Turismoa. Donostiaren egoera
Turismoak gainezka egin al du Donostian?
Abuztuan Donostiako hoteletan ia %20 bidaiari gehiago izan dira pandemia aurreko 2019ko abuztuan baino. Eztabaida piztu da hiria saturatuta ote dagoen hotelen eta turisten aldetik.

Gipuzkoako hiriburuan hizpide eta maiz eztabaidagai izan da uda honetan, eta ez soilik hiri barruko auto ilarengatik. Donostiako zenbait zona lepo bete dira turistaz. Bisitari kopuru handiak ez dira berriak historikoki turismora begira egon den hirian. Baina noiz da gehiegi?
Eneko Goia alkateak ere abuztu bukaeran aitortu zuen hiriak bisitariekin jasaten duen «presioa», baina, haren arabera, presio horren iturburua berez ez dago hiriko hoteletako turistetan, baizik eta haiei gehitzen zaizkien «eguneko bisitarietan». Goiaren ustez, «bereizi egin behar dira hirian ostatu hartzen duen turismoaren fenomenoa eta bisitarien fenomenoa», eta horren erakusgarri litzateke hiriko aparkalekuak nola bete diren udako egun guztietan.
Baina hotel kopuruarekin arazoren bat dagoen seinale da Donostiako Udalak abian jartzekoa duen azterketa, zeinekin identifikatu nahi dituen hotelez saturatuta dauden auzoak, eta, horren arabera, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aldaketak egin.
Aldaketa horiekin, udalak aukera gehiago izango lituzke hotel berrietarako baimenak ukatzeko. Orain arte, establezimenduen neurrigabeko ugaltzea gelditzeko modu ofizial bakarra izan du: etxebizitzarako bizitegi erabilera duten zoruei «interes publikoa» ukatzea, hain zuzen Plan Orokorrean egindako aldaketa batek ahalbidetuta.
Baina hirugarren sektoreko erabilera duten zoruekin ezin du gauza bera egin, oraingoz. Egungo araudiaren arabera, halako zoruak hotelgintzarako erabili nahi dituzten sustatzaileei ezin zaie lizentziarik ukatu.
Plan Orokorreko aldaketak modua emango lioke halako lizentziei baimena ez emateko. Beraz, Donostiako Udalak «interes publikoko» izaera ukatu ahalko lioke bi proiektu esanguratsuri: besteak beste, Gros auzoan Maria Inmaculada komentua hotel bihurtu nahi duen egitasmoari; eta Jose Elosegi hiribidean dagoen Hermano Garate zahar etxearen lurretan eraiki nahi duten hotelari.
Azterketaren zain, datuek erakusten dute Donostian zenbat handitu den hotelen eskaintza. Joan den hilabetean Donostian %38 leku gehiago eskaini dira hoteletan Europako kultur hiriburu izan zeneko 2016ko abuztuan baino. Turismoan bereziki ona izan zen 2019ko abuztuan baino %18 leku gehiago.
Bidaiari kopuruari dagokionez ere, pandemia aurreko 2019ko abuztuan baino %20 bidaiari gehiagok hartu dute ostatu hiriko hoteletan.
Hotel gehiegi dauden eztabaida, gainera, ez da mugatu hiriko erdigune ondoetara. Antigua auzoan, bizilagunek auzitara eraman dute Arriola pasealekuko etxebizitza eraikin bateko behealdean 220 oheko aterpe bat egiteko proiektua, eta udalak berak behin-behinean obra handietarako baimena ukatu dio.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.