Jens Spahn

Kontserbadore gazte ahoberoa

H. JEON / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Inkesten arabera, Angela Merkelen ordezkoa izateko aukera gutxien dituena da Jens Spahn (Ahaus-Ottenstein, 1980). Hiru hautagaien artean gazteena da, baita SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratan errezelo gehien eragiten dituena ere: bai ahobero jokatzeko erakutsi duen joeragatik, baita bere ideia kontserbadoreengatik ere.

Artean nerabea zela hasi zen CDU Batasun Kristau-Demokratan militatzen. Zientzia Politikoak ikasi zituen, eta 2002rako parlamentaria zen Bundestagean. Hizlari ona da, gaztea izateko eskarmentuduna, eta, horrenbestez, Osasun ministroa izatea eskaini zion Merkelek 2015ean. Kargu horretan jarraitzen du.

Heldu zion ardura horri, eta bere jardunean egindakoengatik baino gehiago kantzilerra kritikatzeagatik nabarmendu da. Spahnek ez ditu gustuko Merkelek errefuxiatuei dagokienean hartu izan dituen erabakiak, eta horri buruz jendeaurrean mintzatu izan da. Modu horretan jokatu izan badu ere, Merkelek ez dio kargu hartu, jakinik bozkatzaile kontserbadore gazteak erakar ditzakeela Spahnek.

Arlo ekonomikoan liberal sutsua da, eta horren berri argiro mintzo ohi da sare sozialetan. Sebastian Kurz Austriako kantziler kontserbadorearen laguna da—Kurz gobernuan dago eskuin muturraren babesari esker—, eta hark bezala etorkinak ez ditu gustuko. Berlingo pub-etan alemanez ez zekiten zerbitzariekin topo egin duenean, haien kontra egin izan du sare sozialetan.

Homosexuala da, eta sexu berekoen ezkontzak legeztatzeko proiektua aurkeztu zuen 2012an—orain legeztatuta daude—, bere alderdiaren iritziari aurre eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.