusse diktadoreari, hark aurrez eragotzi egin baitzuen Peronek 1973ko hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztea.

Fondo de Cultura Economica argitaletxeak aurten berrargitaratu du liburua, eta, aurreko berrargitalpenei bezala, urteen joanean azaldu den material berria gehitu dio oraingoari ere. «Liburua nolabait eguneratzen duten testu batzuk dakartza», esan du Daniel Riera editoreak. Bere garaian, gertatutakoaren berri ematea eta justizia lortzeko presio politikoa egitea zen Rieraren liburuaren helburua: «Justiziarena ia egina dago, baina ondo legoke Bravo estraditatzea eta hark epaiketa penal bat izatea».

Bai testu hori eta bai Rodolfo Walshen Operación masacre liburua testigantza historiko oso garrantzitsuak dira, eta Argentinako kazetaritzaren maisulanak; biek salatzen dituzte hainbat militanteren fusilamendu baldarki kamuflatuak, eta txikitu egiten dituzte diktadurek beren krimenak estaltzeko asmatutako bertsioak. Edizio berriak, gainera, Urondori egindako elkarrizketa bat ere badakar, non galdetzen zaion nola egin zen kartzelako elkarrizketa hura. Urondok dioenez, kartzelatik atera aurreko egoerak modua eman zuen espetxea hartzeko eta, hala, presoek harremana izateko euren artean: haren esanetan, horri esker egin ahal izan zen elkarrizketa. Ziega batean itxi ziren 21:00etatik 04:00ak arte, gainerako presoek irteera antolatu eta ospatzen zuten bitartean. «Geroago jakin nuen kanpoan zeuden kideak bilkura hori babesten ari zirela», kontatu du Urondok.

Rierak nabarmendu du zein delikatua izan zen elkarrizketa egiteko egoera, eta nola elkarrizketatuak babesteaz hitz egiten duen Urondok. «Interesgarria iruditzen zait, kazetariak jarrera jakin bat hartzen duelako. Gaur egun, kazetaritza militantearen ideia guztiz deabruturik dagoen honetan, garrantzitsua da ideia hori berreskuratzea: kazetaritza gizartea eraldatzeko tresna bat dela, eta kazetaria, pertsona bat, ez informazioa erreproduzitzen duen automata bat».

Urondok ohartarazi du ia ez zuela esku hartu ez zelako behar izan, elkarri lagunduz lotu zitzaizkiola hirurak eta hirurak elkarrizketari, argitasun eta hunkiberatasun handiko giro batean, eta neurriz eta orekaz jorratu zutela gaia. Eta hau gaineratu du: «Haien kontakizunak badu lehortasun edo neurritasun hori, indibidualak ez baizik kolektiboak diren tragediek daukaten hori».

EPAIKETAK

2012an, fusilamenduen bultzatzaileak, Sosa tartean, bizi guztiko kartzela zigorrera kondenatu zituen Comodoro Rivadaviako Ahozko Epaiketen Auzitegi Federalak, eta gizadiaren aurkako delitutzat jo zuen Trelewko sarraskia. Sosa 2016an hil zen, etxean, etxeko kartzelaldiari esker.

Sarraskiaren ondoren, armadak babestu egin zituen bere kide fusilatzaileak. Bravo agregatu militar izendatu zuten, Argentinak Washingtonen duen enbaxadakoa. 1973ko maiatzaren 15ean iritsi zen hara, Camporak kargua hartu baino hamar egun lehenago. 1979an, itsas armadatik kanpo utzi zuten. Ordurako, Bravok harreman estuak zituen AEBetako indarrekin, eta haiekin negozioak egiten hasia zen. 1987rako, AEBetako herritarra zen. Bravo inpunitate ezin erosoagoan bizi izan zen 50 urtez. Orain dela hilabete arte behintzat; izan ere, sarraskiko lau biktimaren senide batzuek aurrera eramandako epaiketa zibil bati esker, Floridako (AEB) gorte federal batek sarraskiaren erruduntzat jo du.

Bi aldeen kalkuluen arabera, Bravok —zeina harro azaldu baitzen bere ardurapeko presoen aurka kargagailua hustu izanaz— 27 milioi dolar inguru pagatu beharko ditu bere krimenen kalte ordainetan. «Epaiketa hau zibila da; zigor epaiketarik ezin zaio egin AEBetan, eta horregatik eskatu dugu estradizioa», adierazi du Lege Ikasketen eta Ikasketa Sozialen Zentroko abokatu Sol Hourcadek, familia demandatzaileei laguntzen aritu baita. «Legearen arabera, exekuzio estrajudizialen biktimek, senideek alegia, edo torturen biktimek kalte ordainak eska ditzakete, hala erantzuleek kontu eman dezaten beste herrialde batean egin dituzten krimenen inguruan». Epaimahaiak ebatzi zuen erruduna zela; ez zuen sinistu hark bere burua defendatzeko emandako bertsioa. «Edonola ere, familien asmoa ez zen ordain ekonomiko bat jasotzea, baizik justizia lortzea».

Estradizio prozesua aurrera doa, eta epaileak horren inguruan ebaztea falta da. «2012ko epaiketan sententzia berretsi eta gero, eta kontuan hartuta gizadiaren aurkako delituen epaiketetan zenbateko froga karga izaten den, berriz eskatu zuten Bravo estraditatzea, eta espero dugu oraingoan onartzea, 2010ean lehen aldiz eskatu zenean baino askoz froga gehiago baitaude».

1976ko kolpearen ondoren, bai Berger eta bai Camps eta Haidar bahitu egin zituzten, hil, eta desagerrarazi. Berger armadako talde batek atzeman zuen, 1979ko urrian, eta haren gorpua sari gisa jarri zuten ikusgai Esman (Armadaren Mekanika Eskolan). Urondo Mendozan hil zuten, 1976ko ekainaren 17an. «Urondorentzat, ez zen amildegirik izan esperientziaren eta poesiaren artean. 'Arma bati heldu nion hitz justuaren bila nabilelako', esan zuen noizbait», idatzi zuen Juan Gelmanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.